Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sexfalla gauak Suedian: Wikileaks-eko Assange-ren kontrako salaketak

Sustatu
2010-12-09 11:12

Honako kontakizunaren muina Daily Mail egunkariak argitaratutako kronika hau da, egunez eguneko kronologia batean emana. Lau salaketa zehatzen deskribapena AFP agentziak emandako albiste batekoak dira. Bi emakumezkoen izenak sekretupean gordetzekoak dira, eta horregatik Agnetta eta Berta deituko diegu hemen.

Abuztuak 11. Julian Assange Suediara iritsi zen, Suediako alderdi sozial-demokrataren adar kristau batek, Broderskapsrörelsen delakoak, gonbidatuta. Hitzaldia eman behar zuen 14an Estokolmon. Elkarte horretako emakumezko batek (Agnetta deituko diogu) logistikan lagundu zion Assangeri, eta etxean tokia eskaini ere bai, aldez aurretik e-postaz eta telefonoz izandako kontaktuetan. Agnettaren arabera, etxean bera bakarrik egongo zen 14a arte, hitzaldiaren egunera arte kanpoan egotekoa baitzen.

Abuztuak 13. Agnetta lehenago iritsi zen bere etxera. Assange bertan topatu, eta gera zitekeela erabaki zuten. Elkarrekin afaldu zuten kanpoan, eta gero, etxean, maitasuna egin zuten. Txortan ari zirela, kondoia puskatu zen, eta horren inguruan eztabaidatu omen zuten.

Abuztuak 14, goizez. Assangeren hitzaldia mintegi batean. Beste emakume bat agertu zen bertab, lehen ilaran, Berta esango diogu. Elkarrekin bazkaldu zuten, zinera joan ere bai, eta ligatu edo. Baina arratsaldez, Berta bere bizilekura joan zen trenez (Enkoping herrira, Estokolmotik gertu), eta Assange, Agnettaren etxera.

Abuztuak 14, iluntzean. Agnettaren etxean, jaia, Assangeren omenez, zenbait gonbidatu eta giro ona, nonbait. Bezperako kondoi apurkegatatik giro txarra bazegoen, ez dirudi hori jaia kantzelatzeko motiboa izan zenik. Jaitik bertatik Bertari deitu zion Assangek.

Abuztuak 16. Berta eta Assange berriz elkartzen dira, Enkoping-en. Herrira bidaia Bertak ordaintzen dio Assangeri, ez baitu diru solterik, eta kreditu txartelik ez du erabili nahi. Gauez maitasuna egin zuten, kondoiarekin.

Abuztuak 17, goizean goiz. Enkoping-eko Bertaren etxean, sexua berriro, baina Berta lotan zela hasi omen zen Assange, eta kondoirik gabe oraingoan, eta horren abisurik eman gabe, edo Bertak eskatu arren kondoia erabiltzeke, behintzat. Gero elkarrekin joan ziren gosaltzera, eta Estokolmora itzuli zen Assange, berriz ere Bertak ordainduta.

Abuztuak 17, egunean zehar. Egun honetan bertan, nolabait, kontaktuan jarri ziren Agnetta eta Berta, eta biekin babesik gabeko sexua izan zuela Assangek jakin zuten. Agnettak dio etxea uzteko eskatu ziola egun honetan Assangeri, eta honek uko egin ziola. Assangek dio hiru egunen buruan uzteko eskatu ziola, abuztuaren 20an alegia.

Abuztuak 18. Daily Mail-eko kontaeran ez dago egun honi buruzko detailerik, baina Londresen Suediako fiskaltzaren eskariz aurkeztutako karguen arabera, Agnetta "sexualki molestatu" zuen Assangek egun honetan, bere "integritate sexuala bortxatzeko" modu batean.

Abuztuak 20. Bi emakumeek elkarrekin salaketa jarri zuten Estokolmoko polizia etxe batean. Fiskal bati (Maria Kjellstand) jakinarazi zitzaion kontua, eta honek bortxaketa zantzuak izan zitezkeela erabaki zuen.

Abuztuak 21. Assange galdekatzen saiatu zen polizia, baina ez zuten aurkitu. Kasua nonbait beste fiskal baten eskuetara iritsi zen egun honetan (Eva Finne) eta honek salaketa indargabetu zuen, bortxaketarik ez zela izan erabakita.

Abuztuak 22. Prentsan agertu zen kontua lehen aldiz.

Abuztuak 30. Assange galdekatu zuen Poliziak,

Irailak 1. Kasua berriro ireki zen, bi emakumeen abokatuak egindako eskaerari baiezkoa eman baitzion beste fiskal batek, Marianne Ny-k.

Salaketako karguak, azkenean, lau dira, hiru Agnettarenak, bat Bertarena:

  • Lehen kargua, Agnettaren gainean bere gorputzaren pisua erabili zuela Assangek, haren gainean sexualki eragin ahal izateko.-
  • Bigarren kargua, sexualki molestatu zuela Agnetta, harekin kondoirik gabe sexua izateagatik, Agnettak espreski eskatu zuen arren bat erabili beharra zegoela.
  • Hirugarren kargua, abuztuaren 18ari dagokio: Agnetta "sexualki molestatu" zuela Assangek egun honetan, bere "integritate sexuala bortxatzeko."
  • Laugarren kargua, Bertak jarritakoa, kondoirik gabe bera lotan zegoela sexua izan zuela berarekin Assangek.

Kargu hauetan oinarritutako salaketa, Interpolen bidez iritsi zen Erresuma Batura atxilotzeko eta estraditatzeko agindu gisa, bertan baitago orain Assange, Cablegate filtrazioaren kontuak zuzentzen. Duela egun batzuk, bertako epaitegi batean agertu da Assange, eta fiantza onartu barik, kartzelara bidali dute epaileek.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu