Teknologia albisteak

Euskararen Eguna abenduak 3an bakarrik?

Erabiltzailearen aurpegia
LAB SINDIKATUA
2010-12-02 : 12:12

Azken urteotan hainbat ikerketa eta ebaluazio egin dira ikastetxeetan ikastereduen emaitzak aztertzeko. Eta horietan guztietan agerian geratu da egungo hizkuntz ereduen sistemak ez duela euskalduntzen. Horregatik, hezkuntza arloko eta euskalduntze arloko eragileak, eta euskal jendartea oro har, aspaldidanik ari dira eskatzen ereduen sistema gainditzea eta euskalduntzea bermatuko duen metodologia edo sistema ezartzea gure eskoletan (ikasle euskaldun eleanitzak bermatuko dituena).

Azken azterketa Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Sailak egindakoa dugu ikastetxe publiko eta kontzertatuetako 37.000 ikasleren artean, LHko laugarren eta DBHko bigarren mailetan. Bertatik hainbat ondorio esanguratsu eta larri atera daitezke gainbegiratu azkar batean. Maila kaxkarrenari begiratzen badiogu, ikus dezakegu lehen hezkuntzan %27,1ak ez duela “hasierako maila” gainditzen, eta bigarren hezkuntzan % 33,5ak; D ereduan bertan, DBHn %22,5ak “hasierako maila” dauka, A ereduan berriz, hamarretik zortzi ikaslek ez du euskararen nahikoa ezagutzarik. Hizkuntzaren “maila aurreratuari” begiratzen badiogu, ikus dezakegu LHn % 29,2k ematen duela maila hori, eta DBHn soilik %24,1.

Isabel Celaa anderearen ustez, emaitza hauek 2009koekiko hobekuntza adierazten dute, baina agerraldian adierazi zuenez, eskolak ezin du izan euskararen ezagutza bermatzeko tresna bakarra, eta beste hainbat faktorek ere eragiten dute. Azterketaren datuak larritzekoak badira ere, are larriagoak dira Hezkuntza Sailburuaren baieztapenen azpian sumatzen dena. Celaa anderea batetik adierazten ari zaigu bere Gobernuaren eta Sailaren helburua, kasurik onenean, soilik dela euskararen azaleko ezagutza, ez erabilera, ikastetxeen euskalduntze osoa, edota euskararen normalkuntza osoa. Bestelako helbururik balu, benetako egitasmoa landuko luke Hezkuntza Sistema euskalduntzeko: ereduen sistemaren ordez murgiltze metodologia, eskola komunitateak euskalduntzeko planak (lanpostuen perfilak euskaldunduz, euskararen kalitatea zainduz…), euskalduntzearen gainean eraikitako eleaniztasuna bultzatu, benetako ebaluazioak burutu Europa mailako portafolioaren irizpideen arabera, honela maila zehatzak erabili eta neurri zuzentzaileak aplikatu ahal izateko… Bestetik, aitortzen ari zaigu begi bistakoa dena eta aspaldi salatzen ari garena, alegia, eskolak gaur egun antolatuta dagoen moduan ezin duela bermatu ikasleen euskalduntzea. Guk baieztapen horrekin bat egiten dugu. Baina larriena dena da, horren jakitun izanda, ezer ez egitea administrazioko sail ezberdinak eta jendarte eragileak elkarlanean jartzeko normalkuntza plan zabal eraginkor batean.

Hezkuntza Sailaren azterketa hau Euskararen Eguna gertu dugunean ezagutu dugu, eta honek aukera ematen digu azken hausnarketa hauek egiteko. Batetik, eskubideak ditugu (herri baten eskubidea bere hezkuntza sistema antolatzeko bere kultura eta hizkuntzaren transmisio eta garapena ziurtatuz; eta herritarren eskubideak, legeetan jasoak, euskaren ezagutza bermatua izateko). Bestetik, betebeharrak (administrazioen obligazioak bermatzeko euskalduntzen duen sistema, besteak beste). Eta azkenik, egin beharrak (euskaldunok geure eskubideak bermatuak izateko, administrazioekin bat eginda, edo ez egunero geure esparruan egin beharreko).

Euskararen eguna izan dadila, jendarteko beste esparruetan bezalaxe, eskoletan ere euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko eguna, administrazioen jarrera salatzeko eta administrazioak behartzeko eguna, eta eskola komunitate osoa (ikasle, langile irakasle zein ez irakasle eta guraso) elkarrekin lanean jartzeko eguna. Hurrengo 364 egunak bezalaxe.

Erantzun

Sartu