Sustatu logoa Teknologia albisteak

Dress code euskaldunak, Euskadi Sarietan adibidez

Elena Laka
2010-11-24 10:11

Herri honetan badakigu zer jantzi jendaurrean agertzeko. Alegia, euskaldunok ere badaukagula gure dress code propioa plazan agertzeko orduan. Baita euskal idazleak Euskadi Sarietan ere, moda eta modu jakin bati jarraituz.

Bai, badakigu publikoki janzten. Badakigu, adibidez, errepresioaren berri emateko prentsaurreko batean mendiko janzkerak ez duela gaizki ematen, edo gizon politikariekin igande batean elkartuta, alkandora hutsa dela araua. Badakigu baita ere ezin dela janzki kode bera aplikatu Donostian edo Bilbon. Eta baita ere jendaurrean agertzeko orduan, iparraldeko euskaldunek eta hegoaldekoek koloreetan joera desberdinak izan ditzaketela.

Adibideak:

Donostia vs. Bilbo

 
Jatorria: Paisvasco-Informacio.com / Yahoo Noticias / EP

Iparraldeko koloreak vs. Hegoaldeko koloreak


Promoziokoa: Bertsozale Elkartea

Euskaldunok jendaurreko janzkera kode propioaren jabe izanda, itxura anitza eta desberdina ere izan dezakegu. Horrela bakarrik azaldu daiteke Euskadi Sarietan ikusi genuen janzkeren eta irudien aniztasuna, edo hobe esanda, janzki norberetasuna.

Sariak banatzeko ekitaldian oholtzaratu ziren bederatzi lagunen artean, agintari eta saritu, ez zegoen inongo janzki kidetasunik. Bakoitzak bere estiloa aukeratu zuen, oso pentsatua ziur asko, ez da bat alperrik Euskadiko ordezkari, ez du batek alperrik sari bat egunero jasotzen.


Argazkiak.org | Euskadi Sariak 2010 © cc-by-sa: Irekia / Eusko Jaurlaritza | Handiago hemen

Zalantzarik ez, agertokian azaldutakoek ekitaldirako propio aukeratu zuten janzkiaren bitartez eurei eta ekitaldiari buruz zerbait adierazi nahi izan zuten (parentesi artean, argazkiko kokapen postua, ezkerretik kontatzen hasita):

  • Patxi Lopez (5): irudi hiper instituzionala, traje urdina iluna, gorbata urdin iluna, beste behin ere etxeko marka bihurtzen ari denarekin: gorbataren lotura ez-perfektua, gorbata erdiratu gabea.
  • Blanca Urgell (4): irakaskuntza mundutik, letra fakultatetik datorren irudi instituzionala, jaka baztertuta, artilezko txaketak etxekotuta.
  • Miguel Sánchez-Ostiz (9): okasioetako traje iluna eta gorbata gorria, trajea erabiltzeko ohitura dutenen solturarekin eramanda.
  • Jesus Mari Mendizabal Bizargorri (8): txaleko klasikoa, euskal jaun tradiziyodunaren dotoreziya, azkenaldian Natxo de Feliperi baino ikusten ez geniona.
  • Joxe Azurmendiren ordez (7) saria jaso zuena (barka izenik ez jakitea): herria.
  • Patxi Zubizarreta (6): jaka amerikarrarekin konbinatutako alkandora ilunak ematen duten itxura moderno katalan erakoa .Dotorea, ez formalegia.
  • Jokin Mitxelena (3): zeremoniara zeremonietara joan behar den moduan. Bizitzan noizen behin gertatzen diren ospakizunetarako jantzita, disdiratsu, dotoretasuna modernotasunarekin uztartuz.
  • Jose Fernández de la Sota (2): Bilbokoa estilo klasikoa, aldi berean klasiko eta erabilgarri. Traje piezak gero ere banaka erabil daitezke: prakak beste kazadora batekin, jaka baita praka bakeroekin ere, eta oinetakoak, ia erropa guztiarekin.
  • Fermin Etxegoien (1): ez gorbatarik, ez jakarik, ez txalekorik, eta kolore puntua jarrita. Alkandora hutsa eta gorria. Eta nabarmen zimurtua, prakak bezala. Pentsa zitekeen sari banaketak lanean harrapatu zuela, eta azken unean soilik ez zela akordatu saria jasotzera joan behar zuenik. Bere itxurari erreparatzerakoan, ikuslea Elias Aldasoro Autokarabanako protagonistaz oroitu zen. Hobe esanda, protagonistaren amaren irudia etorri zitzaion burura: Oñati nobleko señora, etxeko pago-egurrezko altzaridun jangelan eserita, atsekabetuta, altzoan daukan Fagor kooperatiban fabrikatutako lisaburdina ferekatzen. Bitartean, Irantzu neskalaguna, euskara teknikaria, bazter batetik irribarre egiten.


Argazkiak.org | Fermin Etxegoien © cc-by: Irekia / Eusko Jaurlaritza

Zorionak saritu guztiei!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu