Sustatu logoa Teknologia albisteak

Oteizaren eskultura Tolosako Babarrun Azokan "integratua"

Iñaki Olano
2010-11-22 09:11

Tolosako Triangelu Plazan dago Oteizaren Atauts burdinazko eskultura handia (1994). Espraiz eginiko pintada politikoak izan ditu... duela aste batzu "Chupitos 2x1" karteltxoak ere jarri zizkioten tabernariek zelloz itsatsita... auskalo zenbat halako 16 urtetan; badut errezeloa aste pare batean ikusitakoa anekddota hutsa dela. Kaleko eskulturen gutxieneko duintasun baldintzak, bapateko nire zalantza.


Argazkiak.org | oteiza tolosan 03 © cc-by-sa: axiomaxio

Geroztik ordea papertxo hoiek norbaitek kendu zituen, pintadaren aztarnak oraindik ere burdin herdoilduan estanpaturik diraute... eta hara non, Babarruna Astea dela eta Plazan dauden metro karratu oparoen artean juxtu-juxtu "Atauts"en ingurukoak hautatu dituzten karpa zuri handi bat jartzeko.

Eskultura orain karparen aldamio eta toldoen artean primeran "integraturik" dago, benetan artelana gizarteratzeko hirigintza ariketa txalogarria. Hurrengoan ez dakit gaztainak erretzeko txabola gisa erabiliko duten, edo rokodromo gisa, edo urinario...

Oteizaren "Atauts", Tolosan from max ax on Vimeo.

Ez naiz artea sakralizatzearen aldekoa baina antzeko kasuak oroituz (Chillida eta Marrodan Gasteizen, Isozaki-Calatrava Bilbon, udal eta foru-erakusketa zetsuratuak nonnahi) eta Jorge Oteiza nolakoa zen jakinda, Orioko artista Tolosako Triangelu plazan panorama honen aurrean sutan imaginatzen dut. Ala Babarrun Asteak bere artelanarekiko izan duen konfiantza "xano" arekin konforme akaso?

Inork imaginatzen al du Jeff Koons.en aurpegia Guggenheim.eko "Puppy" Garagardo Festa bateko karpa artean itota ikusiko balu, edo Chillidarena Donostiako Haizeorrazia hondartza-txiringitoz josiko bagenu?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu