Teknologia albisteak
2

First we take Manhattan? Euskaldunak, bizi-maila eta proposamen batzuk

Erabiltzailearen aurpegia
Petra Elser
2010-10-27 : 10:10

Duela gutxi, Facebookeko orrialde batean bat egiten ikusi nituen lagun batzuk: “Gutxitutako hizkuntza mintzatzen dut eta harro nago.” “Atsegin dut” botoia sakatu ala ez pentsatzen nuen bitartean, gauza batez konturatu nintzen. Euskara kanpoan ikasi dut, eta heldua nintzelarik etorri nintzen hona bizitzea; hori pribilegio handia izan zen niretzat. Nik ere “gutxitutako hizkuntza” termino tekniko bezala erabiltzen dudan arren, euskara ez dut gutxitutako hizkuntza moduan sentitzen, alderantziz baizik.

Euskal Herrira etorri eta gero, euskara izan da nire bizitzako hizkuntza. Etxean, kalean, lanean, kultura kontsumoan, bankuan, aseguru eta telefonia konpainian (nahiz eta besteak baino garestiago izan), ohean, lagun artean, eta abar. Beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen ditut, batzuetan nahita, lagun edo profesional jakin batzuekin, beste batzuetan behartuta, erdalgunetan edo medikuarenean. Hala ere, fenomeno marjinalak dira, nire eguneroko bizitzan eragin handirik ez dutenak.

Dena den, joan den neguan, lehenengo aldiz, gaztelania hutsean funtzionatzen duen enpresa batean egin nuen lan, eta niretzat ezusteko handia izan zen euskaldunek gaztelaniazko lan munduaren aurrean duten onarpena deskubritzea.

Gaur egun, berriro euskaraz egiten dut lan, baina nahiz eta egoera pertsonala aldatu edo hobetu, erronkak berdina izaten jarraitzen du, hau da: euskara bizitzako hizkuntza izatea, eta ez leku jakin batzuetan bilatu edo borrokatu beharrekoa.

Hala ere, hori horrela sentitzeko edo gauzatzeko, nire ustez, funtsezkoa da euskal gizarte baten ikuspegi osoa edukitzea, edo, nahi izanez gero, benetako elebitasunaren ikuspegia; bestela, irudikapenik gabe, ez dugu helbururik ikusten, ezta harantz eraman gaitzakeen pauso zehatzik ere.

Baina iruditzen zait euskaldun gehienek ez dutela euskal gizarte orokorraren ikuspegirik. Euskaldun gehienek euskara “arlo” bat bezala, bakoitzak berea bezala ikusten dute: zerbait pertsonala, lagun batzuekin, edo leku batzuetan egiten dena; lanerako bete behar den profila; aldarrikapen politikoaren zatia; defendatu behar den eskubidea; kultura eta tradizioaren altxorra; nortasunaren ezaugarria, euskaldun egiten gaituena eta gauza asko gehiago.... Baina gutxitan euskaraz bizi den gizarte oso baten ikuspegiaren barnean.

Hala ere, gaur egun euskaraz bizi den gizartea, euskal hiztunen elkartea, komunitate garatua da eta gizarte osoaren ezaugarri asko ditu. Eta batez ere, ekonomikoki aberatsa eta ikasketa mailan oso ondo prestatutako komunitatea da, batez ere 40 urtetik beherako belaunaldietan. Euskal elite berri-berria dugu, aurrekoarekin zerikusirik ez duena: laikoa, sexuen parekotasunean orekatua, ipar-mendebaldeko balioetan hezia (Manhattanera edo Berlinera begiratzen duena, Madrilera baino gehiago), eleanitza eta nazioartean esperientziaduna, hainbat master eta tituluren jabea, eta enpresetan, unibertsitatetan eta instituzio publikoetan lanpostu garrantzitsuak dauzkana.

Baina elite edo klase erdi altu horien parte ez izan arren, euskaraz bizi den gehiengoa klase ertainekoa da, edo ekonomikoki segurtasunean bizi den langile klasea: lanpostu finkoduna, pisu edo lur zati baten jabea, etxean bi soldata dauzkana, langabezian edo kreditua eskatzeko unean familiaren babes ekonomikoa duena, oporrak eta kotxe bat edo bi.

Aldiz, segurtasun ekonomikorik gabeko klase baztertuetan, lanerako adina duten pertsonen artean, hizkuntza nagusia gaztelania da, edo, etorkinen eraginez, munduko beste hainbat hizkuntza.

Baina paradoxa bat gertatzen da: euskaldunok bizi dugun segurtasun ekonomiko eta oparotasun honek, ez du, hizkuntza mailan, jarraitzeko moduko adibide bat sortzen. Bi arrazoirengatik, nire ustez: bat, gure hiztun komunitatean sortzen den nortasun-irudi publikoa biktimarena eta bigarren mailako herritarrena delako; eta bi, euskararekin diru-sarrera bat lortzeko oso maila baldintzatu batera iritsi behar delako.

Ikasketa maila urria edota batere gabeko pertsonentzat, lanbide-gizarteratzea behar dutenentzat, etorkinentzat, giza baztertze arriskuan daudenentzat, euskaraz existitzen den eskaintza zerotik hurbilekoa baita.

Euskarak eta euskal gizarteak azken hogeita hamar urteotan izan duen bilakaeran, aurrerapen prozesuan eta lorpen guztietan, ziur asko eragin handia izan du, eta bide egokia zen, lehentasuna erdi eta goi-mailako klasetan jartzeak: hezkuntzan, kulturan, aisialdian eta ekonomian. Geografikoki bizi garen lekuan eta munduko ekonomia sistema kontuan hartuz, klase horiek gabe, zoritxarrez, hizkuntza komunitate batek ezin du bizirik iraun. Baina gaur egun euskal gizartea eta hiztun komunitatea ekonomikoki egokituta eta profesionalki prestatuta dago, eta garaia da euskal hiztunen komunitatea gizarteko beste sektore batzuei irekitzeko.

Garaia da, gaur eguneko elite berriak, maila ertainekoen eta segurtasun ekonomikoan bizi diren klaseen parte-hartzeekin, euskarazko gizarte-ekintza eraikitzeko, euskara eta lana eskaintzen duena, euskara lan ordainduaren bidez ikasteko aukera emango duena, euskara pertsona pobre eta baztertuentzat gizarteratze zubi izateko aukerak sortuko dituena. Gizarte-ekintza barneratzailea, elkartasuna eta berdintasunaren balioen gainean eraikitakoa, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko aukera klase pobreekin konpartituko duena.

Jatekorik ez duenak nekez parte hartzen du kulturako edo aisialdiko ekintza batean, gaur egun euskarazko eskaintza arruntenak direnak eta gutxi inporta zaio administrazioan zer hizkuntzatan hitz egiten zaion, berarentzat ez delako elebitasun hori. Zeren euskaraz hitz batzuk ikasi eta esango balu “Mesedez, jatekoa behar dut”, eta ez “Por favor, necesito comer”, estralurtar bat bezala begiratuko genioke. Gutaz barre egingo balu bezala. “Ez daukazu ezer, eta gainera euskaraz!”, edo “Hori ikasi duzu nire dirua lortzeko!”, pentsatuko genuke. Pertsona horrek berehala ulertuko luke, hemen, jateko, gaztelaniaz egin behar dela, eta bere mailan dagoen bati denak gaztelaniaz egingo diotela.

Euskal hiztunen komunitatea osatzen dugunok geure indar intelektual, ekonomiko, eta gizatiarrarekin eraiki behar ditugu giza ekintza horiek, ahal bada, hizkuntza politika lagun, baina ez ardura hartan abandonatuta. Guk geuk, geure balioengatik eta geure buruari ematen diogun nortasun irudiagatik, besteak beste, arduratu behar dugu euskara gizarte sektore guztietara iritsarazten eta euskara guztientzat bideragarri egiten.

Baina euskaldunok gutxituta sentitzen garen bitartean, beste hiztunen aurrean geure burua neurtzen dugun bitartean, ez dugu geure burua besteen parean ikusten eta biktima izango gara beti. Erosoago da akaso, gure gizarteak sortu duen “status quo” horretan bizitzea. Baina askoz interesgarriagoa eta aberatsagoa da gizakiarentzat, gizartearentzat, norberaren indarraz ohartzea eta elkartasuna bihurtzea indar horren euskarri. Garaia da, dagoen errealitatetik eta lortu dugun guztitik euskaraz bizitzeko aukera gizarte osorako irudikatzeko eta gizarte horren benetako eraikuntzan hurrengo pausoak emateko.

Euskaraz bizi naiz eta pozik nago. Atsegin dut.

Erantzunak

txerra
2010-10-29 : 20:23

Nire blogean erantzuna eman diot Petraren artikuluari.


Laura
2010-11-06 : 19:32

Altuago esan zitekeen, baina argiago ez. Bete-betean ematen duzu. Hausnarketarako abiapuntu polita.
Esteka sakatuta irakurri dut apirilean idatzi zenuena (ez nuen ezagutzen). Eta nire burua islatuta ikusi dut esaldi batean, neuk ere esan nizulako Durangon oker ez banago: "a, bai, horrela da, normala da lanean gaztelaniaz egin beharra!". Pentsatu dut etsipen hori ea nondik datorkigun edo zergatik onartzen dugun hain erraz, eta konturatu naiz zenbat alditan esaten diogun hori gure buruari astean zehar, egunean zehar... lehenik eta behin etxean bertan barneratu dugulako ezin izango genukeela familiarekin mintzatu euskara hutsean egingo bagenu. Amak ez du ulertzen norberak idatzitakoa; ahizpa-nebek ezin dute susmatu ere zer diozun irratian entzuten dizutenean. Auzokideen artean 22tik bik ulertzen dute. Gaztelania gure bigarren hizkuntza baino zerbait gehiago da. Euskara gure lehen hizkuntza izatea ez da naturalki sortu den zerbait, baizik eta kontzienteki egin dugun hautua. Beraz, badakigu hautu arriskutsua egiten duzunean paisaia ordaindu behar duzula. Eta pasaia da etengabe entzun behar izatea euskaraz "nahi duzulako" egiten duzula, berdin-berdin bizi baitzintezke gaztelania hutsean, besteek egin duten bezala. Eta ez dute kontzientziarik zerbait galtzen ari direnik.
Euskara "bizio pribatua" balitz bezala hartzen dugu sarritan, aukera eszentrikoa, kapritxoa... garestiagoa ateratzen zaigulako, lan handiagoa ematen digulako, baina klub selekto baterako sarrera ematen digu eta badakigu, jakin, nor ez dugun ikusiko klub horretan: batzuk ez dira sartuko anti direlako. Eta beste batzuk ez dira sartuko gu "selekto" ikusten gaituztelako... eta agian, konturatu gabe, geuk ere sentsazio hori ulertarazten diegu.
Egiatan gai interesgarria plazaratu duzu eta guztiz bat nator aipatzen dituzun soluziobideekin. Eroso bizi gara elitismoan! Arima burgesa dugu eta.
Danke schön, Petra!


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago