Teknologia albisteak

Joxe Azurmendiren Manifestu Atzetatuarekin hasiko da gaur Literatura Eskolaren 2010/11 ikasturtea

Erabiltzailearen aurpegia
Patxi Gaztelumendi, Zuzeu.com
2010-10-23 : 10:10

Joxe Azurmendiri bere garaian zentsuratutako poema honekin ekingo diogu Literatura Eskola 7. ikasturtea. Azurmendiren Manifestu atzeratua.

Panfleto bat idatzi nizun
kondenatu nahi banauzu
injustiziarik kometa ez dezazun.
(1968, Arantzazun.)

Bilbon, Nabarra aldizkariak errekaren ertzean duen lokalean da zita, Martzana kaia, 11, gaur larunbata 10.00etatik aurrera. Han elkartuko gara Manifestu atzeratua irakurtzera. Ulertzera. Atzeratua ei zen horren barrenean sartzeko asmoarekin. Bartzelonatik, bi gonbidatu berezi: Maria Colera eta Ibai Atutxa.

Literatura eskolako lagun dira Colera eta Atutxa, irakasle ari dira han, Bartzelonan, idazten dute, sortzen dute, asko irakurtzen dute, eta interpretatu. Eta hausnartu. Euskal Etxean ere aritzen dira, eta asteburua gure artean emango dute, beren beregi gugana etorrita. Manfiestu atzeratua irakurtzeko, testuinguruan kokatzeko, interpretatzeko… ahots goran. Literatura Eskola 7. ikasturtea
Eta Joxe Azurmendiri bere garaian zentsuratutako poema horrekin ekingo diogu ikasturte berriari. Bilbon, Nabarra aldizkariak errekaren ertzean duen lokalean. Kultura, letrek eta ideiek bat egiten duten bazter horretan. Ideia gehiago, manifestatzeko gogoa eta irakurtzen ikasten jarraitzeko grina piztuko den txokoan.

Literatura Eskola abiatu zenetik asko izan dira jorratu diren gai eta ideiak. Ugari hurbildutako lagunak, hizlariak, gaiak. Ekimen berriak sortu dira, eta zazpigarrenak ere -zenbaki berezia gurean, Ruperrek esan ohi duenez- ekarriko du berritik.

Bilboko ibilbideak Tolosan izango du jarraipena, eta Gasteizen, Ziburun, Oreretan, Durangon, Donostian, Iruñean edo beste edozein txokotan. Pantailatik edo aurrez aurre jarraitu dezakezue, paperean irakurrita edo taberna zulo bateko elkarrizketa amaigabean. 

2010 / 2011 egitaraua

  • Urriaren 23an Bilbon: Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua. Ibai Atutxa eta Maria Colera.
  • Azaroaren 6an Tolosan. Mikel Laboaren hizkuntzak. Leire Lopez Ziluaga eta Ibon Rodriguez.
  • Abenduaren 18an Oreretan: Samuel Beckett. Signifier? Nous, signifier! (Rire bref). Beñat Sarasola
  • Urtarrilaren 15ean Gasteizen: Nobela grafikoaz. Harkaitz Cano.
  • Otsailaren 19an Ziburun. Gartzelako literatura. Jose Luis Otamendi eta Mitxel Sarasketa.
  • Martxoaren 19an Donostian: Queer literaturaz. Iratxe Retolaza eta Ibon Egaña.
  • Apirilaren 16an Durangon: Punka eta literatura 80ko hamarkadan. Juan Luis Zabala.
  • Maiatzaren 21ean Iruñean: Xabier Leteren poesiagintza. Jose Angel Irigaray.
  • Ekainaren 3, 4 eta 5ean Larrabetzun: LITERATURIA.

Hau guztia esan ta gero
ez da faltako oraindik
ez dugula maite aberria
botako digunik. Aberriaren maitasuna 

(goizeko ordu bietan ari natzaizu idazten)
poltsikoan eramango balitz bezala.

Joxe Azurmendi

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Patxi Gaztelumendi / Zuzeu

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago