Utz dezagun une batez sail ofiziala, euskaldunontzat interes berezia duen film bat estreinatu baita zinemaldian, Zabaltegi atalean: Izarren argia, Saturrarango kartzelan 36ko gerraren ostean preso eduki zituzten emakumeei buruzko pelikula.
Gauza bitxia gertatu da aurten: urtetan ahanzturan galduta egon ondoren, bat-batean bi film egin dira Saturrarango espetxeari buruz, eta biak zinemaldi honetan aurkeztu: bata, Josu Martinez eta Txaber Larreategik egindako dokumentala, eskaintzen dutenean komentatuko duguna, eta bestea Mikel Ruedak zuzendutako fikzio lana, hemen aipatzera goazena.
Izarren argia iruzkintzean, ezinbestean datorkit burura aurten pantailaratu den beste ikus-entzunezko bat: Mugaldekoak, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok zuzenduriko tv-movie-a, II. Mundu-Gerran Frantzian eroritako pilotu aliatuak Espainiara pasatzen zituen Comète sareari buruzkoa, hainbat ezaugarri komun baitituzte batak eta besteak.
Hasteko, oroimen historikoa berreskuratzeko nahia; xelebrea bezain lazgarria da Franco hil eta gero 35 urte pasatu beharra gerra zibilaz hitz egin ahal izateko; dena dela, ez gara balorazio politikorik egiten hasiko; besterik gabe, konstatazioa egin dezagun, ondo dagoela geure iraganaz idaztea, filmatzea, kontatzea, modu batean eta bestean, ikuspegi batetik edo bestetik.
Horrez gain, aipatu bi proiektuek badute beste alderdi esanguratsu bat: berez beste hizkuntza batean gauzaturiko errealitateak azaldu arren (gaztelaniazkoak Saturrarango kasuan; frantsesez, ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz bizituak kontrabandoarenean), istorioa euskaraz kontatzea erabaki dela bi kasuetan. Errealismoaren kaltetan? Ez derrigorrez. Euskaldunei buruzko kontuak zeinahi erdaratan agertu izan dira lehen ere, eta edozein herrialdetako zinematografiaren aukera da bere hizkuntzan kontatu ahal izatea nonahiko istorioak.
Bestalde, eta kasu honetan Saturrarango espetxekoaz bakarrik ari naiz, pozgarria da emakumezko aktoreen luzimendurako film bat ikusi ahal izatea eta emakumeen ikuspuntua gailentzea gure historia hurbilaren pasarte bat kontatzerakoan.
Horraino, alderdi interesgarri eta pozgarriak. Filmaren atzeko gertaerak (moja presozainen krudelkeria zuria, umeen lapurreta bihozgabea, emakume gorrien kontrako zapalketa gupidagabea) zein gordinak izan ziren sumatzeko bidea ematen digu istorioak, baina filma bera motel samarra gertatzen da. Ez du akats nabarmenik, baina besaulkian iltzatuko zaituen erakarmenik ere ez. Gidoia, zuzendaritza eta muntaketa Mikel Ruedarenak dira, eta ez du gaitasun makala erakutsi bere lehen film luzea izateko; hurrengorako, agian polikixeago joatea komeniko zaio, ur handiegitan sartu gabe.
Eta gogoeta pertsonalago bat. Anakronismo materialak baino zailagoak dira detektatzen psikologikoak: nik ez dakit nola hitz egiten zuten orain dela 70 urteko emakumeek, baina gure amonak gogoan hartuta, sinesgaitzak gertatzen dira filmeko hainbat elkarrizketa, keinu eta erreakzio, Hollywood-etik edo Vicente Arandaren zinematik hurbilago diruditenak orduko andre errepublikarren izaeratik baino.
Nolanahi ere, ikustea merezi duen pelikula, ea euskarazko filmen sokak aurrera segitzen duen.
Erantzun
Sartu