Euskarara automatikoki itzulitako spam sofistikatua
Atzo, Unai Fernandez de Betoñok Google Translate euskarazko Wikipedian nola erabili izan duten aurkeztu zigun. Spam egiteko zeharkako modu bat alegia. Baina spamatzaileak are modu sofistikatuagoan ari dira G Translate euskaraz erabiltzen spam egiteko. Argia.com webgunean adibide bikaina azaldu da, etxegintzarekin lotutako spam-arekin.

Argazkiak.org | Spam automatikoa © cc-by-sa: sustatu
Sarean erreferentziak aurkitu izan ditugu, azken hilabeteotan, erabiltzaile euskaldunek botika eta abarrei lotutako spam tipikoa jaso dutela, edo blogetan agertu izan direla halakoak, itzultzaile automatikoen bidez euskara negargarrian emanak. Baina Argiako kasuan, gure aburuz, itzulpen zerbitzu automatikoaren erabilera bikoitza eta benetan landua ikusten da:
- Edukia detektatzeko erabili dute. Izan ere, Argia.com-en biktima bihurtu den orria, egiazki etxegintzako mailuguen inguruan idatzitako artikulu bat da.
- Spam mezuak itzultzeko erabili dute. Une honetan lau ikusi ditugu.
Lau erantzun... baina spamatzaile desberdinenak? Agian bat bakarra izan da robota, ez dakigu. Badaezpada, ez gara jarriko kontaktuan ematen dituzten e-posta helbide horiekin, beldurrik izan behar ez dugula esaten diguten arren:
Mesedez zaude pozik daude eta nahi izanez gero, gure eskaintza ekonomikoak, ez Gurekin harremanetan jarri behar duzu gure zerbitzu badu behar bezala Gurekin emateko honako informazio prozesua hasteko Zure Maileguak arabera. Mesedez bazara du lehenbailehen maileguaren interesa gaur E-mail gurekin posta elektronikoko helbide honetara:
Lander Arbelaitz Argiako kazetariari esker jakin genuen kasu bitxi honen berri. Spam mezuak ez borratzeko eskatu genion, halaber, teknologiaren erabilpenaren adibide bitxi hau ilustratzeko oso ondo datorrelako: eskerrik asko, Lander. Dena den, spam mezu horiek Argia.com-en artxiboetan betiko gordetzea ere ez zaizue agian onuragarria suertatuko, eta borratzen badituzue, artxiborako, testu eran zein irudian gorde dugu materiala.
Euskarazko Google Translate-rekin ari badira hau egiten, itzulpen makinaria alpha egoeran dela, eta milioi bat hiztun baino gutxiagoko hizkuntza batekin, zer ez da gertatzen ariko hortik zehar...
Erantzunak kargatzen...