Teknologia albisteak
1

Benetako izarrak Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
GAZTEZULO aldizkaria
2010-09-20 : 14:09

20:45ean zen iristekoa Donostiara Julia Roberts, Zinemaldian aurten espero den izarrik disdiratsuena. Ordu erdi bat atzeratu da, ordea. Eta hala, Kursaaleko kubo txikitik atera garenean, urrunean, Maria Kristina hotelaren atarian ikusi ditugu flashak, entzun ditugu oihuak. Ez dugu ordea bertaratzeko beharrik sentitu. Minutu gutxi batzuk lehenago, benetako izarren argia ikusi baitugu, sentitu baitugu. Barbara Goenagak, Klara Badiolak, Sara Cozarrek, erraietaraino hunkitu gaituzte. Eta Ana Moralesek negarra atera digu. "Ez negar egin. Gu oroitzea da egin behar duzuena. Ez gaitzazue ahaztu".

Julia Robertsek Donostia saria hartzerakoan jasoko du txalo zaparrada. Merezitakoa. Izarren Argia (Zabaltegi saileko zuzendari berrien ataleko filma) amaitu eta filma posible egin duen taldeak jaso duena, aldiz, hori baino gehiago izan da.

Sentimendua, errekonozimendua, besarkada beroa. Bost minutu, harrizko bihotza duen bakanen bat kenduta, gainontzekook malkoak lehortzeko baliatu ditugun bost minutu. Flashak itzali egiten dira, segunduan. Oihuak galdu, airean. Baina Ana Moralesekin, Saturrarango emakumeekin partekatu dugun momentua, hori betirako geratuko zaigu.

Ezin aipatu gabe utzi, film osteko solasaldian jazotakoa. Filmak Saturraranen kartzelaratutako emakumeen drama erakusten du, seme-alabak nola kendu zizkieten, nola jaso zituzten tratu txarrak, bortizkeria, umilazioa.


Mikel Rueda Izarren Argia filmeko zuzendaria, zenbait aktorerekin

Mikel Rueda zuzendariak esan duenez, beharrezkoa zen film hau egitea, Saturraranen gertatutakoa berriz gerta ez dadin, Ana Moralesek bizitakoa beste inork berriz bizi behar ez dezan. Urteak pasa dira, baina ikusleon artean zegoen ama batek gogoratu behar izan digu, euskal preso politiko baten amak, hain zuzen ere, tratu txarrak, bortizkeria eta umilazioa eguneroko kontua direla gaur egun ere. Frankismoaren gau ilun hartan gertatutakoak, demokraziaren zeru urdinpenan errepikatzen ari direla.

Erantzunak

arrikitaun
2010-09-20 : 19:00

Joerrrrrrrrrrrrr, ze malaletxe aurpegiaaaakkk!!! Julia Robertsek ez du horrelako errejistrorik...

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu