Euskaldun bihotzekoon agergarri

Euskara eta euskaldunok Herri bezala iraungo badugu, ezinbesteko dugu:
- Euskara ofizial izatea Euskal Herri osoan. Nafarroa Garai guzian eta Iparraldean ere.
- Herritar guztiek...
2. Herritar guztiek lege-aginduz euskara ezagutzea. Espainola/frantsesa ezagutzen derrigortu gaituzten bezala, eta de facto erabiltzen. Aukera bakarra, euskaldunok gure lurrean behartu ez gaitzaten nahi ez dugun hizkuntza erabiltzera.
3. Euskararen erabilera ere inposatzea lege-aginduz, gutxieneko erdaren mailan, inoiz de facto euskaraz bizi eta lan egin ahal izango badugu.
Demokrazian, administrazioek ziurtatu behar lizkigukete eskubideok. Egiten ez dutenak, ez dira demokratikoak. Eta ez dute egiten.
Borrokan jarraitu beharko.
Bitartean ordea, ezin erdaraz jardun. Instituzioen aitzakian ere.
Konpromiso pertsonala
Villasantek kontatzen du (Euskararen auziaz) frankismoko urte beltzetan aurkeztu zitzaiola Euskaltzaindiari proposamena: euskaldunek eraman beharko luketela paparrean ezaugarri bat euskaldun direla esanez, eta orduan, elkarrekin topo egitean, beti euskaraz hitz egingo luketela.
Udan erakutsi digu Galeseraren Kontseiluko Jeremy Evas-ek bihotzeko galeseradunen paparreko agergarria, elkar ezagutzeko, elkar indartzeko.
Zergatik ez guk?
Norberaren konpromiso pertsonala sendotuz. Ingurukoengan eraginez.
Gure egoera aldatzen doa (EDB, EAS )
Jada 800.000 gara euskaldunak, euskaraz jarduteko gauza. Biztanleen 10etik 3. 35 urtetik beherako %50. Gehiago, euskara ofiziala den barrutietan.
Gehienak ordea herri handietan bizi gara. Nahasian erdaldun elebakarren artean. Gazte euskaldun askoren gurasok, hegoaldean frankismo betekoak, ez daki euskararik. Inoizko belaunaldi erdaldunena dugu gizartea zuzentzen, gazteen erreferentzia. Eta euskararen transmisio sozialean asko irabazi badugu ere, inoiz baino gaitzagoa dugu erdara gainetik kentzea.
Baina maiz bestela uste arren, euskaldunok fideltasun ikaragarria diogu euskarari. Kale-neurketek diote unean-unean erdik baino gehiagok (%53) dihardugula kalean, batera, euskaraz: 425.000. Miraria, baldintzotan. 20 urtean, 10 puntu igo dugu proportzioa. Gehiago euskara ofiziala den barrutietan.
Halere ez da erabilera guztiaren %15 baino (20 urtean 5 puntu igota). Eta ez da erraza igotzea. 800.000ok beti euskaraz eginda ere, %30. Etsigarri?
Euskaldun pasiboak erabili
Inguruan 600.000 ditugu ia-euskaldunak, euskararen hurbilekoak. Hortik dugu irabazia. Galdu dutelako , erabat ikasi ez dutelako , ulertzen dute , egin gutxi.
Baina nola egiten diegu guk, euskaldun bihotzekook? Zuk? Espainolez akaso? Zer dela eta?
Bukatu da. Ulertzen digute. Egin dezatela berek nahi dutena. Zuk, nik, euskaraz. Berek erdaraz segituta ere. Guk aldatu behar dugu jarrera.
Eta denbora luzerako ohitu, elkarrizketa asimetrikootara.
Ez da irtenbide desiragarriena. Hobea baina, denok espainolez fuego jardutea baino, ala? Mintzapraktika eskolak doan, denok euskaldunago bihurtuz; ala denok espainolago. Guk, zuk, aukeratzen duzu.
Euskara 1.400.000k ezagutzen dugu. Biztanleen erdiak. Eta hori da muga. Parekoak euskara ulertzeko aukera %50etik gorakoa den orduko, hasi gaitezke irabazten. Eta goraka goaz. EH osoan 35 urtetik beherakoon 10etik 7k ulertzen dugu euskaraz. Gipuzkoan %95, Donostian %92. Bizkaian %90, Bilbon %82. Araban eta Gasteizen ere %85!!! (gutxi gora-beherako portzentaiak). Nafarroako Eremu Euskaldunean ere. Euskaldun bihotzekook, 10etik 8/9tan egin diezaiokegu euskaraz 35 urtetik beherakoari, berak erdaraz eginda ere. Urte batzuetan zeinahiri. Orduan igo liteke kale-erabilera %40/50/ Eta ia-euskaldunak euskaraz hasi orduko
Zuk espainolez segituko diezu egiten?
Edo Irlanda bihurtuko gara?
Denok zerbait jakin, inor mintzatu ez. Badugu arrisku. Irtenbidea, euskaldun bihotzekoon harrotasuna indartzea. Norberaren konpromiso pertsonala bultzatzea. Eta behar den guztian, ohiturak aldatzea euskaraz baino ez egiteko. Euskaraz dakien guztiari. Eta euskaraz ulertzen duen guztiari. Berak egin ezta ere. Are adiskide, ikaskide, lankide, bikote, guraso, seme-alaba Hau dugu berrikuntza.
Eta are euskaraz, uneoro ausartzen garen neurrian, gure artean bizi delako, gizalegez eta bizikidetzaren alde, euskaraz gutxienez ulertu behar ligukeen guztiari: administrazio, enpresa, norbanako. Intsumisio linguistikoa praktikatu. Ezinbesteko bihurtu dakien arte, gu ulertzeko beste euskara jakitea, gutxienez. Hauek ere ia-euskaldun bihurtu arte.
Eta konpromiso pertsonal hori geure buruari egunero birgogoratzeko, beste euskaldunoi adierazteko, agertzeko, ezin hobea paparreko ezaugarria, norberak nahi lezan diskrezioarekin eramatekoa.
2010eko uda
Orain hogei urte egin nion nik ere Euskaltzaindiari halako agergarria sortu eta plazaratzeko eskaera. Orduan eta geroztik, beste hainbat erakunderi ere. Kontseiluari orain hiru urte
Ez da inor abiatu. Eta udaberri honetan beste ordezkaritzarik gabeko talde txiki batek, e logotipoa diseinatu (eusk ) eta ekin diogu euskaldun bihotzekoon identifikazio kanpainari hainbat bilkuratan. 200 kartel, 2.000 diptiko, 4.000 eransgarri, 700 txapa, 500 pin, 500 lepoko, 600 t-shirt-kamiseta, web orria hainbat azalpenez. Ez da gauza handia. Zerbait da. Euskaldun guztiok bultzatu nahiz, lotsa aldera, egoera guztiotan, bakoitzak daukagun/dakigun euskara erabiltzera, dugun-dugunean. Horretatik, bigarren logotipoa, euskara izendatu den forma desberdinen gainean eraikia: Ni eskuaraz, zu?...

Argazkiak.org | e! euskararen agergarria © cc-by-sa: sustatu
Esperientzia polita. Harrera ona, hurbildutako euskaldun bihotzekoena. Biziki adoretu gaituzte aurrera ekitera. Eskerrak denoi.
Baina halako ekimena ez da talde txikian burutzekoa. Ordezkaritza handieneko erakundeek hartu behar dute bere gain agergarria euskaraz bizi nahi dugunon artean zabaltzea. Inor behartzen ez duena, norbera baino. Gurea edo hobea. Merezi du.
Jarraituko dugu? Euskaltzaindia, Kontseilua, Topagunea, Ikastolak, Berria ?
Gure esku dago gure etorkizuna.
Erantzunak kargatzen...