Bidasoakoak zirenak oker zeuden eta Bidasokoak dira izatez
Ibaien izenak arautzeko lanetan, Euskaltzaindiak ebatzi du Bidasoak -a artikulua duela. Hori dela eta, Bidasoa izena deklinatzean honela egin behar da: Bidasoa, Bidasoan, Bidasoarekin..., baina Bidasoko, Bidasotik, Bidasora...
Hortaz, Euskaltzaindiaren aburuz, erabat baztertzekoak dira azkenaldi honetan, bai idatziz bai ahoz, hedatzen ari diren gisa honetako esaldiak: Bidasoako trenbide zaharra; Bidasoaraino iritsi ziren; Bidasoatik pasatu ziren; Baztan-Bidasoako ingurua...
Horien ordez bertze hauek erabili behar dira: Bidasoko trenbide zaharra, Bidasoraino iritsi ziren, Bidasotik pasatu ziren, Baztan-Bidasoko ingurua...
Era berean, ibaiaren izenak bere azken -a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean. Adibidez: Bidaso maitea, Bidaso osoan, gure Bidaso hau...
Erantzunak kargatzen...