Teknologia albisteak
1

Espainia, aitzindari gerra kimikoan

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2010-09-03 : 10:09

Orain laurogei urte baino gehiago, 1923 eta 1927 artean, Espainiako armadak ziape gasarekin bonbardatu zuen Rif-eko biztanleria, Marokon. La Vanguardia egunkariak idatzi duenez, hura izan zen historiako lehen aire bonbardaketa bonba kimikoak erabili zituena populazio zibilaren kontra. Arrhash izeneko dokumentalak sarraski haien berri ematen du, eta sarean ikus daiteke osorik. Espainiako gobernuak oraindik ez du onartu krimena.

Arrhash hitzak pozoina esan nahi du, eta izen horrekin Javier Radak eta Tarik el Idrissik dokumental bat egin dute, azaltzeko Espainiako armadak zelan erabili zuen gerra kimikoa Marokon, Rif-eko biztanleak suntsitzeko. Egileek, gainera, sarean eskegi dute dokumentala, berau ahalik eta jende gehienak ikus dezan, eta telebista gehienen interes falta gainditzeko.

Annualgo hondamendiaren ostean, 1921ean, non 10.000 soldadu espainiar hil baitziren, hor nonbait, Espainiako armadak (tartean Franco, Mola, Queipo de Llano eta beste hainbat militar, urte batzuk geroago II. Errepublikaren kontra matxinatu zirenak) erabaki zuen arma kimikoak erabiliko zituela (zehazki ziape gasa edo iperita) Rif-eko biztanleak suntsitu eta marokoarren erresistentzia zapaltzeko. Bonbardaketek lau urtez iraun zuten, eta, bistan da, Espainiak ez zuen errespetatu Versaillesko tratatuaren debekua, 1919koa, arma kimikoak erabiltzeko.

Espainiako gobernuak sekreturik zorrotzena ezarri zuen gerra kimikoaren atal hartaz, eta gaur egun ere ez du onartzen orduko sarraskia, nahiz eta ondo dokumentatua egon. 2007an ERC alderdiak legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan, Espainiako gobernuak orduan egindakoak onartu eta kalte-ordainak eman ziezazkien Rif-eko biztanleei, baina proposamena ez zen onartu, PSOEk eta PPk aurka bozkatu zutelako.

Erantzunak

xme
2010-09-03 : 11:06

Euskal erreferentzia bat emateko, airetiko bonbardaketa eta gerra kimiko aitzindari horretaz luze eta zehatz dihardu Ignazio Aiestaran idazle eta filosofoak kaleratu berri duen liburuan: "Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik".

Erantzun

Sartu