Teknologia albisteak

Bizidun aberats alferrentzako ere AA abatarrak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 09:07

Hilen agerpena mimetizatzeko balio du adumen artifizialak (AA), Pello Zabalaren kasuak erakutsi digun bezala, baina baita bizidunentzat ere. Bereziki alferrak eta aberatsak badira, zertarako ahots eta irudiz agertu zerbaitetan adimen artifizialak ordezka baitzaitzake? Adibideak jarraian.

Bat. Melania Trumpek memoria-liburua idatzi omen du; Melania izenburu originalarekin. Tira, nekez sinetsiko dugu berak idatzi duela. Ba audioliburua etorriko da orain, eta gezurrik ez digute esan horri buruz: Adimen artifizialarekin berregindako Melania birtual baten ahotsak egingo du kontakizuna, ElevanLabs izeneko enpresa baten bidez.

Bi. Klarna eta bere nagusiarena. Finantza-konpainia suediar arrakastatsu bat da Klarna, bitartekari lanak egiten ditu online erosketetan, denda saltzaileentzat kaudimenik gabeko bezeroen galerak asumituz, eta erosleei segurtasun gehigarri bat emanez (Klarna badarabil, fidatzeko denda da, hori da Suedian erosketen %50 lortu arte hazten lagundu diona). Ba akziodunen aurrean agerpena egin zuen bideoz duela egun batzuk, negozioa ondo doala esateko, eta bere agerpen osoa AA bidez sortua da. Hitzak idatziko zituen norbaitek, eta nagusiaren bideo-irudi eta ahotsa batuz, horra bideoa.

Hiru. Klarnako nagusiak bezala, Zoom bideo-konferentzia sistemaren nagusiak ere horixe egin du. Hitzaldi artifiziala deitu diezaiokegu, agerpen bat bideoz non hizlaria AAk sortu duen gidoi baten gainean. "Harro nago lehen CEOetako bat naizela abatar bat erabiltzen irabazien txostena zabaltzean", esan zuen Eric Yuan Zoomeko nagusiak bideoan. Zorionak, Eric, harro egongo zara. Zoom ospetsu egin zen duela 5 urte Covidaren pandemia egunetan, telekonferentziak ugaldu zirenean. Orain Google Meet, Microsoft Teams eta Jitsi bezalako tresnak ditugu, baina Zoomek beste produktu gehigarri bat ere sortu du, Zoom Clips. Hau da bideo asinkronoak sortzeko tresna bat, ezin bazara bilera batera zuzenean konektatu Zoom bidez, aurrez grabatutako bideo bat bileran ikus dadin laguntzen dizu Zoom Clipsek. Hain zuzen ere, horren bidez zabaldu zuen AAz eginiko mezua Eric Yuanen, eta horrek garamatza pronostikatzera AA abatarrak izango direla laster Zoom Clipsen feature edo ezaugarri bat: zertarako agertu bilerara? bidali zure AA-bideoa bertara!

Erantzun

Sartu