Teknologia albisteak
1

Terrorismorik ez; konstituziotik datorrenik ere ez: Bake hezkuntza plana Espainietarako

Erabiltzailearen aurpegia
Bittor Hidalgo
2010-07-16 : 09:07

Edota jokoa ez da garbia. Inuxentea da biolentzia guztien kontrako aldarrika. Beti izan da, eta izango da. Natura da, nahi edo ez nahi. Aldea sufrimenduan dago, biolentzia gure hurbilekoen edo urrunagokoen kontra erabiltzen den.

Nik halere orain ez dut ETAren biolentziarik nahi. Gutxiago, pertsonen kontra. Zeresanik ez, soilik berdin pentsatzen ez duenaren aurkakoa bada -nahiz berau koertzio sistema antidemokratikoaren sustatzaile izan, omisioz badere-. Edo ordaindu nahi ez dizunaren aurka. Baztergarriagoa, mesedegarri baino kaltegarri bada, hurbilekoen ustez ere, defendatu nahi diren helburuendako. 900 hildako inguru. Nahikoa zauritu, kaltetu, bahitu, zerga ordaintzaile, mehatxatu, babestu beharreko gehiago. Kanpoko eta hemengo. Min eta gorroto. Sendatzen zail. Pentsatuz, gerora ere, elkarren hurbil-edo bizi beharko dugula.

Ordea bestaldean ere badira biktimak. 1959-2009: 465 hildako (gutxiago zuzeneko; zehaztu behar du Fundazioak). 10.000 tortura salaketa. 7.000 espetxeratu. 2.500 erbesteratu. Milaka atxilotu. 2.500.000 biztanleko herrian. Bi egunkari itxi, irrati, aldizkariak. Udalbiltza. Era guztietako erakunde zibilak. AEK, ELKAR, ikastolekin…, saiakerak. Askatasun zibilen murrizpena nonahi, Orexa-Garzon-Rubalcaben dena da ETA, lur kiskaliko politikan. Mina eta gorrotoa. Sufrimendu hau bestearen laurdena den, edo bikoitza, ez dio asko inportako.

Baina terrorea ez da 1959an hasten. Orduan ez dira 20 urte ere Espainiako legezko gobernuaren aurkako altxamendu terrorista barkaezinak 155.970 biktima eragin dituela Euskal Herrian. 1936-1943: 17.000 hildako fronteetan. 970 bonbardaketetan. 6.000 fusilatu. 55.000 espetxeratu. 70.000 erbesteratu. Garaiko 1.300.000 biztanleen % 12 biktima zuzen. Ezkerrekoak, euskaltzaleak, familiak, biztanleen erdia baino nahiko gehiago 40 urte luzez terroretua. Francok oraindik fusilatuko ditu bere azken bostak 1975ean. Tartean gure Txiki eta Otaegi. Bi hilabete eskas ditu, artean boterean hiltzeko. ETAren terrorea espainiarren % 0,001era iritsi dateke. Ez da desiragarri. Baina aldea bada.

Erregimen terroristak arazoak izan zituen jarraitzeko. Eta honetan, eta Espainia osoko ondorengo libertateetaranzko garapenean, izan zuen zerikusia garaiko Euskal Herriko giro insurrekzionalak, batez ere 1970ean, Burgosko Prozesuan, frankismoaren torturatzaile sadikoetako bat -2001ean berriro kondekoratua!- hiltzeaz akusatutako ETAko militanteei ezarritako heriotza zigorren kontra Europa guztira zabaldutako protesten ondoren. Baita ETAk 1973an Carrero Blanco almirantea, Francoren itzal, Espainiako gobernuburu, diktadorearen ondorengo naturala hil izanak. Lege onekoa omen, esker onekoa.

1978koa Espainiako konstituzioa. 1936ko armada terroristaren sable urduri eta mehatxarien pean sortua. Militarista, terrorista. Exaltazioaz, apologiaz areago, biolentziarako dei zuzena egiten duena herrien aurka. 2. artikuluan Espainiaren indibisibilitatea inposatuz, herrien nahien gainetik:

Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen da, (…) espainiar guztien aberri komun eta banaezina.

Zortzigarren artikuluak espres aginduz armadari indibisibilitatea defendatzeko konstituzioaren aurretik:

Las Fuerzas Armadas (…) tienen como misión garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional.

Hobe Espainia gorria, hautsia baino. Aurkariak, armada aurre. Zalantzatan, 155. artikuluak berriro aldarrikatuz indarraren erabilera herrien kontra gobernuaren nahitara:

Si una Comunidad Autónoma no cumpliere las obligaciones que la Constitución u otras leyes le impongan (…) el Gobierno (…) podrá adoptar las medidas necesarias para obligar a aquélla al cumplimiento forzoso de dichas obligaciones…

Hori ez bada terrorea…

Ze, konstituzioaren aginduz, Espainiatik bereiztea indarrez galarazi behar diguten indar armatuak, 1936ko altxatu terroristen oinordeko zuzen depuratugabeak, ez dira ezikusia egitekoak: 135.000 profesional armadan, 82.000 guardia zibil, horrenbeste polizia armatu. Soldata peko aktibista liberatu eta antolatu; inteligentzia zerbitzu guztiekin; era guztietako armamentuak zuloetan gordeta erabiltzeko prest: *baioneta, metrailadore, granada, bazoka, mortero, kanoi, misil, blindatu, tanke, hegazkin, ontzi, urpeko, anfibio…* Ez daude geldi balizko independentzien zain. Egunero dihardute independentista guztion aurka, ageriagoan eta ezkutuagoan.

Bitartean, Franco hil eta 35 urtera, arduren inongo eskaerarik gabe, erregimen terroregileko buru sustatzaile berek jarraitzen dute armada, polizia, guardia zibilen buru; epaitegi buru; zeinahi gobernuren buru, PP edo antzeko sigla pean. Franco paliopean eramandako elizaren agintean. Frankismoa ikertzeko asmoa azaldu duen lehen epaile gure oroimen gaiztokoa, epaitua. Frankismoaren ikurrak, nonahi. Frankistei dominak. Frankismoaren azken fusilatuei kale izenak ere kentzen.

Frantzia demokratikoan? Konstituzioak, lehen hitzetik dio: La France est une République indivisible. Herriak dioena dioela. Konstituzioaren idazkera ez da Espainiakoa bezain lotsagabea. Baina nola defendatu ohi dute frantsesek "errepublika". 1946ko konstituzioak eredugarri zioen:

(La République française) n’entreprendra aucune guerre dans des vues de conquête et n’emploiera jamais ses forces contre la liberté d’aucun peuple.

Oraingoan lotsaz-edo desagerrarazi zuten. Frantzia, 1945etik 1954ra Indotxinan aritu da Kanbodia, Laos, Vietnamgo herrien kontra borroka kolonialistan. 50.000 hildako frantses. 500.000 bertako. Orduan, Algeriako herrien kontra ekiteko, 1954-62: 33.000 frantses hildako. 1.000.000 aljeriar. Frantsesak omen. Gizajoak gure iparraldeko 250.000 biztanle eskasak, frantsesak berriro hasita frantsesak defendatzen.

Ez dira konstituzioetako hitzok aipatzen, komeni ez denean. Estatuek, armadek, ez dituzte ahaztuak. Trillok, Espainiako Kongresuko lehendakari, Defentsa ministro, argi zioen 1995ean (ABC):

… la proclamación de independencia de una parte del territorio nacional por parte de un parlamento autonómico (…) deja al Estado sin más reacción que la armada. (…) un acto de esa naturaleza, es, una secesión, y (…) no queda más reacción que la proclamación del estado de sitio, o de guerra, y la aplicación de la fuerza.

Ulertu nahi duenak…

Gasteizko Legebiltzarrak gehiengoz aldarrikatu zuen 1990ean Euskal Herriak autodeterminaziorako eskubidea duela. Berriro 2004ko Estatutu Politiko Berrian. Gauzatzen hasita, tankeak aterako dizkigute? Konstituzioak agindua. Trilloek mehatxatua. Horiek bakearen alde? Ez ote dira bake izenean, garaipena inposatu nahian ari?

Bake plan batek, hezkuntzan eta bestela, hitz egin beharko du, indar faktikoak desaktibatzeaz. Konstituzioak demokraziarantz aldatzeaz. Zatitu ezintasunen gainetik jartzeaz herrien borondateak, eta armadak herrien borondatepean. Bestelakoak, alderdikoi samarra dirudi, gutxieneko. Areago, kontuan hartuta ETAren eta estatuen indar armatuen arteko desproportzioak. Ezta hala?

Bakearen alde, ETArik ez, eta Espainiako armadarik ere ez gure gainean. Aldatu konstituzio militarista antidemokratikoak. Arautu eta jarri abian gure autodeterminaziorako eskubidea.

(Artikulu honen bertsio murriztua-edo argitaratu zen Berrian, 2010-6-2ko edizioan)

Erantzunak

Pakezalea
2010-07-16 : 13:20

Bat nator testuan esaten denarekin. Batez ere 36ko "kolpea" eta ondoko erregimena guztiz terroristak direla azaltzean. Terrorismoa 60an hasten dela deklaratzean historiaren erabilera guztiz makurra egiten da. Dudarik ez dago frankismoa guztiz terrorista dela, hori ukatzeak botagurea ematen du. Baina diskurtso ofizialean horrelaxe egiten da, horrelaxe azaltzen digute.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago