Teknologia albisteak
6

Hispania invicta (domuit vascones?)

Erabiltzailearen aurpegia
Jabi Zabala, Sarean.com
2010-07-12 : 12:07

Egunotan, Espainiako selekzioaren rola, horrek euskal gizartearekiko duen sinbolismoa eta atzean igartzen diren asmo politikoak ikusita, eztabaida dago futbola politika ote den eta, politika bada onargarria den. Nork bere ikuspuntutik aztertzen duenez, denetariko iritziak entzuten dira, kirola baino ez dela eta politika ez dela nahastu behar, Espainiaren garaipenak ospatzea ez dela politika… Baina euren leloak eta jarrerak ikusita inori ez zaio eskapatzen Moyua plazan bildutakoek kirol garaipenak ospatzeaz gain, autoafirmazio espainolista egiten dutela, bart gure kaleetan erantzuna nahiko urria izan den arren.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: Ospakizuna Donostiako Zubieta plazan

Invictus filma ikusi nuen lehengo egunean, arreta guztia Hego Afrikan jarrita egon den egunotan, oso film aproposa. Mandelak egindako kirolaren erabilera guztiz politikoa kontatzen du, filmak defendatzen duenez, erabilera guztiz onargarria, nazioa batzea eta zuri eta beltzen arteko berdintasuna bultzatu beharreko helburutzat onartzen dugunez gero. Ondo ulertu dute gurean espazio publikoa hartu eta hemen falta den espainiartasuna sustatu nahi dutenek.

Baina gurean egiten den erabilera nonazionalistaz gain, kirolaren erabilera ez da gauza berria masaren arreta desbideratzeko tresna moduan. Aste honetan ere O ano em que meus pais sairam de féiras filma ikusi dut. Brasilen 1970ean kokatuta, herrialdea Emilio Garrastazuren diktadurapean bizi zen bitartean, bertako selekzioak irabazi zuen mundialaren garaia futbola beste kezkarik ez duen haur baten ikuspuntutik kontatzen du. Bere gurasoak oporretan joan dira (guk badakigu militante komunistak direlako alde egin dutela, errepresiotik ihesi) eta herritarrak telebistara begira dauden bitartean, polizia ezkertiarrak arazorik gabe atxilotzen…

Tira, Argentinan ere 1976ko mundiala erabili zuen batzorde militarrak, Francok ere… Mila adibide daude. Erroman errepublika inperio bilakatu ahal izateko panem et circenses erabakigarria izan zen. Zapaterok bere decretazo famatua Espainiak mundialeko lehenengo partida jokatzen zuenean onartu zuen.

Gurera hurbilduz, futbolaren eta politikaren arteko harremanaren analisi zorrotza egiten du Alberto Lacasak Kataluniatik. Jordi Pujolek aipatutako nacionalismo banal kontzeptua dakar gogora, kirolaren bidez hain sotila den nazionalismoa, hain sozialki onartua ezen ez baita nazionalismotzat hartzen. Gero dago norberak ontzat hartzen duen, hori aldez aurreko gure jarrera politikoak zehaztuko du, baina erabilera nazionalista da.

Espainiarren kasuan besteak (euskaldunak) ukatzean oinarritutako selekzioak irabazteak besteak (euskaldunak) bertoko kaleetan are gehiago ukatzeko balio badezake, ez egin zalantzarik, funtzionario eta guzti bultzatuko dutela. Espainiak irabaztean azalerazten dira balio espainiar unibertsal horiek: nazionalismo inperialista, etnozentrismo eta arrazismoa (Manolo Lama kasua). Egia da halaber egungo Espainiako selekzioak ez duela oso soslai castizoa, jokalari gehienak Barça-koak izanik, eta bitxia da gure kaleetan Espainiaren garaipena ospatzen ibili direnetatik asko hegoamerikar etorkinak direla.

Bitxia da, baina Invictus filman Mandelak aitortzen duenez, kirola politikoki erabiltzearen ideia Bartzelonan 92an egin zioten harreran bururatu zitzaion. Liluratuta ikusi zuen Espainiako taldea nola babesten zuten katalanek, madrildarrek… “Inongo politikarik baino sentimendu gehiago mugiarazten ditu kirolak” dio Mandelak filman. Invictus oinarrituta dagoen Playing the Enemy nobela idatzi zuen John Carlin idazleak gehitzen du: “Eta noiz azalerazten da indar handiz harrotasuna, patriotismoa? Gerran, kirolean”.

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Jabi Zabala, Sarean.com

Erantzunak

ameslaria
2010-07-12 : 14:00

1976ko diktadura izan zen argentinakoa, 83rarte luzatu zena, baina mundiala 78koa izan zen, ez 76koa

Sustatu
2010-07-12 : 15:50

Jabi Zabalaren artikulu orijinala Bilboko Moyua Plazako irudi batekin zegoen ilustratua.


Beste irudirik ere sortu da Bilbotik eta inguru horretatik, adibidez tentsio une batekoa hemen.


Baina bideo bat ere eskuratu dugu, twitterlari batek telefonoz kargatua bart, Donostiako Zubieta plazan, Kontxatik oso gertu, eta horixe itsatsi dugu hor goian Zabalaren artikulu nagusian.


Mikel Iridoi "himikel"
2010-07-12 : 16:15

Pelikula honetan kirola jendea batzeko tresna eraginkorra dela ikusi daieteke, bainan zeren inguruan batzen gaitu?

Ez dakit zeintzu izango diren etorkizunean izango ditugun giza-antolamenduak, bainan ziur naiz gaur egun baztertzaile diren "nazioak" gainditu beharko ditugula nolabait, norberak ezin duelako aukeratu zeinetan parte hartu..., beraz batetik naziorik ez dugunok nolabait gure identitatea garatzeko behar dugun antolamendu propioa behar dugu, eta agian era berean transnazionalak diren antolamenduak ere garatzen joan beharko ginateke, denek gure identitateak sentitzeko/adierazteko/partekatzeko aukerak eta aldi berean beste pertsonekin talde anitzak eratzeko aukerak ere izan ditzagun ;)

Bittoriomaortua
2010-07-12 : 18:38

"I need Spain" sloganak badu jada sarean bere "guerrilla art" erreplika: "Bleed, it's Pain".


Argazkiak.org | Spain is my Pain © cc-by-sa: bittoriomaortua

Sustatu
2010-07-14 : 11:04

Artikulua ilustratzen duen bideo horretan Donostiako Zubieta plazako ospakizuna ikusten da. Goardia Zibilak ere egin zuen bat ospakizun horrekin, eta bertarartu ziren batzuk pozik agertu ziren.



Bikote Alaia
2010-07-14 : 12:11

Espainiaren garaipenak pelaje honetako irudiak ikustea ahalbideratzen badu, txapelketak irabazten jarrai dezatela:



Argazkiak.org | Freakshow. © cc-by-sa: bikotealaia

Erantzun

Sartu