Sustatu logoa Teknologia albisteak

Iraunkortasunerako euskal transizioaz: herri-ekimenaren desafioak

UEU
UEU
2010-07-06 14:07

Krisi sozioekologikoa hiru gertakariren txirikordatzetik dator nagusiki: aldaketa klimatikoaren areagotzea (giza jarduerak eragindakoa); XX. mendea goitik behera baldintzatu duen matrize energetikoaren agortzea (gizartean aldaketa dramatikoak eragiteko ahala duen faktorea); eta giza ongizatearen berme diren bestelako baliabideen agortze hazkorra (ura, basoak, bioaniztasuna, etab.)

Gauzak horrela, beharbada ez dago desafio potoloagorik: gizarte iraunkorrerako trantsizioa pentsatu, diseinatu eta martxan jarri. Bide horretarako, ondokoa dugu abiapuntu: hein handi batean, krisi sozioekologikoa Modernitatearen oinarri kulturalen krisia da. Hau da, Mendebaldeko gizarteen euskarri izan den bizkarrezur kulturala dago guztiaren abiapuntuan (mundu-ikuskera, arauak, balioak, instituzioak, bizimoduak eta jokaerak). Desafio zientifiko eta teknologikoetatik harago, ezinbesteko iparra da gizartearen eraldatze sozial, ekonomiko, energetiko, politiko, kultural eta psikosoziala.

Zibilizazio-ereduaren gaineko eztabaida dugu atze-oihalean, garapen-ereduaren galdera ezin zorrotzagoa, gizarte-eredu berriak irudikatzeko eta abiatzeko gaitasuna, eta balio-sistema alternatibo baten eraikuntza. Euskal Herrian ere, arrazionaltasun sozioekologikoa indartzea da etorkizuneko gakoetako bat, paradigma berri bat eraiki aldera gure herriarentzat.

Herrigintzaren ikuspegitik nola hel dakiokeen behar dugun trantsizioari aztertzeko mintegia antolatu du UEUk LANKIren laguntzaz. Honako hau da mintegirako prestatutako gai zerrenda:

  • Euskal gizartearen diagnostikoa: orokorra, ekonomikoa, ekologikoa,...
  • Iraunkortasunaren aldeko herri-ekimen berritzaileak, munduan eta Euskal herrian
  • Euskal trantsizioa ipar: herri-ekimenaren desafioak.- proposamenak lantzen

Informazio gehiago eskuratzeko, hemen klikatu.

Adi! Izena emateko epea uztailaren 8an amaitzen da.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu