Teknologia albisteak
6

ETB1en etorkizunaren inguruko hausnarketa abiatzeko txostena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-07-05 : 12:07

Joan den astean, EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriok, ETB1-ren etorkizunari buruzko hausnarketa txosten bat aurkeztu zuen EITBko Administrazio Kontseiluaren aurrean. Txostenaren edukia eskuratu du Sustatuk, eta hemen duzue, osorik.

ETB1en etorkizunaren inguruko hausnarketa abiatzeko txostena

Sarrera gisa

Audientzia datuak aintzat hartuta, ezin da ukatu ETB1ek azken urteotan modu oso nabarmenean gainbehera egin duela ikusle kopuruan eta, ondorioz, euskal gizartean hedabide legez duen eraginean. EITBren sorrerarako 5/1982 legeak adierazten zuenaren arabera, euskararen sustapena izan zen jatorri hartan irrati eta telebista publiko propioak abian jartzeko oinarri-oinarrizko jomuga. Ikuspuntu horretatik, EITB taldearen euskarazko hedabideek huts egiten duten neurrian, gizartearen zati gero eta handiago batengana heltzeko zailtasunak dituzten heinean, kolokan geratzen da sortzetiko helburu nagusi hori.

ETB1en audientzia galera ez da oraintsukoa. Oso argigarriak dira, alde horretatik, azken urteotako emaitzen grafikoak. Datuek euren hoztasunean erakusten duten legez, 24 ordutako shareari dagokionez, euskarazko kateak 2003an jo zuen goia, %6'2rekin. Ordutik aurrera, behera egin du urtero, salbuespenik gabe gainera. Horrela, 2004an %5'3 lortu zuen, 2005ean %5'2, 2006an %4'4, 2007an %3'7, 2008an %3'4 eta 2009an %3'2. Uneotan egoera are larriagoa da. Izan ere, zenbait egunetan ETB3 ia sortu berriak bikoiztu egiten du ETB1en audientzia.

Zalantzarik ez dago, beraz, euskarazko telebistaren lehen katearen ereduak pairatzen duen krisi sakonaren inguruan. Eta ez da testuinguru zehatz bati lotutako behin-behineko beherakada bat. Arazoa estrukturala da, eta erantzunak ere ezin dira inprobisatuak eta azalekoak izan. Duela 30 urteko eredua aldatzen hasi beharra dago, zaharkitua geratu delako eta, ondorioz, ez dielako erantzuten XXI mendearen hasierako euskal gizartearen beharrizanei.

Urte luzetan kirol gertakari garrantzitsuek eutsi zioten euskarazko telebistaren audientziari, neurri handi batean; bereziki, Espainiako Ligako Lehen Mailako futbol norgehiagokek. Horien emisio eskubideak galdutakoan ikusleek nabarmen egin dute behera, higadura efektu hori areagotuz. Aurten, Champions League-ko partiduak lehen aldiz euskaraz ikusi ahal izateak ez du joera estruktural hori aldatu.

ETB1en programazioa bi zutabe nagusiren gainean garatu izan zen urteen joan-etorrian: umeentzako saioen eta kirol gertakarien gainean, hain zuzen ere. Oraintsu lehenengoak ETB3ra pasatzeak eta bigarrenenen kasuan duela zenbait denboraldi Lehen Mailako futbol partiduak eskaintzeko aukera galdu izanak krisi larrian jarri dute eredu hori. Prozesu hau bizitu egingo da, ezbairik gabe, egoera ekonomikoak ahalbidetzen duenean ETB4 sortu eta berau kirol edukiz hornitutakoan.

Fikziozko zenbait saiok arrakasta handia lortu izan dute euskarazko telebistan, baina horiek ere huts egiten hasi dira. Esanguratsua da, zinez, Goenkaleren kasua. ETB1en ikur bihurtu da dagoeneko, bai bere iraupenagatik, euskararen erabilera egokian eragin handia lortu duelako edo-ta kateko saioarik jarraituenetakoa izan delako. 1994-95 denboraldian ikusleen %12'9 pantaila aurrean biltzen bazituen ere, 2009-2010ean %5'5ean geratu da. Euskaldunen artean, 2006-2007an %15'4 lortzen zuen eta azken denboraldian, aldiz, %13'7. Egoera honetan, premiazkoa da ETB1en etorkizunaren inguruko hausnarketa sakona egitea.

EITBren 2010-2013 Plan Estrategikoaren baitan talde batek ekin dio prozesu hori abiatzeari eta landutako txosten hau kanpoko eragileei eskatuko zaien beste hausnarketa-lan batekin osatu eta aberastuko da datozen hilabeteotan. Talde anitza da, zentzu guztietan. Abiapuntu gisako hausnarketa bat burutu dute azken hilabeteotan, bestelako ekarpenei bete-betean zabalik dagoena. Helburua ETB1en gaineko hausnarketa ahalik eta sakonena lantzea da, hilabete batzuren buruan neurri zehatzak indarrean jartzen hasteko.

Beraz, txosten honek ez du eztabaidarik ixten. Alderantziz, eztabaida hori dinamizatzeko ekarpen bat baino ez da. Erabakiak ezin dira bapatean hartu, are gehiago egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Baliabideak murriztu egingo dira datozen urteotan eta horrek ahalegin berezi bat eskatuko dio EITBri bere telebistako lehen katea biziberritzeko lanean. Egungo zuzendaritzak konpromisoa hartua du, EITBren sorrerako espirituari jarraiki, ETB1 eta, orohar, euskarazko eskainza informatiboa sendotzeko, eta zeregin horretan jardungo du datozen hilabete eta urteotan.

Egungo testuingurua

1986an ETB2 sortu zenetik, ETB1 bere jatorrizko lekua galtzen joan da. Gaztelerazko katean audientzia onak lortzeari eman zaio lehentasuna garaian garaiko EITBko zuzendaritzetatik. Eragin politikoa eta soziala izate aldera gaztelerazko eskaintzak euskarazkoa irentsi du astiro-astiro, elebitasunaren aldeko pedagogia egiteko ere baliatu arren. Hori programazioaren osotasunean eta lanaren antolaketan ere islatu da eta, hala, esaterako, azken urteotan ETB1eko albistegiak, edozein kate publikotan ardatz nagusi direnak, ETB2koen menpeko bihurtu dira. Lehentasuna Bigarren Kateko albistegiek dute eta horien mesedetan lantzen dira eduki ezberdinak. Erredakzioan ez dago zalantzarik horren inguruan. Egoera honek oso ondo azaltzen du zer jazo den urteekin: ETB2ren menpeko bihurtu da ETB1, haren beharrizanetara eta interesetara bete-betean egokituta.

Lehen Katea generalista izateko helburuarekin sortu zen arren, tematikoa izan da neurri handi batean: umeei eta kirolzaleei zuzendutakoa batik bat. Orain, umeentzako saioak galduta eta kirol eduki asko galduta edo galtzear dituela, noraezean dago. Beharbada, krisialdia aukera bihurtuta, garaia da ETB1 kate generalista estandarra bihurtzeko, euskararen egoerak oraindik ere dituen muga guztiekin eta, ondorioz, ezartzen dituen baldintzekin.

Zaila da, zinez, ETB1 Europan zehar badiren kate estandarren eredua besterik gabe jarraituta berrindartzea, ikusle kopurua hobetu nahi bada. Kalitatezko zenbait programa eta telesailek porrot egin izan dute gurean aspaldion. Ez da lan samurra ikusle euskaldunak ETB1 ikusten jartzea, gaztelerazko kateetan, ETB2 barne, eskaintza hain zabala eta lehiakorra dagoenean.

Euskaldun izateak ETB1 aukera bezala izatea ahalbidetzen du, besterik gabe, eta militantziaren garaiak gero eta atzerago geratzen dira, onerako zein txarrerako. Kalitatea eta lehiakortasuna izan behar dira 2010eko ETB1en ezaugarri nagusiak, bere irudi-marka osatzen dutenak.

Proposamenak

EITBren sorrerako arrazoiei egokiro erantzun nahi baldin bazaie, are gehiago hedabide publikoen funtsa eta zeregina esparru pribatutik zalantzan jartzeko ekinean ari diren honetan, eutsi egin behar zaio, euskarazko telebistaren eskaintzan dagoen zati ona indartu eta berau ausardiaz osatu eta hobetze aldera. Adierazgarria da Mihiluze saioaren ibilbidea, eta nora joan jakiteko zantzuren batzuk ematen dizkigu: audientziarekin oso ondo konektatzen dakiten aurkezleak, berotasuna eta kolorea estudioan, ikuslearen interesa pizten duten lehiaketa interaktiboak eta belaunaldi ezberdinekin bat egiteko gaitasuna, hain zuzen.

Aukera generalistari eraginkortasunez erantzun nahi bazaio, ETB1en ikuslegoaren profila aldatu beharra dago. Gaur egungo euskaldun gehienak ez daude, dagoeneko, baserri inguruetan, herri eta hirietan baizik. Zehatzago esateko, umeen eta 55 urtetik gorakoen artean dagoen esparru zabala irabazi behar da. Hor dago etorkizuna irabazteko aukera. Tarte horretan egonda hizkuntzarekin arazo handirik ez dutenak erakarri behar dira, baina ez zilarra edo brontzea eskainita, urrearekin baizik. Euskararen tamainan eta EITBren baliabideen neurrian, baina ETB1en aldeko apustu garbia eginez.

Hasteko, ETB1ek programa edo/eta edukien arduradun propioa izan beharko luke. ETB2ko programazioaz arduratuko denarekin ondo koordinatuta, bai, baina euskarazko katearen interesei eta beharrizanei erantzungo diena. Azken urteotan kate biak osagarri bihurtu nahi izan dira nolabait, ETB1en kaltetan, eta osagarritasunak baino elkarren arteko konpetentziak emaitza global hobeak lortuko ditu. Adibide soil bat: Goazen saio arrakastatsua ostiraletako 21.30etan emititzen zen, Bi Errepidean-en ostean. Teleberriaren audientzia babestea zen arrazoi nagusietakoa horretarako, baina ez dauka logikarik ume eta nerabeentzako saio bat horren arabera kokatzea parrilan.

Bestalde, benetako kirol gertakari nagusi ez direnek publizitate itzulera txikia izan ohi dute, %30 ingurukoa, eta ez dira bereziki interesgarriak kate generalista batentzat. Gainera, ETB1ek kirolarekin gehiegi lotutako irudia dauka. Azterketa koalitatiboek diotenez, "beti ari dira kirola ematen". Horiek guztiak ETB4ra eramanda, Lehen Kateak irabazi egingo luke.

Audientzia handiko emankizunekin aurkakoa gertatzen da. Ligako Lehen Mailako partiduek, Champions League-koek edo-ta pilota partida handiek arrakasta handia lortzen dute. Beraz, ez zaio kirola emateari utzi behar ETB1en, baina ondo aukeratu behar dira edukiak, eta benetan kalitate handikoak direnak baino ez dira eskaini behar. ETB1 kalitatearen sinonimo bihurtu behar da, zerbitzu publikoarena, eta programazioak koherentea behar du izan, gaur egun parrilan dauden distortsio nabarmenak alde batera utzita.

Era berean, umeentzako saioak ETB3k eskaintzen ditu dagoeneko, eta hor izan behar dute lekua etorkizunean. ETB3k oso azkar lortu du merkatuan bere lekua hartzea eta ikusleen artean oso ondo ulertzen da zein den bere filosofia eta zeregina. Haatik, interes handikoak eta estrategikoak izan daitezkeen umeentzako zenbait produktuk euren txokoa izan behar dute aurrerantzean ere ETB1en. Beti, katearen beraren audientzia datuentzat eta umeentzat egoki izan daitekeen ordutegi zehatz eta murriztuan, produktu benetan funtsezkoak eskainiz. Hortik aurrera, erreferentziazko produktuetan jarri behar dira baliabideak. Fikziozko saioetan eta zuzenezkoetan, esaterako. ETB1 bizirik dagoela eta Prime Time-an borrokatzen jarraitzen prest dagoela islatzen dute batzuek zein besteek, garestiagoak direla jakitun izanda ere.

Marka "saldu" behar da, eta lerro editoriala indartu. Euskarazko telebisten artean, konpetentzia pribatua ere urratsak egiten dagoela ahaztu gabe, ETB1ek euskararen erreferentzia saihestezin izan behar du, telebista irekia, konplexurik gabekoa, telebistaren beraren, EITBko web-aren zein sare multimediaren bitartez eskuragarri dagoena. Marka irudi horri gogor eutsi behar zaio, audientzia potentziala egon daitekeen lekuetan bertan egonda. Euskarazko ekitaldi espezifikoak landu behar dira ikastola zein eskoletan, institutuetan, umeen kirola egin eta asteburuero ume zein guraso asko biltzen diren lekuetan, adibidez. Baita euskara prestigiatzen duten leku guztietan ere. ETB1 bertan egon behar da, marketing zuzena eginez eta euskararen telebista kate publiko generalista dela gogoraraziz.

Albistegietan egungo dinamika hautsi beharra dago. Betiko estiloa alde batera utzita, multimediagoak eta modernoagoak izan behar dira, interneten nagusi diren laburtasuna eta zehaztasunari jarraituta. Ildo honetatik, ETB1eko albistegiak ETB2koen kopia hutsa eta kalitate eskasagokoak diren uste horrekin amaitzen hasteko, astegunetako gauetan euskarazko kateak bide berriak jorratzen hasi beharko luke, modu esperimentalean izan arren.

ETB1entzako propio diseinatutako albistegi berriak landu beharko lirateke, eduki propioekin eta lehentasun informatibo berezkoekin. Albistegien zurruntasunetik urrundu eta berauen eredu klasikoaren eta magazine formatoaren arteko erdibide bat bilatzeari ekin behar zaio, euskararen erabilera egokia lehentasunen artean izanda. ETB1eko albistegiak ez dira ETB2koen eredu berekoak izan behar. Are gehiago, euskarazkoak bere eredu eta agenda propioa landu behar du, mimetismoetatik alde eginez.

Zineak ere eztabaida dezente eragin du azken urteotan ETB1en. Bikoizketekin izandako arazoek, zenbaitzutan, eta ohitura faltak, beste zenbaitetan, jarraipen txikia eman diete zine emanaldiei. Urteotako esperientziatik abiatuta, bikoiztutako filmak jatorrizko bertsio azpititulatuekin konbinatu beharko lirateke. Nazioartean ohikoa filmak jatorrizko bertsioan ikustea da, ez bikoiztuta, eta euskarak ere badu hor bide bat egiteko.

Horrela errazagoa izan liteke euskarazko ezagutza murritza edo-ta filmaren jatorrizko hizkuntzarena dutenak ere erakarri ahal izatea. Ildo horretatik, adibidez, kalitatezko zine komikoaren apustua berreskuratu behar da, hizkuntzaz gaindiko hizkera unibertsala baliatuta, ikusleei ETB1 "ikusgarri" egin behar zaielako. Produktu honekin zein antzeko beste batzurekin ETB1 hor dagoela gogorarazi behar zaie behin eta berriro.

Gaur egungo gizartean ezinbestekoa da lotura multimediako esparruak sortzea. Beraz, zenbait saiotan ezinbestekoa litzateke aurkezleak programa hasi aurretik edo amaitu ondoren interneteko euren blogetan azaltzea, ikuslegoarekin harreman interaktiboa izatea. Benetako multimedia baten aldeko apustua sendoa egin behar da EITB osoan, baina ETB1en batez ere. Lan ildo hau gero eta garrantzitsuagoa izango da telebistako kontsumoa beherantz doalako, interneteko audientziek oso nabarmen gorantz egiten duten bitartean. Telebista berriek lotura zuzena eskaintzen dute internetekin. Beraz, ikuspuntu multimedia batetik sortu eta garatzen ez den edozerk ez du etorkizunik izango datozen urteotako telebistan.

Erronkak ugariak dira eta lerro hauetan lehen zertzelada bat eskaintzea besterik ez da izan helburua. Eztabaidari eragitea eta abiapuntu gisa baliatu ahal izatea, alegia. Eztabaida zabal eta osagarri horren ostean gehiago zehazteko ordua helduko da. Markoa oso garbi izatea funtsezkoa da horretarako. TDTak ekarritako aniztasunak are txikiagoa bihurtu du ETB1 telebisten ur handietan. Baina asko dago jokoan. EITBren beraren izateko arrazoia, tarteko. Eztabaida partehartzailea bultzatu behar da datozen hilabeteotan, neurriak hartzen hasteari uko egin gabe.

Bilbon, 2010eko ekainaren 30an

Erantzunak

Unai Fdz. de Betoño
2010-07-05 : 13:27

"Ez da lan samurra ikusle euskaldunak ETB1 ikusten jartzea, gaztelerazko kateetan, ETB2 barne, eskaintza hain zabala eta lehiakorra dagoenean."



Hau da, EITBk berak onartzen du ETB2-ren eskaintza zabalagoa eta lehiakorragoa dela...



Unai
2010-07-05 : 13:43

Ba esaten duen gehienarekin ados nago. Apuntetxo batzuk:



* Albistegiak ordutegi normalean izan behar dira, 15.00tan eta 21.00tan.

* Dekoratuak gutxienez ETB2koak bezain landuak. Azken hauteskunde autonomikoetan ETB2ko platoa ederra, haundia zen. ETB1eko berriz kutre eta txikia.

* Telesailak!!! Zinema baino gehiago. Gaur egun telesailek erakartzen dute jendea. Barne produkzioa bai, baina baita kanpokoa ere.

Kaixo
2010-07-05 : 14:51

Zergaitik ez dute egiten ETB1ten adibidez, TVE ekoizten duen "Informe semanal" bezalako kalitatezko saioak. Lehen ETB1ten marrazki bizidunak ziren nagusi orain ETB3ra pasa dituzte baina egun kirolak bete dute parrilla, gero ze etorriko dira dokumentalak?

Berriro jarri albistegietan Maddalen Iriarte aurkezle. Gauez pornoa eman, pelikula politak euskaratu kalitatezko hitzulpenekin, albistegietan zentsurarik ez egotea, milaka gauza egin daitezke ETB1 sartuta dagoen zulotik irteten laguntzeko. Kostako zaio. EKIN!!!

Jonny
2010-07-06 : 11:23

Beharrezkoa al da ETB4 abiaraztea?

Ib
2010-07-06 : 11:40



1. Euskaldunok euskaraz ikusiko genituzke beste kate batzuetan gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez aurretik edota aldi berean botatzen dituzten telesailak?



2. Audientziak aztertzean, kontuan hartzen da internet bidezko kontsumoa? Nik, adibidez, Mugaldekoak edota Goenkale maiz samar ikusten ditut EITB.com-n argitaratzen direnean.



3. Zergatik mugitu behar dute parrilatik bertan ekoitzitako programek kirol-saioei toki egiteko?



4. Zergatik ez ditu jendeak euskaraz bikoiztutako filmak, film horiek berek audientzia txukuna dutenean Euskal Herrian bertan gaztelaniaz ematen direnean?



5. Zergatik gara hain "zorrotzak" euskaraz egiten diren produktu guztiak kritikatzen, gaztelaniazko kateetan (Berlusconirenean, adibidez) inolako arazorik gabe zabor kirastua irensten dugun bitartean?



Gero eta gehiago gara euskaraz dakigunok. Baina ez nago seguru euskara erabiltzeko gogo handirik dugunik. Euskarazko produktu estandarrak kontsumitzeko grina handirik behintzat ez dugu erakusten. Bertatik Bertara berpiztuko balitz, jendeak (euskaldunek) "Euskadi Directo" (tripako mina ematen dit idazte hutsak ere) utziko luke ordu berean ETB1 pizteko? Vaya Semanita eta Wazemank ordu berean balira, zenbat euskaldunek aukeratuko lukete bigarrena? Erreala-Atletic derbia bi kateetan emango balute, zein piztuko lukete euskaldunek?



Ez dakit erantzuna jakin nahi dudan.



Ib

Imanol
2010-07-06 : 22:28

Benetan txosten eskasa, murritza eta eduki berri gutxikoa iruditzen zait. Lehendik ezaguna ez zen gauza gutxi dio, eta proposamen zehatzak, bi/hiru.

Egia esan, beste zerbait espero nuen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago