Teknologia albisteak
2

Tortura matxista polizia-etxean

Erabiltzailearen aurpegia
iñaki kasares
2010-06-18 : 09:06

Beste behin ere tortura testigantza heldu zaigu Espainiako ziegetatik. Beste behin ere tortura matxista sexualak euskal herritar (emakumezko) baten aurka. Goiza bada ere, barruak nahigabeturik sentitzen ditut dagoeneko. Gaur ere bai. Egunkariari errepasoa egin eta egunero-egunero aurkitzen dut gertaera atsekabe-emangarrien berri. Guarkoan are lazgarriagoa iruditzen zait leiturikoa. Gizon batzuek emakumezko bat eure esku izan dute, mundutik isolatuta, eta guztizko zigorgabezian nahi izan dutena egin diote.

Hemen dugu Naia Zuriarrain bilbotarraren testigantza mingarria:

«Guardia zibil bat nire eskumako aldean jarri zen eta belarri ondo-ondoan, bere indar guztiekin oihukatu zidan 'hitz egingo duzu!'. Oihu bakoitzaren ostean 'piiii' egiten zidan belarriak. [...] Berehala 'biluztu zaitez!' esan zidan. Ez nuen ezer egin. Hiru lau guardia zibilen artean hasi ziren biluzten, ni saiatzen nintzen erresistitzen baina indarrez kentzen zidaten arropa, esaten zidaten bero jartzen zituela ni erresistitzeak. Lehenengo, jertsea, kamiseta, prakak, plaierak, galtzerdiak kendu zizkidaten. Tanga eta barne kamisetarekin utzi ninduten. Barne kamiseta kentzen saiatzen ziren bitartean, bakoitzak beso batetik hartu eta beso bakoitza gomaespuma zati batekin bildu zidaten, prezintoarekin lotuta. Guztiz akoltxatuak nituen besoak, eskuak estalita. [...] Tangan utzi ninduten. Atzean jarri zitzaidan bat, bere gerrikaldea nire ipurdira guztiz pegatua. [...] Lepoa, aurpegia, ilea, titiak, gorputza ukitzen zidaten... eta bitartean, ur hotz-hotza botatzen zidaten burutik behera eta lepotik behera. [...] Ez nuen oihurik egiten, ez nuen negarrik egiten [...].

Gomaespumazko zati handi bat jarri zidaten besapetik behera, gorputz guzti-guztia estaltzen zidalarik. Bi besoak altxatu zizkidaten eta esan zidaten besoak gurutzean mantendu behar nituela. [...] Batak besteari esan zion poltsak ekartzeko. Plastikozko poltsa bat jarri zidaten buruan, lepotik guztiz estutzen zidatela eskuekin. Arnasa hartzen hasi nintzen eta plastikoa aho barnera sartzen zitzaidan, itotzen nintzen. Hortzekin puskatu nuen poltsa, ez dakit zenbat denborara. Berriz jarri zidaten beste poltsa bat [...].

Ez dakit zehazki zenbat alditan jarri zidaten poltsa, 4-5 alditan uste dut. Oso agobiatuta eta itotzen nintzela sentitzen nuen. Poltsa jarri zidaten batean, arnasa ez hartzen saiatu nintzen, zorabiatzeko, ia horrela gelditzen ziren baina ez nuen asko iraun, ez dakit superbibentzia instintoa den edo zer, baina berriz hasi nintzen arnasten poltsa barruan eta era berean itotzen. Saiatzen nintzen hortzekin puskatzen poltsa baina ez zen erreza. [...] Itoko nintzela pentsatzen nuen. Azkenean zorabiatu nintzen eta lurrera erori edo bultzatu ninduten, ez dakit seguru. [...] Lurrean nengoela, nire gainera bota ziren. [...] Argi gogoratzen dut nire buruari min egin nahi niola, burua hormaren kontra jo nahi nuela, dena bukatzea nahi nuen. Baina ezin nintzen mugitu. Buruz gora jarri ninduten eta ur pila bat bota zidaten aurpegira. Ura sartu zitzaidan sudurretik, ezin nuen arnasa hartu[...].

Indarkeria matxista aurkako aldarria eguneroko kontua dugu, estatuak ere bere indar koakzionatzailea ere erabiltzen ei du horren aurka. Lehengo egunean bertan, gazte bat atxilotu zuten emakumezkoa bat ipurdia ukitzeagatik. Baina, hara! estatuaren beraren zerbitzari leial omen diren horiek, inoren begietatik kenduta, beren zuloetara eramandako emakumezko bati zer egin dioten. Ez da lehena izan Naia. Tamalez, ez da azkena ere izango, ziur asko. Bere testigantza ere ez da entzun dudan gogorrena ere izan, bere latzean; beste batzuei gauzakiak ere sartu dizkiete alutik edo ipurtzulotik. Eraso sexualak maiz gertatzen ei dira polizia-etxeetan, bai emakumezkoei eta ba gizonezkoei ere. Hala ere, gizarte-salaketa gutxi izaten dira, torturaren aurkako taldeena eta talde feminista batzuena ("batzuena", bai, ez denena). Bortizkeria sexistaren, matxistaren aurka titular handiez dabiltzan hedabide nagusiak mutu izaten dituk honelakoetan; "emakume bat gaizki tratatzen duena erruduna" dela dioen erakundea itsu, mutu eta entzungorra; kale konzentraziorik ez; udal adierazpen ahobetezkorik ez;... eta berdintasunaren alde nahiz indarkeria matxistaren aurkako gizonezko mugimendua erehildakoak bezain mutu.

Letra hauek idazten ari naizela barrena kiskalita diat, eta amorruzko malkoek begiak erretzen dizkidate. Ez nago hotzean pentsatzen "zer den egokiena", zer gerta dakidakeen garraxi egiten badut Espainiar zerbitzari armadun horiek, estatu oso baten indar eta babes lotsagarriaz, sarritan nire herrikideak, euskal herritarrak, torturatu egiten dituela hiltzea desiratzen duten arte ere; eta nire amak, arrebak, neska-lagunak, amamak, izebak, lehengusinak,... diren euskal emakumezkoak (baita gizonezko asko ere) bortxatu egiten dituela, krudelkeriaz, sadismoz, batere gizatasunik gabe eta inpunitate gorrian.

Eta horrexegatik ere, garraxika dei egiten diet gizonezko guztiei, baita heuri ere, halakoak sala ditzagun ozen, argi eta garbi; zeren ez baitago indarkeria matxista handiagorik, emakumeenganako (eta gizonenganako) bortizkeria sexista handiagorik estatu baten zerbitzariek, hain zuzen jendea halako gaitzetatik babesteko daudenek, estatuaren baliabidez eta zigorgabetasunez, eragindako tortura eta tratu txarra baino.

Erantzunak

josu
2010-06-18 : 10:40

Eta jende gehienak beste alde batera begiratzen du. Beste aldera zergatik begiratzen den ihardesten duenik egongo da, galdera ona. Beste kasu batzuetan ere beste aldera begiratu dela salatzen duenik egongo da, arrazoia. Baina berdin-berdin, torturaren gaian beste aldera begiratzen du jende gehienak.

xabier
2010-06-20 : 22:35

Kasu hauetan ikusten da zein gaixorik dagoen gure gizartea. Polizia eta guardia zibilek mugagabeko inpunitatea dute koarteletan eta sarritan horrelako krudelkeria higuingarriak egiten dituzte. Estatu aparatuen konplizitate itsua lagun dutenez, gero torturak salatzen dituztenak "ETAren eskuliburua" jarraitzen ari direla sinistaraziko digute. Horren aurrean zer egiten dute instituzioek? Biktimak egunero ahoz aho darabiltzaten alderdi, talde sozial, erakunde eta abarrekoek? Zer egiten dute emakumeen duintasuna eta eskubideak defendatzea lehen eginkizun duten talde eta erakundeek? Emakundek ikertzen ote ditu salaketa hauek? Arartekoak erantzukizunak eskatzen ote ditu? (Ez noa Espainiako Herri Defendatzaileaz edo Berdintasunerako ministerioaz hitz egitera, haientzat gai hau suhajilia delako erabat).



Bide bakarra inkomunikazioa amaitzea eta atxilotuen inguruko guztia grabatzea da, gero grabazio horiek beraien abokatuen esku jartzeko, jakina. Tortura erabiltzen dutela ukatzen duten horiek aukera daukate bitartekoak jarriz demostratzeko. Bien bitartean salaketa hauetakoren bat gertatzen denean tentuz hartzen jarraitu beharko dugu, presioa eginez honelako gertaerak ikertu eta salatu gabe gera ez daitezen.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago