Teknologia albisteak

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
2010-06-20 : 11:06

Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidenteak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute aste honetan Villabonako (Gipuzkoa) Mintzola Etxean, Bertsozale Elkarteko egoitzan. Hitzarmenaren arabera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 141.670 euro bideratuko ditu Bertsozale Elkarteak 2010 urtean garatu behar dituen hainbat egitasmo finantzatzeko. Hain zuzen, lau esparru hauetan eragiteko: kudeaketa orokorra, komunikazioa, transmisioa eta ikerkuntza.

Sinadura ekitaldian Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azpimarratu zuen Bertsozale Elkartearekin sinatutako akordioa HPSk markatu duen estrategiaren baitan kokatzen dela: “Gure helburua da ahalik eta elkarte gehienekin akordioak sinatzea elkarlanean sinisten dugulako eta beharrezkoa ikusten dugulako guztiok norabide berean aritzea indarrak alferrik xahutu gabe”.

Era berean, Auzmendik bertsolaritzaren indarra nabarmendu zuen “ahozkotasunean zein inprobisazioan oinarritua euskararen transmisiorako eta hizkuntza lantzeko tresna egokia delako eta gaur gaurkoz eragin izugarria duelako”.

Hitzarmena sinatu ondoren Bertsozale Elkarteak Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzarekin jarraian zehazten ditugun egitasmoak betetzeko konpromisoa hartu du:

KUDEAKETA OROKORRA: Idazkaritza eta koordinazio lanera bideratua. Besteak beste, esparru honetan egiteko hauek zehazten dira.

• Bertsozale Elkarteko erabaki organo desberdinak koordinatu.

• Bost bertsozale elkarteren arteko Kudeaketa Batzordearen funtzionamendua gidatu.

• Langileen Prestakuntza Beharrizanen diagnosia egin.

• Herri administrazio eta gainerako erakundeekiko harremanak eta elkarlanen behar bezalako jarraipena egin.

• Oinarri soziala, bazkidetza, eten gabe zabaltzeko politikak diseinatu eta garatu.

• Mintzola Fundazioaren (ahozkotasunaren ikergunea) garapenean parte hartu eta elkarlanerako bideak aurkitu eta gauzatu.

• ...

KOMUNIKAZIOA: Zazpi helburu nagusi markatu dituzte 2010ean garatzeko.

• Komunikazio sailaren jarduna herrialdeekiko nahiz sailekiko zehar lerroan egituratu, eremuak zehaztuz eta sinergiak aprobetxatuz.

• Eragile baten dedikazio jarraituarekin komunikazio saila dinamizatu, komunikazio batzordearen egitura berria aktibatu, herrialdeetako komunikazio arduradunen bitartez elkarteen arteko etengabeko komunikazio fluxua bermatu, komunikazioari lotuta lanean ari diren Elkarteko profesionalen arteko komunikazioa bultzatu eta adituen parte hartzea eragin.

• Elkartearen komunikazio politika finkatu eta idatzi eta elkarteko kideak formatu, diskurtso propio eta koherentea zainduz.

• Urtean zehar aurrera emango diren egitasmoen komunikazio planen diseinuan parte hartu Elkarteko komunikazio politika aintzat hartzen dela bermatuz.

• Webgune berriaren proiektua diseinatu eta garatzen hasi.

• Hedabide eta gizarte mailan elkarteak duen presentzia mantendu eta areagotu.

• Irizpide bateratuekin, Euskal Herriko eta herrialdeetako elkarteen egungo irudi grafikoa berritu.

TRANSMISIOA: Arlo honetan hamar helburu nagusi nabarmendu dituzte.

• Transmisioko lan ildoak egituratzea: materialgintza, aisialdia eta formazio alorrak.

• Material ildoak definitzea, bereziki multimedia esparruari dagokionez.

• Garatu programaren barnean irakasleen formazioa eskaintzea, bai bertako irakasleentzat, bai ikastetxetako irakasleentzat. Bertso-eskoletako irakasleei dagokienez, Bertso Gida 2 materialean oinarritutako ikastaroak eskaintzea Mintzolan eta herrialdeetan.

• Urte osoko eskaintza bermatuko lukeen Barnetegi baten proiektua diseinatzea; bertso udalekuak antolatzea: Aldundiekin 3 txanda eta elkartetik 5 txanda; herrialdetako bertso-eskolen Topaketak antolatzea; barnetegiak hilabete batean biltzea eta komunikazio kanpaina bat burutzea eta Euskal Herriko Bertso-eskolen Topaketak antolatzea.

• Bertso-eskoletarako kanpaina bat burutzea.

• Bertso-eskolen datu basea osatzea.

• Webgunean transmisio sailari dagokion atala berregituratzea eta ikasturtean zehar kanpora begirako komunikazioa lantzea, gai-ekitaldi jakinen aitzakian.

• Lan ildoak herrialdeetako zuzendaritzei aurkeztea eta herrialde bakoitzarekin aplikazioa nola egin posible aztertzea.

• Batzorde indartsua bermatzea.

• Transmisiorako bigarren eragilea hautatzea eta bi eragileen artean lan ardurak egoki gestionatzea.

IKERKUNTZA: Atal honetan bederatzi helburu finkatu dituzte:

• Ikerkuntza taldeari eta egitekoari buruz gogoetari bide eman.

• Ikerkuntza ZEHARLERRO. Gainontzeko sailekin harreman jarraitua abiatu eta garatu.

• Herrialdeetako ikerkuntza arduradunekin harreman jarraitua abiatu.

• Mintzola ikergunearekin zein beste ahozkotasun generoekin elkarlana bideratu eta garatu.

• Ohiko ikerkuntza ekimenak bultzatu eta Mintzolak eskaintzen dituen ikerkuntza aukerak eta tresna berriak baliatu.

• Hurrengo Kulturartekoaz gogoetatu, planifikatzen eta definitzen hasteko.

• Bertsozale Elkartearen historia landu: proiektua definitu eta abiatu.

• Ikerkuntzako web atala diseinatu eta abiatu.

• IKER azpibatzordeak (Bertsolamintza, EHU, UEU, Kulturartea, Doinutegia, Iker mapa) berpiztu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago