Kazetaritza ikasketek utzitako ajeak
Bete berri dut aspaldiko gogo bat: Kazetaritza ikasketak egitea. Lau urtean Leioara joan-etorrian ibili eta gero, azkenean, bukatu ditut ikasketak. Goi mailako edozein ikasketak, logikoa denez, norberaren baitan uzten ditu arrasto garrantzitsuenak, bertan geratzen direlako ikasitakoak eta bizi izandako esperientziak. Hala ere, inguruko gauza arruntenetan ere aurki daitezke egindako ibilbidearen zantzuak. Hona hemen aztarna horien bilduma txikia.

Argazkiak.org | Boligrafoak © cc-by-sa: goioarana
BOLIGRAFO HUTSAK
Boligrafo huts mordoa pilatu ditut egongelako tiraderan. Ikustekoa da zenbat ordu eman behar izaten den Kazetaritzako fakultatean oharrak hartzen eta zirriborroak egiten! Zehatzagoa izango naiz, lizentziaturaren ziurtagiria jaso aurretik, idazten eman behar izan dut BIC markako hamar boligrafo goitik behera hustutzeko besteko denbora. Goiko irudian ikus dezakezue, garbi-garbi utzi dudan boligrafo sorta.

Argazkiak.org | Teklak © cc-by-sa: goioarana
TEKLA GASTATUAK
Baina, jakina, bolaluma baino gehiago, egun, ordenagailua erabiltzen da Kazetaritzako fakultatean. Jarraitu aurretik, ohar bat Kazetaritza ikasten hasteko asmoa dutenei: prest egon behar duzue "galdutzat" emateko teklatuaren zenbait hizki. Ikusi argazkian nire eramangarriaren teklatu koitadua, lau urte egin eta gero, guztiz minuztuta geratu dira "A","R", "N" eta "E" hizkien teklak! Izan ere, sarean sartzeko erabiltzailearen izen-abizenak direla edo egindako idazlanetan jarri beharreko sinadura dela, kontaezinak izan dira, esate baterako, "Arana" idatzi behar izan ditudan aldiak! Jo eta sua teklei eta, bistan denez, bereziki "A", "R", "N" eta "E"ri! Zalantza azken horrekin sortu zait: zer dela eta hondatu dut hainbeste "E" gaixo hori?
TXISKEROAK BETETA
Pendrive bi eta disko gogorrean nahikotxo toki behar izan dut bildutako idazlan eta apunte guztiak gordetzeko. Lau ikasturteren buruan 8,93 Gigakoa izateraino hazi da EHU izeneko karpeta. Gordeta ditudan dokumentuen artean daude, batez ere, testu eta pdf formatuko dokumentuak, baina tartean aurkezpenak eta argazki ugari daude, baita bideo txiki gutxi batzuk eta podcast bat edo beste ere.
MEZU ELEKTRONIKO ASKO
Posta elektronikoa ere asko erabili izan dut. Horren gainean baieztapen bat: ezinbestekoa da ganorazko posta zerbitzua aukeratzea, eta ez unibertsitateak berak eskaintzen duena. Mezuak antolatzeko asmoz, "Kazetaritza" etiketa erabiltzen hasi nintzenetik Gmail-eko postontzian 677 mezu gorde ditut tag horrekin.

Argazkiak.org | Betaurrekoak © cc-by-sa: goioarana
DIOPTRIAK, GORA
Kazetaritza ikasketak ala Santa Luziaren madarikazioa? Berriro ikasten hastea erabaki nuenean ez nuen, inondik inora, betaurrekoen premiarik. Orain, aldiz, hizkiak dantzan darabilzkit begi aurrean. Betaurreko txiki horietako batzuk jantzita egin behar izan ditut azken urteko azterketak! Gauza asko irabazi dut Kazetaritza ikasita, tartean, dioptriak.
GASOLINA UGARI
Ikasketek utzi duten azken arrastoa C02 izan da. Sinesgaitza eta lotsagarria da, baina Debagoiena osotik ez dago inolako garraio publikorik unibertsitate publikora joan ahal izateko. Autobus bat bere ere ez, zero! Ez daukat esaterik lau urteotako joan-etorrietan zenbat gasolina erre dudan, baina, duda barik, asko izan da, larregi.
Erantzunak kargatzen...