Teknologia albisteak
1

Room in Rome: porno soft eta beste ezer gutxi

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-05-08 : 12:05

Julio Medem zinema-zuzendari donostiarra pantailetara itzuli da, azken zartakoen ondoren, enkarguzko film batekin: "Room in Rome", bi emakume ezezagunen arteko sexu eta amodio gau bat kontatzen duena, hotel-gela batean. Irudiak aski esplizituak direla abisatu zaigu aurretik, morboa deitu ohi den jakin-min mota hori piztuz, baina apustuak baditu bere arriskuak, ikuspuntu artistiko batetik begiratuta.

Medem beti izan da zuzendari pertsonala. "Vacas" urrun harekin estreinatu zenetik, "La ardilla roja", "Los amantes del círculo polar" eta bere gainontzeko filmak beti izan dira bere kezka eta obsesioen adierazle, argumentu konplexuz onduak eta sinbolo poetikoz beteak, eta horri esker liluratu izan ditu hainbat ikusle. "La pelota vasca"rekin hasi ziren haren arazoak, euskal arazo politikoa espainiarrei esplikatu nahi izatean, guretzat txepel samarra gertatu arren, ikuspuntu eta iritzi desberdinak erakuste hutsa anatemarako motiboa izan baitzen Ebrotik behera. Fikziora itzuli zenean, "Caótica Ana"k ere egurra suelto jaso zuen, dela aurretik hartua zioten amorrazioagatik, dela filmaren ahuleziagatik.

Egoera horretan nora ezean zebilen donostiarra, nonbait, Grezia klasikoari buruzko film bat egitekotan (horren arrastoak ageri dira egin duen filmean), ahal zela Espainiatik kanpo eta ingelesez. Azkenean, "En la cama" Matias Bize-ren film txiletarraren remake bat egiteko enkargua jaso omen du, eta, berak dioenez zalantza asko izan ondoren, proiektua bere egin eta honako filma burutu du.

Argumentua erraza da kontatzen: Albak (Elena Anaya aktore espainiarra) eta Natashak (Natasha Yarovenko, jatorriz ukrainarra baina Espainian bizi dena) sanjuan gau batean topo egin dute Erroman, erakarpen moduko bat sentitu, eta bietako baten gelara doaz gaua pasatzera. Biak dira arrotzak hirian, biek aldegin behar dute biharamunean, nork bere herrialdera (Donostiara Alba -euskara ere entzuten eta aipatzen da filmean, eskertzeko gauza-, eta Moskura Natasha), baina gau batez parentesia zabaldu daiteke, bakoitzaren familia eta errutinetatik aparteko zerbait sortzeko.

Alba betidaniko lesbiana da, eta Natashak berriz lehenengo aldia du, horrek sortzen dizkion zalantza guztiekin, baina goxotasunez eta umorez gaindituko dituzte beldurrak oro. Hortik aurrera, espero zitekeen bezala, gorputzen koreografia hasten da. Zartzuela klasikoak zioen moduan, "una morena y una rubia", bi gorputz eder (kasu honetan ilehoriarena ederragoa). Oheko jirabueltek bere pausaldiak ere behar dituzte, ordea, eta kasu honetan gidoiak, biluziak esijitzeaz aparte, elkarrizketa ere eskatzen du, bestela ohiko film porno bat besterik ez genuke izango.

Bi pertsonaien apurkako hurbilketa izan daiteke pelikularen alderdi politena: konfidentziak hasten dira, hasieran fikzio eta gezur hutsa direnak, baina pixkanaka gero eta benetakoagoak, azalez ez ezik mamiz ere biak biluzi arte. Prozesua ondo eramanda dago, baina aurreikusteko modukoa zen, hala ere, eta alde horretatik ez du ez harridurarik ez hunkidurarik sortzen, nire ustez.

Horrez gain, filmak baditu bere koxkak. Argazki ederra izanagatik, klaustrofobiko samarra da erdi-ilunpetako gela bakarreko jarduna; zuzendariak eskura dituen baliabideak ere mugatuak dira, beharbada ezinbestean; bestalde, hoteleko kamareroaren rola, operako ariak kantatuz-eta, apur bat barregarri eta sinesgaitza gertatzen da; musikan ere, bizpahiru kantu behin eta berriz entzunaraziko zaizkigu (eta horietako bat, "Loving Strangers" ederra, ez dakit modan jarriko den baina niri buruan iltzaturik geratu zait).

Eta amaiera? Sexuak maitasunari egingo dio leku? Parentesia itxi gabe, bizitza berri bati ekingo diote emakume biek? Ez dugu guk aurreratuko, izango baitira uxatu ez ditugun ikusleak, eta kontenplazio estetikoaz aparte bestelako bixigarriren bat ere utzi behar horientzat ere.

Erantzunak

Beñat
2010-05-28 : 02:29

Pelikula N-E-G-A-R-G-A-R-R-I-A. Ez ezazue ikusi inola ere! Txarra izateaz gain, zinez aspergarria da.

Erantzun

Sartu