Teknologia albisteak
1

Donostiako liburu irakurgailu publiko bat probatu dugu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-05-10 : 12:05

Donostiako Udal Liburutegiak aukera eman digu probatzeko beren liburu elektronikoen irakurgailuak. Hiru modelo dituzte, eta horietako bat egokitu zaigu, Papyre 6.1 delakoa. Ez zaigu guztiz asebetetzeko moduko esperientzia iruditu, baina bai urrats interesgarri bat.


Argazkiak.org | Papyre, Donostiako Udal Liburutegikoa © cc-by-sa: sustatu

Gailu sinplea da Papyre. Forro praktiko batekin dator, arina baina sendoa ematen du. Tinta elektronikoa erabiltzen du, irakurterraza da emaitza.

Pantaila ez da ukimenekoa, eta hortaz aukera guztiak 14 teklaren bidez erabakitzen dira: Atzera, OK, gezia batera, gezia bestera, eta 0-9 zenbakiak. Menu aukerak beti zerrendatuta ageri dira, eta dagokion zenbakia sakatuta aukeratzen duzu bata edo bestea.

Zenbaki zeinu horietako batzuek funtzio gehigarri bat ere badute, 7ak aurkibidea ere ekartzen du; 8arekin lupa edo zoom zeinua dator eta letra tamaina aldatzeko tekla da hori. Zoom aukerak ez dira beste munduko ezer, bertikalean txiki, bertikalean handixeago eta, tipo handienerako, pantaila horizontal bihurtzen da.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: Papyre, Donostiako Udal Liburutegikoa | Erabiltzailea: sustatu

Orriz orri pasatzean, keinua egiten du pantailak, klik-une deseroso samarra. Horrez gain, liburu jakin batean zaudela, orri zehatz batekin gogoratzeko... ez dago metodo agerikorik. Hori bai, ireki dituzun azken liburuak Recientes delako aukera batean egoten dira, eta bat irekiz gero, zeuk utzi duzun orrian geratzen da.

Instrukzio orri bat ematen dizu Liburutegiak, euskaraz eta gaztelaniaz, baina interfazea gaztelaniaz bakarrik dago.

iPad baten iBooksekin konparatuta, paperaren itxura handiagoa du, iPadaren diztiraren aurrean Papyrek ez baitu argirik egiten: argia itzali ezkero, ez da ikusten pantailan dagoena; iPadarena berriz argiztutako pantaila bat da.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: Papyre, Donostiako Udal Liburutegikoa | Erabiltzailea: sustatu

Tresnaren funtzionamenduari dagokionez sinplea da Papyre baina intuitiboagoa eta ikusgarriagoa da iPada. Batak teklatua, pantaila ukigarria besteak... ez dute zerikusirik interfazeari dagokionez, askoz azkarragoa da iPada eta funtzionalitate gehigarri batzuk ditu (testua aukeratu ahal izatea, markadorea, hiztegia, koloredun pantaila taktila...). Lehen itxura batean ikusten da iPada oso desberdina dela.

Liburuz hornituta dator

Liburutegi ale hauek hainbat liburuz hornituta daude. Aurkibidea ez da oso praktikoa. 600 bat lan gaztelaniaz asko dira, eta horietan bilatzeko, autoreen deituran fijatu behar zara. Euskarazkoak gutxiago dira, 50 bat, baina horiek ere, letraz letra banatuta ageri zaizkizu, ez aurkibide erraz batean. Aurkibide apur bat nahasi horren arrazoia, beharbada, hornikuntza Liburutegitik egina izatea da. Agian, zuk zeuk betetzen baduzu Papyre bat zeure liburu elektronikoekin, hobeto ibiliko da; baina ez dugu hori probatzerik izan, horretarako ez baitu biderik ematen Liburutegietako mailegu sistema honek.

Liburu hornikuntza pobreagoa da euskaraz, lan librerik apenas dagoelako. Eta daudenak, PDF formatuan daude. Gaztelaniazko lanetan, asko ePub formatuan daude, baina euskarazko halakorik ez dago. PDFak irakurtzen ditu Papyrek (eta gainerako irakurgailuek), baina formatu egokiagoa da gailu hauetarako ePub. Galdera burura datorkigu... nork sortuko ditu ePub-ak euskaraz? Nola banatuko dira? Ekimen komertzialetatik aparte, ondare publikokoak moldatuko dira formatu horretara?

Oraingoz jarri dituzten euskarazko PDF horiek, Donostiako Euskara Patronatuak Auspoa argitaletxearekin egindako Donostiako autoreen digitalizazio lan baten emaitza dira. Armiarma proiektuko Klasikoen Gordailuari ere begiratu zioten, baina han oraingoz Html formatuan daude euskal klasikoak.

Hemen jarri dugun adibidean, Bilintxen Kontzezirentzat bertsoak ikusten dira irakurgailuan: argazkia eskasa da, baina liburuaren kalitatea ere ez da kasu honetan komeni bezain ona, dokumentu zahar baten gainean egindako PDF bat baita.

Hornikuntzak ez du, agian, jende guztia aseko. Baina liburu zehatz batzuk irakurtzeko baino gehiago, iruditzen zaigu Liburutegiaren ekimenak balio duela gailu berri bat irakurtzaleen artean ezagutzera emateko. Hardwarearekin jolasteko eta aukerak esploratzeko bide ematea dela ideia honen ekarpen handiena, oraingoz. Era berean, Papyre hau ere elektronika pieza bikain baino gehiago, iruditzen zaigu "aurrerapen" bat dela, agian beste marka batekin edo modelo aurreratuagoekin urte gutxi barru izango ditugun aukeren lehen dastaketa egiteko abagunea.

Software librearekin lan egiten duen Espainiako enpresa txiki batek sortua da Papyre, eta merituzkoa iruditzen zaigu hori ere.

Donostiako Udal Liburutegietan 36 gailu erosi dituzte, heren bat edo dira Papyre. Bakoitza 21 eguneko epe baterako eraman dezakezu etxera, eta iruditzen zaigu eskari handia izango dela. Sustatuk hiru egunez eduki du bat, Udal Liburutegiak berariaz utzita, eta itzuli dugu jada. Eskerrik asko.

Liburutegien katalogoa erabili daiteke zeharka jakiteko ea gailurik libre dagoen ala ez: iLiad, Papyre eta Cybook hitzak bilatu izenburu gisa, eta emaitzetan, kokalekua aukeran klikatu.

Erantzunak

Joxe Aranzabal
2011-01-19 : 18:13

Oso artikulu ona. Zorionak! Neurri batean erantzuten dio Atabala blogak atzo idatzitakoari. Zelan jokatzen dute gainerako hiriburuetako herri-liburutegiek?


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago