Teknologia albisteak
2

Txillarre baserria: produktu ekologikoak eta elkarrizketa politikoen eszenatoki

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-08-30 : 11:08

Elgoibarko Txillarre baserriak nekazaritza ekologikoko produktuak eskaintzen ditu aspalditik Internet bidez. Salmenta zuzena burutzen dute, baserrian ekoiztutakoa saltzen dute Internet bidez. Baserri horretan egin zituzten bilerak Jesus Egigurenek eta Arnaldo Otegik, ETAren su-etena iragarri aurretik.

Lehenago aipatu izan dugu nola Valentziako laranjak Internet bidez erosi eta etxera ekartzen dizkizuten. Bada, Valentziara joan gabe ere baditugu antzeko eskaintzak gure inguruan: araututako nekazaritza ekologikoko tekniken arabera ekoizten dute Elgoibarko Txillarre baserrian, eta erosketa etxera eramaten dizute. Honako azalpena ematen dute bere produktuei buruz:

Nekazaritza Ekologikoak edo Biologikoak ez ditu sustantzia kimikoak erabiltzen. Hau da, ez du pestizida, sintesi ongarri edo eta gehigarririk erabiltzen.

Eskaera egiteko online denda bat daukate, bertan eskaera egiteko, baina zerrenda hori ez dago eguneratuta eta e-mailez funtzionatzen dute. Produktuen zerrenda bat bidaltzen dizute, eta e-mailez egiten diezu eskaera. Astean behin egiten dute erosketaren etxez etxeko banaketa. Eibarrera, adibidez, astelehenetan egiten dituzte banaketak. Eskaera egiteko, igande gauerarte egin daiteke (21.00ak arte). Azpeitia, Azkoitia, Mendaro eta Zumaian asteazkenetan egiten dituzte banaketak.

Arnaldo Otegi eta Jesus Egigurenen bilerak

Arnaldo Otegi eta Jesus Egigurenen arteko elkarrizketa asko eman izan dira bertan, Txillarre baserrian. Imanol Muruak Loiolako Hegiak liburuan azaltzen du:

Elgoibarren, 2000. urte inguruan, noizean behin elkartzen hasi ziren Arnaldo Otegi eta Francisco Egea sozialista, Jose Antonio Ardanzaren azken gobernu taldean Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan sailburua izana. Biak elgoibartarrak, gaztetan Elgoibarrera joandako zumaiarra zuten adiskide biek: Pello Rubio, Txillarre baserriko nagusia, bere garaian LKI alderdian ibilitako troskoa. Lehenengo topaketak informalak izan ziren, afari bat edo beste, baina hizketaldi batzuen ostean, Jesus Egigureni deitu eta bilera serioagoak egiten hasi ziren. Leku aproposa bazuten, gainera, ondo ezkutuan: Txillarre baserria.

Elgoibartik Azkoitirako errepide zaharra hartuta iristen zara Txillarrera, Azkarate mendatean. Han egiten zituzten bilera sekretuak Jesus Egigurenek eta Arnaldo Otegik.


Txillarre map

Bilera horien berri hasieratik jakin zuen beraz Txillarreko Pello Rubiok. Bere lana horrela azaltzen du Muruak:

Nekazaritza ekologikoan aitzindarietakoa da Txillarreko Pello Rubio, hogei urte baitaramatza baratzea ongarri kimikorik gabe lantzen eta nekazaritza molde hori sustatzen. Baratzeko produktuak Internetez eskaintzen ere aurrenetako baserritarra izan zen. Baina bestelako lan batzuk ere egin ditu azken urteotan, ogibide izan ez dituen lanak: sukaldari, telefonista, mandatugile eta baita txofer ere, Txillarreko bilera sekretuek iraun zuten bitartean.

Erantzunak

epetxepe
2010-08-30 : 12:18

Pello Rubiori egindako elkarrizketa interesgarria Baleike aldizkarian (PDF formatuan).


Jonlu
2010-08-31 : 12:00

Dudarik gabe, txalotzekoa da Txillarre baserriak nekazaritza ekologikoaren alorrean egindako ahalegina eta ekarpena: hemen ekoizpen mota hori zer zen inork ere ez zekienean, nahiko bakarrik hasi zen, eta hutsetik abiatuta; Internet bidez saltzean, berriz, sasoi berrietara egokituz salmenta zuzena egitea lortu zuen.
Azkenaldian, beste esperientzia berritzaile batzuk ere sortu dira geurean, sasoian sasoiko produktuak, hemengoak eta ekologikoak kontsumitzeko. Kalea eta baserria elkarrengana hurbiltzea dute helburu.


Erantzun

Sartu