Teknologia albisteak
7

Maiatzak 15, Iruñean: Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidearen alde

Erabiltzailearen aurpegia
Oskar Zapata. Nafarroako Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
2010-04-27 : 11:04

Legegintzaldia hasi berria zela, Nafar Gobernuak Euskarabidea sortu zuen, euskararen hizkuntza politika aldekoagoa eginen zuela irudikatu nahian. Euskararen alde lanean dihardugun agente guztiok, aldez edo moldez harremana eduki dugu alderdi politiko guzti-guztiekin. Esaterako, Topagunekook, azken bi urteetan hogei bilera baino gehiago egin ditugu guztiekin. Behin eta berriz joan gara jarrera ezin eraikitzaileagoarekin: goazen gure lana eskaintzera, goazen gure proposamenak egitera, goazen negoziatzera... herri ekimena eta administrazioa elkarlanean aritzearen aldekoak gara eta.

Denbora pasa ahala, Gobernuaren jokaera agerian geratu da: Euskarabidea sortzea distrazio maniobra izan zen, betikoan segitzeko:   euskaldunoi egurra. Jakina, amorrua metatzen joan da denbora honetan guztietan.

NAFARROAN EUSKARAZ BIZITZEKO ESKUBIDEA - Aurkezpen prentsaurrea

Manifestazioa, besteak beste, honetarako antolatu dugu:  Gobernuari eta sostengatzen dutenei, aski dela adierazteko; asko garela orain eta etorkizunean Nafarroan  euskaraz bizi nahi dugunak erakusteko; euskaldunon kontra hartzen dituzten erabakiekin gure amorrua kanporatzeko;  bat egiten dakigula  eta antolakuntzarako gaitasuna dugula frogatzeko; eta noski  alderdi politiko eta bestelako eragileen agendan eragiteko.  Izan ere, Parlamentuan eta udaletan onartzen dira lege, arau eta aurrekontuak. Premiazkoa da berdintasunera eramango gaituzten legeak onartzea eta euskara sustatzeko  baliabide ekonomiko nahikoak jartzea. Horren alde lehentasunez  lan egitea eskatzen diet euskaren alde daudela dioten alderdiei, beharko dituzten aliatuekin negoziatu  beharreko guztia negoziatu dezaten.

Izan ere, aniztasuna eta pluralismoaren kontrako diskriminazioa da, nafar herritarrek euskararen garapenaren alde egiten  dugunean maizegi pairatzen duguna. Zer da bestela,  Artaxonako gurasoek pairatzen dutena beren seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatu nahi dutenean?

Pertsonon eskubideez ari gara, politikaren aurretik dauden eskubideez. Pertsonak gara betebeharrak eta eskubideak ditugunak, pertsonak gara diskriminazioa jasotzen dugunak. Nafarrak gara  betebehar berdinak izanik, Leitzan espainola ikasteko  betebeharra dugunok,  eta Mendigorrian euskaraz ikasteko eskubidea ez dugunok.

Gutxieneko sentsibilitate kulturala izatea eta eskubide berdintasunean sinestea,  hori da deialdiarekin bat egiteko nahikoa arrazoi. Gonbidatuta zaude.

Erantzunak

Kontseilua
2010-04-27 : 13:23

Nafarroan euskaraz bizi duen egoeraren aurrean erantzuna aktibatzeko beharretik abiatuta, dinamika jarri du abian Kontseiluak. Ildo horretan antolatu du maiatzaren 15ean egingo den manifestazioa. "Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea" lelopean egingo den manifestazioak blog propioa du. Bertan, ekimenari buruzko informazioa jasotzeaz gain, nahi duenak atxikimendua emateko aukera izango du.


Kontseilua
2010-04-29 : 15:19

Maiatzaren 15eko manifestazioa arratsaldeko 18:00etan izango da, Golem zinemetatik abiatuta. Ekimenaren aurkezpena Kontseiluko bazkideekin batera 80 bat lagunek egin zuten. Ordutik, atxikimenduak gehitzen joan dira etengabe. Une honetan 1.600 atxikimendu bildu dira ekimenerako sortutako blogaren bitartez.


Atxikimenduen berri emateaz gain, ekimenaren iragarpena egiteko sortutako spotaren aurkezpena egin du Kontseiluak Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean egindako agerraldian.



Spotarekin gizarteratu nahi dena azaldu du Bilbaok: “Erakutsi nahi dugu norbanakook ere badugula zer egin. Harrotasunez adierazi behar dugu euskaraz bizitzeko nahia; eta zorionez, ohartuko gara gizartearen babesa izango dugula.”


Kontseiluak egindako deialdiari atxikimendua eman dioten lagun guztietatik, musikari, idazle, aurkezle, kirolari, editore… luze bat dago. Horien ordezkari 30 bat lagun egon dira Kontseiluarekin batera agerraldian.


“Honek, egoerarekiko kezka zabala dela adierazten du eta baita hori gainditzeko nahia ere. Gaur, gu guztiok hemen biltzeak hori adierazten du. Gizartearen gehiengo zabal baten nahia Nafarroan euskaraz bizitzea dela”, adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.


“Ezaguna da euskarak eta euskaldunok Euskal Herrian bizi dugun egoera. Ezinezkoa da egunerokoan euskaraz bizitzea, behin eta berriz esan dugu hori eta datuek ere horrela dela egiaztatzen dute. Hizkuntza eskubideak arlo guztietan urratzen dira”, azaldu du Bilbaok. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egiten duen urteko txostenean argi jasotzen da datu hori urtez urte.


Nafarroako egoeraren larritasuna aipatu du Kontseiluko ordezkariak. “Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika zuzenean bideratuta dago euskararen aurka. Oztopoak gero eta handiagoak dira. Murrizketak ere gero eta nabariagoak dira” horren aurrean aktibatzeko beharra nabarmendu du Kontseiluko idazkari nagusiak, “horren aurrean erantzuna aktibatu beharra dago eta behar horri erantzuteko helburua du manifestazioak. Egoera hori gainditzeko eta orokorrean euskararen normalizazioan urratsak emateko ere, beharrezkoa da guztiok, bakoitzak bere ildotik eta bakoitzak, dagokion neurrian lan egitea”. Agerraldian bildutako Nafarroako gizartearen ordezkaritza zabalak horri erantzuten dio Bilbaoren esanetan.



Argazkiak.org | Kontseilua Iruñean © cc-by-sa: sustatu


Kontseiluarekin batera bildutako norbanakoen izenean Urko Aristi telebistako aurkezleak adierazpen laburra irakurri du agerraldian:


Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikari erantzuteko eta gure gizartean hizkuntza-politika berri eta eragingarriago baten beharra ikusarazteko abiatutako dinamikarekin bat egiten dugula adierazteko bildu gara gaur hemen. Gertatzen ari diren eraso larrien aurrean geldi egoteko asmorik ez dugu eta nafar gizartearen babesa eta laguntza bildu nahi ditugu euskararen normalizaziora eramango gaituzten baldintza politiko, administratibo, sozial eta ekonomiko berriak lortzeko biderik sendoena delakoan.


Xede horrekin, Kontseiluak datorren maiatzaren 15rako deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi diogu jendarteari. Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea leloa izango duen manifestazioak euskararen alde dauden eta euskararen normalizazioa desiratzen duten guztion manifestazioa izatea lortu behar dugu.


Bizi dugun egoeraren aurrean, lehenik eta behin, hemen gaudela esatea ezinbestekoa da. Erasoek ez gaituztela geldituko esatea garrantzitsua da. Euskararen kontrako diru-murrizketak, erasoak, injustiziak, babes ezak eta gainerakoen aurrean euskal komunitate osoa agertzea funtsezkoa dela uste dugu. Indar erakustaldi handi bat egiteko tenorea dela uste dugu. Baina ez hori bakarrik, beste egoera batera eramango gaituzten oinarriak jartzeko zereginetan, gutariko bakoitzak, norbanakook ere, zeregin zehatzak ditugu dugu eta hori ere agertu nahi dugu.



Helios Del Santo
2010-05-03 : 17:01

(Helduen euskalduntzearen egoeraz, euskararen normalizazioaz, Nafarroaz, maiatzaren 15ean manifestazio erraldoi bat egiteko beharraz)


Gabon, Nafarroa! Eskerrik asko!


Nork esan du? Miguel Sanzek? Roberto Jimenezek? Yolanda Barcinak? Andres Burguetek? Ez, halakorik ez haien ahotik; ohikoagoa da hona etortzen direnean Joaquin Sabina, Chambao, Juanes, Andres Calamaro eta Estopa euskaraz aritzea, gure agintariak baino. Gabon, Eskerrik asko. Sanzek eta enparauek ez dute euskara beretzat. Eta euskara ikasiko balute? Hori litzateke ziurrenik Sanzek, Barzinak eta gainerakoek euskararen alde egiten ahal duten ekarpenik handienetarikoa, euskaraz aritzea, eta ez gaur egun euskararekin daramaten politika. Azken batean, beste arlo askotan bezala, eredugarria izatea da arrakastaren giltzarria. Klase politikoa eredu eskasa dugu, baina, gure artean.


Eta horretaz gain, gaur egun Nafarroako Gobernuak daraman politika euskararen kontrakoa da. Vascuenceren lege desegoki horretan oinarrituta, urteak daramatzate nafar guztien hizkuntza eskubideak urratzen. Azken boladan, gainera, erasoak etengabe ikusten ari gara: diru-murrizketak, injustiziak, babes gabeziak nonahi ditugu. Bestalde, egiten ez dena ere hizkuntza politika da: euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta al dugu? Kultur eskaintza? Hedabideak? Administrazioan euskaraz egiteko aukerarik? Luzea da gabezien katea.


Euskarabidea sortu zutenean itxaropenari tarte bat ireki genion baina hasieratik bere mugak agerikoak izan dira. Aurrekontuak murriztuta ditu eta ez ditu euskaltzale askoren expektatibak bete, ezta pentsatu ere. Euskarabidea ez baita UPNren politika gauzatzeko tresna bat besterik.


Euskararen normalizaziorako urratsak nahi ditugu. Eta hiztun masa kritiko nahikorik gabe alferrik dira gainerako kontu guztiak; beraz, helduak euskara ikasi eta erabiltzea ezinbesteko urratsa dugu, etxean eta eskolan ikasterik izan ez duten helduek euskara ikasteko erraztasunak behar dituzte. Baina, horretaz gain, guri, euskaldunoi dagokigu gure inguru erdalduna euskararen bidean jartzea, gonbita ditzagun gureak euskara ikasi eta erabiltzera. Joaquin Sabinak eta Juanesek gehiagotan egiten dute euskara Sanzek baino, baina kontzertuetan publikoan dauden asko ere Sanzen antzera. “Euskaltzale” hauek, agian, euskara bihotzean dute, baina euskara ezpainetan da, ez beste inon. Esan bezala, euskaldunoi ere dagokigu eredu izatea, gu euskaraz arituz gero, euskara osasuntsuagoa egonen da.


Herritar asko etortzen dira gure euskaltegietara euskara ikasi eta erabiltzeko asmoz. Askotan, Administrazioak kudeatutako euskaltegia merkeagoa izan arren, gure euskaltegia lehenesten dute gure metodologia eta eskaintza goraipatuz. Eta bestela zein aukera du herritarrak euskara ikasteko Sartaguda, Billatorta, Zangotza, Mañeru, Mutiloa, Artaxoa, Tafalla, Lizarra, Berriozar, Lekunberri edo Eskarotz bezalako herrietan? AEKko euskaltegia!!


Euskara jakitea borondatezkoa da; Nafar Gobernuaren estrategian euskara jakitea baliogabetuta dago; eta hala ere, ahalegin eder bat eginez (denboran eta ekonomikoan) milaka herritarrek eman dute urrats hori. Nafarroako Gobernuak ahalegin hori arintzeko egindako saiakera lotsagarria izan da; euskaltegion partidatik euro batzuk kentzea ikasleei limosna gisa banatzeko. Aurten, berriz, ez dute halako laguntzarik banatuko ere.Dirurik ez dagoela izan ohi da Gobernuan aritzen direnen erantzuna (Euskarabideako edozein “euskaltzale jatorrak” ere erabiltzen duen betiko argudioa). 40.000 euro jasoko ditu Bianako Printzea saria “irabazi” duen hizkuntzalariak. Saria: 40.000 Ikasleen bekak: 0 Hizkuntzalariak bai dira euskaltegietan ari den herritar horiek.


Eta horrekin batera, euskara irakasteak suposatzen duen ahalegin ekonomikoaren aurrean, Nafarroako Gobernuak euskaltegioi emandako diru-laguntzak oso txikiak dira. Euskaltegiok hartzen dugun zama izugarria da


Azaldu bezala, helduen euskalduntzean eta euskararen munduan, oro har, garai latza dugu. Horren aurrean, Kontseiluarekin bat eginda, dinamika bat abian jarri dugu hainbat eragilek eta norbanakok. Lehenik eta behin, erasoek ez gaituztela geldituko esatea garrantzitsua da. Hemen gaude, eta ozen esan nahi dugu. Maiatzaren 15ean hitzordu ezin hobea paratu dugu oihu hori plazara eramateko.


Eta maiatzaren 15eko manifestazioa Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikari erantzuteaz gain, beste hizkuntza politika baten beharra aldarrikatu behar dugu, euskararen normalizaziora eramanen gaituzten baldintza politiko, administratibo, sozial eta ekonomiko berriak lortzeko lanean jarraitu beharko dugu. Nafarroako Gobernuak, gaur egun, estrategia argi eta landu bat du; guri ere estrategi egoki eta indartsu bat garatzea dagokigu. Urrats txikiak eta egunerokoak behar ditu euskarak, baina horiek ez dira nahikoak; euskarak urrats sakonak eta handiak ezinbesteko ditu, batez ere.


Maiatzaren 15ean Iruñean euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu eta indar erakustaldi hori baliatuz, hurrengo egunetik bertatik beste egoera batera eramanen gaituen estrategia lantzen jarraituko dugu, euskararen normalizazioa gauzatu arte Beraz, maiatzaren 15ean, Iruñean denok elkartuko gara!! Ogi gogorrari hagin zorrotza!


Helios Del Santo - AEKko Artezkaritza Kontseiluko Kidea


xanti
2010-05-06 : 20:45

Spot polita, musika ere bai. Zein abesti da? Norena?

Karmele
2010-05-06 : 22:43

Coldplay, Viva la Vida diskako Death and all his friends. Bideo honetan letra.


Iñaki Lasa / Kontseilua
2010-05-07 : 12:03

Bizi nahi dut, euskaraz bizi, ez dakit bestela bizitzen eta ezin dut, hala ere, horrela bizi. Hemen bizi nahi dut, hemen ditu sustraiak euskarak, hemen ditut nik ere. Ez naiz bakarra, nahi hori duena, baina, bakarra banintz ere, bizi nahiko nuke, euskaraz bizi, nola bestela? Euskaraz bizi nahi dut, ez noizbait, aukeraren bat aurkezten denean hori baliatu, ez dut tarteka une eta leku jakinetan euskara erabili nahi, bizi nahi dut, euskaraz bizi nahi dut.


Urte askotan, urte gehiegitan, euskaraz bizitzeko aukera zapuztea eta gure hizkuntza desagerraraztea helburu izan duen hizkuntza-politikak gure askatasuna baldintzatu du, gure etxean arrotz sentitu arte baldintzatu du. Eraztunak, aginduak, debekuak, mespretxuak lege izan diren eta diren honetan, kosta egiten da burua altxatzea baina, jada ez gara isiltzen: euskaraz bizi nahi dugu eta gau eta egun lan egingo dugu helburu hori lortu arte.


Bizi diogu, hitzaren adierarik zabalenean. Hau da, euskaraz lan egin nahi dugu, erosi, zinea ikusi, kirola egin, medikuarengana joan, euskaraz ikasi nahi dugu, jolastu, kantatu, irakurri eta interneten trasteatu, euskaraz irakurri nahi ditugu kaleetako iragarkiak eta postontzietara iristen direnak eta produktuetako etiketak, euskaraz entzun nahi dugu irratia eta telebista ikusi. Euskaraz altxatu nahi dugu eta euskaraz oheratu, eskubidezkoa da, justiziazkoa eta gure nahia da, bai horixe!


Baina, euskaraz bizi ahal izateko, urteetako zapalkuntzari bukaera emango dion hiru zutabedun normalizazio prozesu eragingarri bat eraiki behar dugu. Hizkuntza-politika egokia behar dugu, gizarte espazioak euskaldundu behar dira eta ezagutzaren unibertsalizaziora jo behar dugu.


Hizkuntza bat ezin da normalizatu herri mugimenduaren ahalegin soilaz eta era berean, ez da inoiz hizkuntza bat normalizatuko instituzioen ahalegin hutsarengatik. Beraz, ezinbestekoa da herritarrek sortzen duten sua instituzioen egurrak elikatzea. Herri gogoa, herriaren bizi indarra da sua eta baliabideak, hizkuntza-politika eta arkitektura juridikoa dira instituzioen egurra. Gaur egun, Nafarroan, bizirik dago euskararen aldeko herri gogoa, maiatzaren 15ean garbi ikusiko den zerbait izango da, ez dugu dudarik. Nafar Gobernuaren lana, ordea, suhiltzaile lana da, hamaika ahalegin egiten ari da sua itzaltzeko eta horretarako bere esku dauden baliabideak erabiltzen ditu: Euskara ez da ofiziala lurralde osoan, Nafarroako hegoaldean Hezkuntza Sistema Publikoan euskaraz ikastea debekatua da, Administrazioa euskalduntzeko planik ez dago, gizarte alor desberdinetan euskarak bere lekua irabaz dezan politikarik ez dago, kontrakoa esango genuke, euskara ikusezin bihurtzeko ahaleginetan ari dira, ingelesa eta euskararen arteko gezurrezko konfrontazioa bilatzen dute gurasoak aukeratzera behartuz, biak eskuragarriak direla ezkutatuz. Urte hauetan neke handiz eraiki ditugun proiektuak eraisteko lanean ari dira baliabideak ukatuz eta jabego publikoa duten hedabideetan euskarak islarik izan ez dezan politika zorrotza dute. Hau da, euskara normalizatzea ahalbidetuko luketen neurriak hartu beharrean, horien kontrakoak dituzte indarrean. Euskararen normalizazioa baldintzatzera datorren erabateko ofentsiba da Nafar Gobernuarena.


Euskara normalizatzeko, ordea, beste hizkuntza-politika bat behar dugu, helburu eta epe zehatzak dituena, ikuspegi osokoa, baliabidez ongi hornitua, Administrazio Nagusitik Toki Administrazioraino ongi koordinatua baita Euskalgintzarekin ere koordinatua, erabilera soziala helburu duen politika behar dugu, hizkuntza-eskubideen bermea ekarriko duena, horixe suak behar duen egurra.


Urte askotan pentsatu da pertsonak euskaldunduz normalizatuko zela euskara. Nahikoa izango zela belaunaldi berrien euskalduntzearekin “arian-arian” gizartea euskalduntzeko. Uste horrek hizkuntza-politika desorekatu egin du. Pertsonak euskalduntzearekin batera gizarte espazioak ere euskaldundu behar dira erabilerarako jauzia eman ahal izateko eta hori ez da egin, ez behintzat behar zen erritmo eta intentsitatez. Ondorioz, euskara ikastea lortzen duten horiek erabiltzeko dituzten aukerak urriak dira, urriegiak. Dudarik gabe, hizkuntza-politika desegoki baten ondorioa da hori, Nafarroan gizarte espazioen euskalduntzea guztiz azpigaratua dagoen zeregina da. Hala ere, badugu alde positibo bat, izan ere, pauso bat harago emateko, gizarte eragileen inplikazioa determinantea da eta beraz, euskararen normalizazioaren kontrako indarren nahiaren gainetik jorra daitekeen lana da. Asko eta asko da gizarte eragileek iniziatiba propioz egin dezaketena eta bide horretan zer irabazi asko dugu.


Ezagutzaren unibertsalizaziorako pauso sendoak eman behar dira euskara normalizatzeko eta zeregin horretan belaunaldi berriek zeregin garrantzitsua jokatzen dute, dudarik gabe, baina baita helduek ere, horregatik da estrategikoa helduen euskalduntzea. Euskaldun berri bakoitza ekarpen bat da, euskaraz bizi nahi duen pertsona bakoitzarekin eraikitzen da normalizazioa eta horiek jasoko dituen gizarte espazio euskalduna, haziari garapena ahalbidetzen dion lur gozoa da.


Gure historia hurbilari begiratzen badiogu garbi ikusiko dugu inoiz ez digutela ezer oparitu. Proiektu interesgarriak eraikitzen jakin dugu eta horiek dira, gaur egun, euskararen normalizazioaren bidean ditugun aktiborik garrantzitsuenak. Etorkizuna, beraz, hortik pasatzen da, batu gaitezen, eraiki dezagun eta goazen aurrera, pauso bat harago. Pentsa dezagun libre, pentsa dezagun euskaraz bizi nahi dugula, izan ere, pentsamenduek sortzen dituzte aldaketa sozialak. Euskaraz bizi nahi dugula pentsatzeak eta horren arabera jokatzeak sortzen ditu aldaketarako baldintzak. Maiatzaren 15ean, Iruñeko kaleetan, pauso bat harago.


Iñaki Lasa
Kontseiluaren ildo politiko-instituzionaleko arduraduna


xanti
2010-05-13 : 19:16

Eskerrik asko Karmele,

hori da arreta izatea.

Erantzun

Sartu