Teknologia albisteak
2

Bier ist Bier und Schnaps ist Schnaps

Erabiltzailearen aurpegia
Petra Elser
2010-04-15 : 09:04

Azken bost hilabetetan gaztelania hutsean funzionatzen duen enpresa batean lan egin ondoren eta horri buruz nire ondoezina aipatuz, asko harritu nintzen zeintzuk ziren nire ingurukoen komentarioak: “Ah, baina hori horrela da …” , “Normal …”, “Ordaintzen dizuten bitartean …” … edo sorbalda altxatu besterik gabe, hor ezer egitekorik izango ez balitz bezala. Erreakzio hauek, izan ere, ez ziren euskara bost axola zaien pertsonenak izan, baizik eta, besteak beste, urte askotako euskararen aldeko miltanteenak edo euskararan normalkuntzan lan egiten dutenenak.

Egunero zortzi ordu nik hautatu ez eta erabiltzeko ohiturarik ez daukadan hizkuntza batean aritzea gero eta jasanezinago egin zitzaidan neurrian, gero eta harrigarriago egin zitzaizkidan komentario edo indiferentzia horiek. Konturatu nintzen, guztiz barneratua eta sustraiatua dagoela euskara eta lana bereizteko jarrera bat: hau da hau eta hori da hori. Edo alemanez, gaur egun nire bigarren hizkuntza den horretan esango nukeen moduan: Bier ist Bier und Schnaps ist Schnaps. Garagardoa garagardoa da, pattara pattara da. Ez nahastu gauza bat bestearekin.

Lan mundua, dirudienez, ez da euskararen territorioa. Hor, dirudienez, beste faktore batzuk nagusitzen dira: betebeharra, egonkortasun ekonomikoa … edo agian barneratutako zapalkuntza edo etsipena, besterik gabe.

Baina ez al da hizkuntza gure bizitzaren parte garratzitsuenetako bat, besteekin harremanetan sartzeko atea, gure iritziak, sentimenduak, jakinduria eta profesionaltasuna adierazten dugun tresna? Eta ez al da harrigarria, hori guztia egunero zortzi ordu gurea ez den hizkuntza batean egitea?

Edo akaso euskara teknikaria, irakaslea edo, asko jota, funtzionario izan behar da, euskaraz lan egiteko?

“Normaltasuna” kriterio erlatiboa da, kontuz erabili behar dena, baina elkar ulertzeagatik “normaltzat” hartzen badugu inguruko beste hizkuntzen parean izatea, sinpleki esan dezakegu hau ez dela normala. Ez egoera bera, baina are gutxiago egoera hori “normaltzat” jotzea. ´Stockholmoko sindromea´ deitzen duten antzeko zerbait, non bahituak bahitzailearekin identifikatzen diren.

Harridura honen baitan, ia-ia alibio moduan irakurri nuen Berrian, martxoaren 20an, Imanol Miner euskara teknikariari egindako elkarrizketa. Hortxe deskribatzen du berak auto-kolonializazio mekanismo hori, eta konparatzen du egoera askotan gizarteko bigarren mailan egotea pairatu dutenekin: emakumeok, beltzak, homosexualak … Giza talde hauek, bide luzea egin ondoren, bere egoeraz jabetzea lortu dute eta horri buelta ematea.

Iruditzen zait lan sektorea dela euskaldunok kanporatze handiena pairatzen duguna eta aldi berean zalantzan gutxien jartzen duguna. Hainbat artikulu irakurri ditugu azken asteetan euskara elkarteen gogoeta prozesuari buruz, etorkizunari begira erronkak zein diren aztertuz. Miner-ek ere aipatzen duen bezala, orain arte askoz gehiago (eta gehiegi) zentratu dira euskara elkarteak udalerri eta auzoaren ideian. Ondorioz, ekintza-eremua askotan aisialdi edo militantziaren mugetan barne geratzen da.

Aldi berean, gizartean lanaren eta euskararen arteko lotura positiboa lortu eza, jende askorentzat euskara eta lanaren arteko asoziazioa lanpostu jakin bat lortzeko gainditu behar den hizkuntza perfila da, lanpostua lortuz gero hori guztia ahalik eta azkarren ahazteko, azterketa eta euskara bera.

Guztiz bide egokia iruditzen zait, beraz, euskara elkarteek beren hausnarketa prozesuan beste sektore eta beste eremu batzuei, lan eremuari edo etorkinen egoerari besteak beste, arreta gehiago ematea.

Eta berriro Imanol Mineren hitzekin bat eginez, horizonte berriaren bilaketa horretan, hiztunaren jabetzea eta auto-antolamendua da giltzarria.

Hiru elementu behar ditu, nire ustez, jabetze horrek: kontzientzia, tresna eta babesa. Orden horretan eta bizitzaren eremu guztietan, lanarena barne.

Zer gertatuko litzateke, Kilometroak eta antzekoetara joaten diren milaka lagunek, bat-batean, bere lanpostuetan euskara erabiliko balute? Eta hori hain bat-batean posible ez balitz, hortxe bertan pauso sendoak emango lituzkete, euskara bere laneko hizkuntza izateko? Lankide eta kolaboratzaile euskaldunen artean lana euskaraz egingo lukete, hiztegi egokiak sortuz, formakuntzak euskaraz emanez, web orria euskaraz eskainiz, enpresa zuzendaritzari pausoak aurkeztuz?

Hau egiteko, noski, ez da zerotik abiatu behar. Badira esperientziak, eta hemen, ideia nagusia ulertzeko gauzak gordinki esan arren, badira ofizio batzuk mendetatik euskaraz funtzionatzen dutenak, eta bai enpresak euskaraz funtzionatzen dutenak eta hainbat urtetako esperientzia dutenak enpresen euskalduntze prozesuan. Eta momentu honetan badago arriskua, hizkuntza politikaren aldaketa medio, sektore batzuetan (Hezkuntzan, Osakidetzan, Administrazioan ...) urtetan zehar lortutakoa berriro galtzeko.

Baina urte hauetako esperientziak ere erakutsi du, soluzioa ez datorrela politikatik soilik. Legeak eta planak dira tresnak eta babesa, eta beharrezkoak eta lagungarriak dira, baina abiapuntua da hiztunaren kontzientzia. Hiztun heldua, kontzientea, segurua eta baikorra. Eta hiztun kontziente honek bilatzen ditu behar dituen tresnak, eta ematen eta bilatzen du babesa, elkarte, organismo eta erakunde guztien aldetik. Baina ez bizitaren eremu horretarako “erreserbatu” direnetan, baizik eta bizitza berarentzako, bizitzaren osotasunean, lan orduak eta lan ibilbidea barne.

Dena daukagun hiztunak gara eta euskara erritmoz, jakinduriaz eta aberastasunaz bete-betean bizitzen eta partekatzen badugu, hiztun kontziente gehiago erakartzen dugu naturalki. Edozein lekutan eta edozein momentutan, horretarako moralezko konpromisurik eskatu beharrik gabe.

Edo, nire bigarren hizkuntzako poetak, Bertolt Brecht handiak, esan zuen moduan: Wer seine Lage erkannt hat, wie sollte der aufzuhalten sein? ´Bere egoera antzeman duena, ez dago geldiarazterik´.

Erantzunak

JJ Agirre
2010-04-15 : 11:27

Animo Petra! Beste lagun bat gurdiari tira egiteko.

Bada zerbait.

Bai. Deskribatu duzun hori guztia ondotxo ezagutzen dugu askok. Hori baino larriagoa ere bada egoera. Euskaldunen komunitatea txikituta, sakabanatuta eta neurri handi batean asimilatuta dago, eta gehienek onartu egiten "dugu" sumisiozko egoera hori.



Eta neurri handi batean, politikari "abertzaleak" ere hasi zaizkigu egoera "itzulezina" irentsi dezagun prestatzen, "euskalduna" kategorian sartuz bai euskaraz egiten duena, bai EGA titulua behinola gogoz kontra atera zuena, bai eta lehengusu bat euskaltegi batean matrikulatuta daukana ere. Guztiok omen gara "euskaldun"... anai ez dut esan nahi.



Gure errealitatea kafkianoa da sarritan. Neronek ere eskarmentu pixka bat bildu dut euskalgintzan, urteen poderioz, eta balantzea ezin nezake ona denik esan.

Inguru "euskaldun" bateko euskaltegian (konpromisoa eta militantzia bultzatzen zirenetako batean) egin dut lan urte luzez. Han ere, nire lankideen erdiak gutxi gorabehera, euskaltegitik irten eta gero erdaraz bizi ziren lasai asko.

Ezagutu ditut euskaraz soilik klase orduetan egiten duten ikastolako eta D ereduko irakasleak.

Ezagutu ditut euskaraz bizitzearen alde diskurtso sutsuak idatzi dituztenak, beren bikote elebidunarekin erdaraz bizi diren arren, eta ezagutu ditut Euskal Herria euskaldun elebakarraren alde jo-ta-fuego (batez ere fuego) ari omen direnak, baina euskaraz soilik agerraldi publikoetan egiten dutenak. Horrelakoak asko. Gehiegi.



Euskaldunok, euskaraz egiten dugunok, berrantolatu beharra dugula gero eta argiago dago. Konzientziatik askoz haratago. Bildu beharra dugu oinarrizko printzipio (errespetuzkoak) eta baldintza batzuen inguruan iraungo badugu. Eta lehen bai lehen, diskurtso ofizialek esan EZ bezala, denbora agortzen ari zaigu eta.



Gezurra da ondo goazelako diskurtsoa. Ez goaz ondo, alemanez ez dakit baina gaztelaniaz, de culo goazela esango genuke.

Normala ere bada. Mendeak dira kolonoen (ui, barkatu) hankapean. Beraz, esnatzeko garaia dugu, eta berandutxo gabiltz, euskaldun bezala biziko bagara.



Euskaldunen egoeraren neurriaz jabetzeko, oso gomendagarria iruditzen zait Roberto Manjonek Bat soziolinguistika aldizkarian (72. zenbakian) argitaratutako "Euskararen jarraipena eta azpiegitura handiak" artikulua.

Nolabait adierazteko, politikoki inkorrektoak ei diren, "inoiz esan ezin diren estalitako egiak" jarri ditu paperean.

Egoeraz jabetu beharra dagoelako, egoera horri aurre egingo badiogu.

Sustatu
2010-04-15 : 14:40

Artikulu hau Sustatura bidali duen egileaz, Petra Elserrez, apur bat jakin genuen abenduan, elkarrizketa baten eta alemanezko beste termino baten berri (Aufbruchstimmung) eman baitzigun kolaboratzaile batek beste artikulu honetan.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago