Bibliako pasarterik katxondoenak
Aste Santuan ikusi nuen Galder Gonzalez Theklan-ek Zabaldun jarritakoa, Bibliako 10 kontakizun arraroenen bilduma. Benetan barregarria iruditu zitzaidan, zer nolako astakeriak dakartzan liburu famatu horrek. Nola Biblia osoa Interneten dagoen euskaraz, pasarte katxondo horietako batzuk dokumentatu ditut.
David berak hildakoen zakilmuturrak kontatzen
Ingelesezko 10 pasarte horietatik, batzuk ekarri ditut hona. Baten baten azalpena desberdin aurkitu dut nik ingelesezko horretan eta Biblia euskaldunean, adibidez, ardi eta ahuntzen erreprodukzioari dagokiona (Has 30:31-42), baina tira, beste hauek ere mamitsuak dira. Biblia osoan dauden arraroen edo katxondoenak ote diren, ez dakit: seguru beste zorakeria mordoa dagoela.
Burusoilari barre egiteagatik
Eliseo gizon zintzoa omen zen, baina, hara, egun batean... (2 Erg 2:23-24)
Bidean gora zihoala, hiritik ateratako mutiko batzuk iseka hasi zitzaizkion esanez: "Tira, burusoil! Tira! Eutsi, burusoil"*
Eliseok, itzulirik, begiratu eta madarikatu egin zituen Jaunaren izenean. Orduan, bi hartzek oihanetik atera eta mutiko haietarik berrogeita bi txikiturik utzi zituzten.
Ondo dago Biblia euskalduna ze zehaztapena dakar, izarñoarekin markatuta, alopezia kasua baino gehiago, "profetek eraman ohi zuten ile-mozkera berezia" izan zela isekaren motiboa. Mendekuaren basakeria aipatzeko ez dago izarñorik: azalpenak soberan daude, argi dago merezia zutela mutikoek.
Bortxaketak tutiplen
Beste istorio honetako protagonistetako bat da Lebitar bat bere ohaide edo konkubinarekin agure baten etxean ostatu hartu zuena. (Epa 19:21-29)
Denak pozik zeudelarik, hona non agertzen diren gizonak, gizon gaizkile halakoak; etxea inguratu eta ate-joka hasi ziren, etxeko jabea zen gizon zaharrari esanez:
Atera ezazu zure etxean sartu den gizon hori, bortxatu egin nahi dugu eta!
Etxeko jabeak ihardetsi zien:
Ez, ene anaiok; ez egin halako itsuskeriarik. Neuk eman diot ostatu; ez egin halako zitalkeriarik. Hemen daude neure alaba, birjina oraindik, eta gizon honen ohaidea; biak aterako dizkizuet. Bortxa itzazue eta egiezue nahi duzuena, baina gizon honi ez egin halako zitalkeriarik.
Gizon haiek, ordea, ez zioten kasurik egin. Orduan, lebitarrak bere ohaidea atera zien kanpora, eta haiek gau osoan ari izan ziren emakumea bortxatzen eta eguna argitzean utzi zuten.
Egunsentian, bere senarrari ostatu eman zion gizonaren etxera itzuli zen emakumea, baina ate ondoan eroria gelditu zen eguna argitu zuen arte. Lebitarrak, goizean goiz jaiki eta bideari ekiteko atea ireki zuenean, han aurkitu zuen bere ohaidea, etxeko atarian eroria, eskuak atondoan zituela. Gizonak esan zion:
Jaiki eta goazen.
Baina ez zuen erantzunik izan. Orduan, jaso zuen asto gainera gorpua eta bere lurralderantz abiatu zen lebitarra. Etxera heldurik, labana hartu eta hamabi puskatan zatikatu zuen emakumearen gorpua eta Israelgo lurralde guztietara bidali zituen puskak.
Berrehun zakilmutur
Saul erregeren alaba Mikalek eta Davidek ezkondu nahi zuten, eta Saulek maitasun-froga eskatu zion Davidi ezkontza onesteko, baina egiazki, proba zailegia jarrita, espero zuena zen David ekinean hiltzea, ez baitzuen morroia batere gustoko: (1 Sm 18:25-27)
Esaiozue Davidi: «Erregeak ez du ezkonsaririk nahi, filistearren ehun zakil-mutur baizik, erregearen etsaiez mendekatuz».
Egiaz, ordea, David filistearren esku eroraraztea nahi zuen Saulek.
Jakinarazi zioten morroiek Davidi Saulen esana, eta ongi iruditu zitzaion erregearen suhi izateko baldintza. Epea bete baino lehen, abiatu zen David bere gizonekin eta berrehun filistear bota zituen. Davidek, erregearen suhi izateko, haien zakil-muturrak eraman zituen, eta erregearen aurrean zenbatu zituzten. Orduan, Saulek bere alaba Mikal eman zion emazte.
Nonbait filistear gaixoek ez zuten erdaintzeko, zirkuntzidatzeko, ohiturarik; eta horregatik ziren zakilmutur edo prepuzio haiek etsaien heriotzaren ziurtagiri. Ondo pentsatua, Saulen trikimailua; uste izango zuen 100 lortu baino lehenago filistearrek garbituko zutela David, baina argi dago hiltzaile benetan makurra eta abila zela David, 100 barik, 200 ere hil baitzituen.
Goian ilustraziorako erabili digu ipuin hau: Lego piezekin egindako The Brick Testament zoragarritik, prepuzio kontaketa.
Nobody fucks with the Jesus, gutxiago pikondo batek!
Itun berrian ere badago pasarte aukeraturik. Bi ebanjeliotan kontatzen da haserretu zela Jesus pikondo batekin, eta zuhaitzari merezitako zigorra ezarri ziola. Mateorena da kontakizun osoena. (Mt 21:18-22)
Biharamun goizean, berriro hirira zetorrela, Jesus gosetu egin zen. Pikondo bat bide-bazterrean ikusirik, bertara hurbildu zen, baina ez zuen aurkitu han hostoa besterik. Orduan, pikondoari esan zion: «Ez bedi hiregandik gehiago fruiturik sor!»
Eta bat-batean ihartu egin zen pikondoa. Hori ikusirik, harritu egin ziren ikasleak eta galdetu zioten Jesusi:
Nolatan ihartu da bat-batean pikondoa?
Jesusek erantzun:
Benetan diotsuet: Zalantza gabeko sinesmena baldin baduzue, ez duzue pikondoarena bakarrik egingo; baizik eta «Ken hadi hortik eta amildu itsasora» mendi honi esaten badiozue, halaxe gertatuko da. Otoitzean sinesmenez eskatzen duzuen edozer gauza lortuko duzue.
Bale, otoitzean sinesteak indarra du... baina, ez ote zen praktikoagoa suertatuko ihartzeko esan beharrean, fruitu emateko agindu izan balio pikondoari? Otoitzaren indarraren adierazgarri baino gehiago, parabola honetan gehiago igartzen da haserrealdi petral batek eragindako mendekua. Ez duzula pikurik neure gosea asetzeko? ba izorratu!
Bete betean The Big Lebowski-ko eszena ezaguna dakarkit neuri gogora: Nobody fucks with the Jesus!

Erantzunak kargatzen...