Teknologia albisteak

Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia eta Hiztegi Batu Oinarriduna

Erabiltzailearen aurpegia
Ahotsak.com
2010-03-23 : 16:03

Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren inguruan gaur antolatu dituen jardunaldien barruan, baliabide berri bi aurkeztu ditu jendaurrean: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia (LB). Kontsultagai daude gaurdanik Euskaltzaindiaren webgunean.

Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO)

Hiztegi Batua (HB) osatzeko orduan txosten eta material ugari sortzen eta lantzen da. HBan erabaki bat hartzeko erabilitako ezkutuko informazio guzti hori sarean jarri du Euskaltzaindiak gaur bertan, HBO

Lexikoaren Behatokia (LB)

Euskaraz erabiltzen dugun hiztegia finkatzeko orduan ezinbestekoak dira tradizioa eta orain arteko corpusetan bildutako hitzak, baina hizkuntzak bizirik daude eta derrigorrezkoa da gaur egungo hiztunek darabilten hizkera eta hiztegia ere jasotzea. Horretarako sortu da Lexikoaren Behatokia.

Zer hitz berri ari dira azaltzen? Euskaltzaindiaren erabakiak errespetatzen dira? Zeintzuk bai? Zeintzuk ez? Zergatik?

Horretarako hedabideetako materiala jaso behar da. Une honetan ondorengo hedabideetan erabilitako corpusak biltzen ditu: Argia, Berria eta EITB. Laster Deia eta Diario de Noticias egunkarien corpusak ere gehituko zaizkie. Etorkizunean beste batzuk ere etorriko dira.

Euskaltzaindiak bideratutako egitasmoa da, baina auzolanean egindakoa:

  • UZEIk egiten du hasierako lana: materiala jaso, fitxak bete, katalogatu eta abar.
  • Ondoren Elhuyarrek lantzen du corpus hori
  • Eta IXA taldeak bideratzen du azkenengo lan informatikoa, corpusaren tratamendu automatikoa.

Jardunaldiaren berri

70 lagun inguru elkartu gara gaur Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, tartean Ahotsak.com egitasmoko zenbait kide. Jardunaldiak 3 atal izango ditu:

  • HB: izaera, irizpideak, xedeak...
  • Jendaurreko aurkezpena: aurrerantzean Euskaltzaindiaren webgunean
    kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal berriak, hain zuzen ere,
    Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.
  • Hiztegi Batua osatzeko bidean erabiltzen diren hainbat corpus eta
    tresna gainbegiratuko dira: OEH, XX. mendeko corpus estatistikoa, eta
    abar.

Jardunaldian honako hizlariak ariko dira: Jose Antonio Aduriz Hiztegi Batuko lantaldearen arduraduna eta Miriam Urkia eta Andoni Sagarna talde horren kideak. Sagarna, gainera, Euskaltzaindiaren Iker sailburua da eta Lexiko Behatokia egitasmoaren zuzendaria.

Goizeko lehenengo jardunean Hiztegi Batuaren inguruko gogoeta egin da. Hauxe da orain artekoaren laburpena (Jardunaldian zehar emandako informazioa eta aurkezpen guztiak sarean jarriko ditu Euskaltzaindiak datozen egunotan).

Hiztegi Batuaren izaera eta xedea (Andoni Sagarna)

- Euskaltzaindiaren egitasmo nagusienetakoa da

- Helburu nagusia bat: Euskal hitzen forma estandarra zehaztea

- Ondo finkatutako hitzak, literatura tradizioan erabilitakoak, azken hamarkadetako erabilerak finkatzen joan direnak

- Ez du batzen idatzirik ez dagoena, desagertutako hitzak eta teknizismoak.

- Ez dira nahastu behar HB eta Euskararen Hiztegia.

 

Erabakiak hartzeko irizpideak (Jose Antonio Aduriz)

Jose Antonio Adurizek HB lantaldearen jardunaz hitz egin du, luze eta sakon. Lantaldearen irizpideak zeintzuk diren, informazio osagarria nola bideratzen den, eta abar. Labur-labur esateko, hauxe da hitz bat onartzeko orduan ematen diren urratsak:

-         Tradizio idatziok eta egungo erabilera kontuan izatea: OEH eta EEBS. Aldaera bat onartzea eta besteak baztertzea.

-         Forma hedatuenak hobestea.

-         Gutxienekoak betetzen dituzten maileguak onartzea eta bestela forma lehiakideak ematea (gutxienez, frantsesez eta gaztelaniaz berdinak izatea)

-         Segurua ez dena aipatzea

-         Hitz dialektalei markak ezarri, baina erabilera bultzatzea

-         h. (hobetsi) eta *e. (erabili) markak gehitzea (forma batzuk HBn jaso arren, forma horiek ez direla erabat onartzen eta euren beste bikotekide batzuk hobesten direla edo erabili behar direla)

-         amaitzeko, kategoria gramatikalak, aditz-erregimenak eta adierak eransten zaizkie.

Orain arte hilean behin elkartzen zen Euskaltzaindia eta hortxe hartzen ziren behin-betiko erabakiak. Orain gutxi, baina, Batzorde ahaldun bat osatu da eta erabakiak bertan hartuko dira, azkarrago eta arinago.

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Ahotsak.com

Erantzun

Sartu