Kamerariak traban Ruper Ordorikaren kontzertuan
Mezu hari hau beste kate luze honen amaieran sortu zen, baina hona ekarri dugu lehen mezua, eta hark eragindako erantzunak, berezko mamia izan dezakeelakoan. "Oso emanaldi txukuna Ruperrek eta Mugalariek atzo Bilboko kafe antzokian egindakoa", hasten zen Ibonen mezua. Baina... "Argazkilarien errespetu falta. Momentu askotan lau (lau!!!!!) argazkilari (tira, baten bat argazkilari ez, kamara edo zela uste dut) tranpaldoan, musikari beste, lau martziano eszenatokian. Lotsagarria (...)". Larunbat goizean idatzia da originala, hortaz, "atzokoa" ostiralekoa da; atzo, igandez, beste kontzertu bat eman zuen Ruper Ordorikak Luhuson.
Ruper eta argazkiak
Oso emanaldi txukuna Ruperrek eta Mugalariek atzo Bilboko kafe antzokian egindakoa. Rupertorio ederra osatu dute bira honetarako. Bereziki, Belauniko kantua ekarri izanaz pozten naiz.
Tira, baina atzokoan sutan jarri ninduten bi kontuk.
Bat, oso ohikoa, ohikoegia, Bilboko kafe antzokian: jendearen etengabeko zurrumurrua, edozein dela jotzen duen taldea.
Bi, argazkilarien errespetu falta. Momentu askotan lau (lau!!!!!) argazkilari (tira, baten bat argazkilari ez, kamara edo zela uste dut) tranpaldoan, musikari beste, lau martziano eszenatokian. Lotsagarria, benetan haietako batzuen jarrera: musikarien artean pasatzen, musikarien aurrean jartzen ikusleon bista oztopatzen haien argazki perfektuaren bila, eszenatoki erditik pasatzen beren etxean baleude bezala. Kontzertu askotara joaten naiz, astean pare batera, eta atzo bezalakorik ez dut inoiz ikusi. Gogora ekarri zidaten Oier Araolazak idatzitako Space Invaders artikulua.
Azken kantua jo zutenean, Labezomorroarena, lau musikariak elkarren ondora hurbildu ziren mikrofono bakar batean jotzeko kantua. Eta hara lau eulitzarrak. Kontzertua amaitzeko Ruperrek eszenatokian lagun izan zituen euliak aurkeztea besterik ez zuen falta izan.
Erantzunak kargatzen...