Teknologia albisteak

Hobe da pirata izatea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-03-01 : 09:03

Sarean zabaltzen ari da azken egunotan irudi hau (klik egin handi ikusteko). DVD legala erosi, eta zenbat traba filma ikusteko... Hobe eta erosoagoa dela produktu pirata, alegia. DVDen oker hauen bidetik, beste industria kultural batzuk ere berdintsu ari dira jokatzen, adibidez liburugintzan: produktu digitalak trabaz beteak datoz. Produktu piratak gailentzeko estrategia onena.


Argazkiak.org | Hobe da pirata izatea © cc-by-sa: sustatu

Filmekin gertatzen dena

Filmekin gertatzen dena

Irudia tamaina originalean ikusten baduzu, DVD legal batekin gertatzen dena gogoratuko duzu. Filma ikusi aurretik, ezinbestean irentsi behar dituzun alferreko puska horiek:

  • Pirateriaren kontrako ohar polizial serioak (ez behin bakarrik, gainera).
  • Gainetik ezin ken ditzakezun trailerrak.
  • Efektu estupidoei esker kargatzen geldo eta erabiltzen zailak diren menu interfazeak...

Irudia sortu duenaren ondorioa begi bistakoa da: film pirata batekin, sartu eta ikusi.

Liburu digitalekin gertatuko dena

Produktu digital eroso eta erabilgarriak egin beharrean, trabaz betetako produktu astunak sortzeari beste industria kultural batzuetan ere ekin diote. Igor Leturia blogariak irakurgailu elektronikoekin eta haietan irakur daitezkeen liburuen kasua aipatu zuen duela gutxi. Leturiak aipaturiko batzuei erreparatuko diogu jarraian.

Irakurgailura liburu digitala jaitsi eta irakurtzen hasi? Ez da hain erraza:

Hasteko, liburu digitalak irakurtzeko erabiliko dituzun gailuak (liburu elektronikoa, ordenagailua, telefono mugikorra...) erregistratu egin behar dituzu saltzailearenean (gehieneko kopuru bat duzu); gero, obrak irakurri ahal izateko irakurgailu horietan software jakin bat instalatu behar duzu, liburuak erosi dituzula ziurtatzen duena; eta liburu bat erosi eta jaisten duzunean, erregistratutako gailu horietan eta programa horrekin soilik irakur dezakezu.

Liburu digital legala ez da inolaz ere paperezko liburua:

Ez duzu liburua erosten, liburua irakurtzeko lizentzia baizik (...). zuk zeuk zure gailuetan ikustea da egin dezakezun gauza bakarra. Baina noiztik da ez legezkoa familiakoei edo lagunei liburuak uztea?

Lizentzia eta kontrol sistema horiek bat bakarra balira, gaitzerdi. Baina hainbat sistema daude, beraien artean bateraezinak.

Hala, Amazon-en erositako liburuak ezingo dituzu Elkar-en irakurgailu batean irakurri, edo Alberdanian erositakoak Kindle-ean; eta beste sistema batzuk ere badaude, Barnes & Noble-ren Nook-a adibidez. Gainera, inon ez dizute horretaz abisatzen; gehienetan ez dizute argitzen ezta beraiek zein formatu erabiltzen duten edo zein gailutan irakur dezakezun!

Sistema bakoitzarekin, sikiera, katalogo zabal bat aurkitu ahal izango balitz, hori ere izango zen zerbait, baina hori ere ez da gertatzen:

Liburudenda digital edo argitaletxe bakoitzak bere katalogoa du: denda batzuk ingelesezko aukera zabalarekin baina gaztelaniaz apenas eta euskaraz ezer ez, argitaletxe batzuk euskarazkoak soilik... Gainera, egile famatu batzuek, Ian McEwan, Stephen Covey edo Paulo Coelhok adibidez (harrigarria Coelhorena, kopien apologia egin baitu sarritan), argitaletxeez paso egin dute eta tratua egin dute zuzenean online dendekin argitaratzeko, irabazien portzentaje handiago bat lortuz, baina erabiltzaileak kaltetuz, euren lana denda horretako bezeroek soilik irakurri ahal izango baitute. Egoera honek ez du inongo zentzu edo logikarik...

Sistema itxi hauen gainetik, irakurketa digitala hedatuko bada, gaur gaurkoz, ematen du horrela izango dela:

  • Formatu irekiko liburu digitalak, alegalki jaitsita saretik.
  • Horiek trabarik gabe irakurtzeko gauza diren gailu praktikoen bidez.

Erantzun

Sartu