Sustatu logoa Teknologia albisteak

Hilabete hasiera, Gipuzkoako autopistetan zig-zag egiteko eguna

Luistxo Fernandez
2010-02-01 09:02

Ze zentzugabekeria da hori? Ba ez da tontakeria. Dirua aurreratzeko modua da. Gipuzkoan zergak ordaintzen ditugunok, eskubidea dugu Gipuzkoan Bidegik kudeatzen dituen autopistetan (ap-8 eta ap-1) deskontu batzuk edukitzeko. Baina deskontu horien antolakuntza bereziaren ondorioz, hileko lehen egunetan bidaia laburrak pilatzea komeni zaizu, ondorengo bidaia luzeetan deskontu gehiago izateko.

Honela da deskontu sistema

  • Hileko 1. bidaiatik 8.era, %25eko deskontua, 6 bidaia baino gehiago egin badira hilabete horretan.
  • 9. eta 20. bidaiaren artean %55eko deskontua.
  • 21. bidaiatik aurrera, %75eko deskontua.

Alegia, hilabete hasierako bidaiak, nabarmen garestiago dira hilabete amaierakoak baino. Beti tarte txikietan bazabiltza, ez du garrantzi handirik, baina lan kontuengatik Eibar-Donostia edo Zarautz-Arrasate bezalako tarte luzeagoak egin beharrean bazaude, interesatzen zaizu 20 bidaia ahalik eta lasterren egitea: bidaia laburrak egin sartu-irtenekin lehen egunetan, eta hilak 4 egun dauzkanerako, ordutik aurrera %75eko deskontua izango duzu.

Ni horrela ibiltzen naiz, hona gaur Eibarrera etortzeko hartutako bidea. Zoom egiten baduzu ikusiko duzu sartu-irtenak daudela ordainlekuen parean.

Sistema hau aplikazten da Gipuzkoako Bidegiren autopistetan, bertako zerga-ordaintzaileentzat, bakarrik Tag edo T-1 izeneko txartela erabilita. Euskadiko Kutxan eta Kutxa aurrezki kutxan atera behar da tag hori. Hilero, aurreko hileko deskontuen dirua itzultzen dizu banketxeko kontu horretan Bidegik.

Gipuzkoako autopista batetik probintziatik irteten bazara, uste dut azken tartea Eibarko peajetik Bizkaiko mugaraino ap-8an, edo Eskoriatzatik Arabako mugaraino ap-1-ean, bidaia tarte gisa hartzen duela Bidegik, baina ez nago seguru. Noski, Bizkaia, Araba edo beste inongo autopistetan egindako bidaiek ez dute balio deskontuetarako.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu