Mendigreen edo mondegreen euskaldun polit bat
Mondegreen bat da fenomeno psikologuinstiko unibertsal bat, kantuen hitzak gaizki entzuteko dugun joera bitxi hori. Adibidez, Eusko Gudariak honela kantatu izan duenik badago bazterrotan: Irrintzi va que chuta, mendi tontorre-a-a-an! Euskaraz, Eibartarrak posta-zerrendaren jardunean, komentatu izan ditugu horrelakoak, eta euskarazko terminoa asmatu ere bai, mendigreen. Nik ezagutzen dudan euskarazko Mendigreen bikainena, ordea, joan den astean entzun nuen.
Izan ere, aspaldi kontatua nuen Eibartarrak zerrenda horretan, nik neuk bizitzan egindako neure lehenenego mendigreen surrealistarena.
Aitorren hizkuntz zaharra
nahi dugu zabaldu
munduaren aurrean
bisontia saldu
Jakina, Pantxoa eta Peioren kantua, ikastolan nik 5 edo 6 urte nituela ikasten jarri gintuzten garaikoa da hori. Gero jakin dut agian jatorrizkoa Urretxindorrak taldeak kantatu zuela. Edonola ere, jatorrizko hitzak hauek dira:
Aitorren hizkuntz zaharra
nahi dugu zabaldu
munduaren aurrean
gizonki azaldu
Baina nik, nola jakin behar nuen zer zen gizonki azaldu. Ez gizonki, eta ezta azaldu ere. Bisontiak, ostera, bakeroen pelikuletan eta Comansiko figuratxoetan, indioekin eta...
Bada, ia 40 urte geroago, joan den astean, afaldu ostean etxean, hasi da sei urteko alaba, bere kasa kantuan ikastolan ikasi duen azkena eta...
Aitorren hizkuntz zaharra
nahi dugu zabaldu
munduaren aurrean
izokina saldu
Gizonki azaltzea oso zaila da. Saltzen saiatzea, naturalagoa euskaldunarentzat.
Eta zuek, zeuok egindakorik edo hortik entzundako mendigreen jatorrik gogoratzen duzue?
Erantzunak kargatzen...