Eguneraketa, 13.30. eskerrikaskoandereño.com webgunearen aurkezpena zuzenean eman ondoren, hor dago denontzat irekita: webgune bat andereñoei zenbat zor diegun oroitu eta aitortzeko.
Kontxita Beitia
andereñoa, Donostiako Zurriola ikastola Ramon Mª Lili kalean zegoenean,
Belen, Miren eta Ibon ikasleekin (1969).
Urte amaiera honetan jende asko jarri da ados andereño izandakoei eskerrak emateko: eurak izango dira gainean dugun Durangoko Azokan Argizaiola Saria jasoko dutenak, eta 60ko hamarkadako Gipuzkoako andereño bide urratzaile haiek izango dira, halaber, Gipuzkoako Aldundiaren Urrezko Domina jasoko dutenak hil honen 16an bertan.
Dena ere gutxi izango da andereñoek egin duten lana saritzeko. Ongi merezitako aitortzak biak ala biak, zinez.
Andereño hauei sor zaie, besteak beste, euskarazko hezkuntzaren suspertzea, gaur egunean hain normal eta zentzuzko dirudien horren guztiaren gauzatzea.
Frankismoaren garaian ezinezko zirudien euskarak aurrera egitea, are gutxiago eskolaren alorrean: Euskal Herriko udalerri askotan, euren hizkuntza galtzeko prest ez zeuden gurasoen deiari men egin eta lanera etorritakoak dira andereñoak.
Gauzak hala izanik ere, memoria hori guztia galtzen ari da. Ikastoletako lehen ikasleek 50 urtetik gora dute jada, ez dira haurrak honez gero. Baina inork ez du guztiz sakabanatuta dagoen memoria hura biltzeko lanik hartu sekula. Herri batean gertatutakoa, ez du auzoko herrikoak ezagutzen; andereño batek sortutako materialaren testigantzarik ez da inon gorde; inspekzioaren isunen eta mehatxuen kopiarik ez dago inon ganoraz gordeta; haur haien argazkiak sakabanatuta daude...
Hori guztia biltzen hasteko jarri da abian eskerrikaskoandereño.com webgunea. Helburua da denon artean, han izan ginenon eta ez ginenon artean, hura guztia nola oroitzen dugun jasotzea, andereñoen ahalegin hark zer ekarri digun aitortzea eta memoria bizi eta partekatua jasotzea. Gaurko haurrek jakin dezaten. Eta biharkoek ere bai.
Zer jakin? Zein zailak izan ziren garai haiek, eta zein ederrak ere bai, aldi berean. Emakume ausart, langile eta maitakor haien eskutik etorri zaigula euskarazko hezkuntzaren alorrean gaur daukaguna, azken finean.
Eskerrikaskoandereño.com gunean, argazkiak daude, andereñoei egindako elkarrizketak daude, ikasmaterialak daude, lehenengo kantu eta liburuak daude, apaizen baimenak daude, lehen ikastaroetako agiriak daude... Azken finean, mundu oso bat dago: euskarazko hezkuntzaren hastapenarena.
Helbidea: http://eskerrikaskoandereño.com (eta http://eskerrikaskoandereno.com ere bai)
Erantzun
Sartu