Egunkaria-ren eta ETAren arteko lotura ekonomikoaren zantzurik eta frogarik ez dagoela jabetzen joan ziren neurrian, Guardia Zibileko ikerlariak eta Del Olmo epailea akusazioari beste jite bat ematen hasi ziren, argudio bitxi samarren bidez Egunkaria ETAren menpeko tresna zela erakutsi nahian. Horretarako, funtsean, Egunkaria-k ETAren helburuei lagundu egiten ziela argudiatu izan du Del Olmok hainbat autotan, euskara hedatzen eta indartzen laguntzen duenez.
9 egun falta dira.
Del Olmoren 2003ko urriaren 30eko autokoak dira hiru adibideak:
Euskararen borrokari aurre egiteko orduan, euskara eta irakaskuntza sostengatzeko sarea ehundu eta euskara hedatzeko beharrezko egiturak eraiki behar direla uste dute ETAk eta bere militanteek. Egunkaria-k planteamendu honi erantzuten dio Martin Ugalde Kultur Parkearen sorreran eta Egunero egunkariaren sorreran parte hartuz.
Litekeena da ETAren azken helburura heldu ahal izateko oinarrizko helburuetako bat lortzeko ardura duen organoetako bati [Egunkaria] lekua emateko sortua izatea [Martin Ugalde] Parkea. Azken helburu hori Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Euskal Herri frantsesean euskara zabaltzea eta euskararen erabilpen esklusiboa da, gaztelania eta frantsesa erabiltzea baztertuta. Horrela, hizkuntza baten eta kultura bat erabiltzearen bidez, inguruarengandik bereizitako herriaren kontzientziari eta beraz, independentzia sentimenduari eusten diote modu artifizialean. Eta hau, Euskal Estatu Sozialista Bateratu eta Euskalduna eratzeko baliatuko luke ETAk. Horixe da Euskaldunon Egunkaria, zeina 1990ean ETAren dokumentazioan agertzen baita euskararen aldeko gizarte mugimendu gisa.
ETAren nazio estrategiarako funtsezkoa da eremu guztietan (euskara ) nazio eraikuntzaren aldeko indar korrelazio nahikoa lortzea, agiri berean [Nazio eraikuntza-Alternatiba demokratikoa] euskararen alorreko borrokari garrantzia ematen dio, eta galdera honekin bukatzen du arrazoibidea: Zertarako nahi dugu euskara soberaniarik gabe? Planteamendu hauez gain, aipatu beharra dago ETAk euskarari izaera bereizlea ematen diola, izan ere, 1998-9-2ko agiriaren bidez adierazi zuenez, euskal hizkuntzak nortasuna eta batasuna ematen dio Euskal Herriari. Horregatik, euskara hutseko egunkari batek lortutako hedapena funtsezkoa da nazio eraikuntzaren prozesua burutzeko, Estatutik bereizi nahi duten lurraldearen euskalduntze mailaren erakusgarri baita, honi herri berezituaren izaera ematen baitio eta, beraz, ETAren helburuak lortu ahal izateko behar den indar korrelazio horren erakusgarri baita.
Biharko galdera: Zer gertatu da tortura salaketekin?
Erantzun
Sartu