Teknologia albisteak

Zer norabide hartu zuen ikerketak itxieraren ondoren? (5)

Erabiltzailearen aurpegia
imanol murua uria
2009-12-05 : 09:12

Guardia Zibila hirugarren aldiz ere sartu zen Egunkaria-ren egoitza nagusian, Andoaingo Martin Ugalde Parkean: 2003ko abenduaren lehenean. Egoitza zigilatua zegoen artean, bederatzi hilabetean ez zen inor sartu, eta Juan Del Olmo epaileak egoitza berriro miatzeko agindu zuen. Del Olmo bera ere etorri zen Andoainera, idazkari judizialarekin eta guardia zibilekin batera. Agiri gehiago eraman zituzten, modu selektiboagoan oraingoan, berriro mugimendu ekonomikoei buruzkoak batik bat. Baina hirugarrenez, kale. Agiri susmagarririk ez zuten topatu.

10 egun falta dira.

Baina Guardia Zibileko ikerlariek eta Del Olmo epaileak ez zuten etsi. Lotura ekonomikoa frogatzen duen agiririk gabe ere erakuts zezaketen Egunkaria ETAk finantzatu zuela. Nola? Ordurako Del Olmo hasia zen, Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta, argudio erabakigarriak ematen. Hiru adibide, Del Olmoren autoetatik hartuak. Hitzez hitzeko pasarteak dira, Berria-n euskaratuta bezala:

“Aipatu akzionistek [Egunkaria Sortzen-en dirua jarri zutenak] ez dute euren dirua benetan enpresa batean inbertitzen; ETAren jarraitzaile direlako egiten dute [diru ekarpena], ETAk eta bere erakundeek eskatu dietelako beren egitasmoetarako. (…) Herri kuestazioen arrakasta ez da sinesgarria; beraz, diruaren zati bat baino ez zen etorri bide horretatik”. (2003ko uztailaren 16ko autoa)

“ETAk herri kuestazioen bidez —dirua jartzen duten gehienak ETAren jarraitzaile direlarik— diru kopuru batzuk lortzen ditu eta, bestelako jatorria duten diruekin batera, enpresaren [Egunkaria SA] kapitalizaziorako erabili dira. Kopuru hauek, edo ETAren konfiantzako enpresen edo pertsonen izenean jarri dira, edo akzionista gisa eskubiderik ez duten jende multzo handi baten izenean jarri dira, era honetan ETAren konfiantzako pertsonek eragozpenik gabe kontrola dezaten Egunkaria SA. Bestalde, kontuan harturik ETA proiektuan inplikatua dagoela, eskudirutan kopuru handiak azaldu direla —eta ETAk kopuru handiak ditu eskudirutan— eta herri kuestazioak aski ez direla, logikoa dirudi pentsatzea litekeena dela Egunkaria SAn jatorri jakina ez duten diru funtsak zuzenean talde terroristak jartzea”. (2003ko urriaren 30eko autoa)

“Sortutako taldearen [Egunkaria-ren enpresa sarearen] kapital osoa Egunkaria SAtik dator eta zehatz-mehatz Egunkaria SAk zuzentzen du, Euskaldunon Egunkaria-ren argitaratzaileko zuzendaritzako kide diren berberen eskutik funtsean, zeinak ETAren Egunkaria proiektuaren sorreran parte hartu zuten, talde terroristak berak izendatu baitzituen ardura horietarako. Honek esan nahi du proiektu beraren parte direla, eta enpresa horietan ibiltzen dituzten diru funtsak Egunkaria-ren diruen jatorri berekoak direla” (2003ko urriaren 30eko autoa)

Biharko galdera: Zergatik diote akusazioek Egunkaria-k ETAren helburuekin bat egiten zuela?

Egunkaria kasuko FAQ edo galdetegia.

Erantzun

Sartu