Teknologia albisteak
18

Arrosa ala urdina

Erabiltzailearen aurpegia
leire narbaiza
2010-01-07 : 09:01

Inoiz ez zaizue pasatu, jaio berriendako arropa erostera joan eta ea neska ala mutila den galdetzea? Niri bai. Oparitxo bat egitera lehenengoz joan nintzenean itaun hori egin zidaten. Erakusleihoan txanodun toallatxo batzuk zeuden, hiru koloretan: arrosa, urdina eta zuria. Denda sartu eta zast, galdera madarikatua! Niri gehien arrosa gustatu eta horrela esan nion: "mutikoa da, baina arrosa nahi dut". Toallatxo bat zen, mesedez! Eta zuria erosteko zer esan behar nion, hermafrodita zela?


Ondarroako ahizpa biki batzuk: © cc-by-sa anaberan

Zergatik galdera hau? Nik ez diot zentzurik ikusten. Baina gero kontatu zidaten hainbat familiak ez diola mutikoari inoiz arropa arrosarik jarriko, eta alderantziz. Gaur eguneko kontu bat da hau, ez "Cuéntame"-koa! Nire adineko bikoteen artean! Eta gazteagoek ere egiten dute!!!

Duela hamarkada batzuk fenomeno hau ez zela hainbeste gertatzen esango nuke; izan ere, ekografiarik ez zegoen, eta sorpresa izaten zelako umearen sexua. Hortaz, arropatxo asko zuria zen, edo hiru koloreak batera zituena: arrosa, urdina eta zuria.

Jende askok hainbesteko garrantzia ematen dio mutikoa urdinez janzteari! Zergatik? Ez daukat erantzuna, baina neska izan ez dadin, kutsatu ez dadin dela esango nuke. Horrela sumatu dut. Antza denez, neskak urdinez janztea "baimenduago" dago; mutilak ostera, ez. Badirudi mutikoari arrosa koloreak etorkizunean eragingo diola eta ez dela inoiz gizonduko, emakume ahul eta negartia bihurtuko dela. Katastrofea!! Gizon izan behar zena, emakume bihurtuta!!

Eta neskatiletan zer dakar horrek? Arrosa kolorea nonahi, mundu arrosa kolore hutsezko gelak, arropak, motxilak, jostailuak....mundu arrosa zatar zoro bat, printzesaz eta Disneyz betea.

Zuetako askok pentsatuko du artikulu hau sekulako tontakeria dela. Eta hala litzateke banaketa hasierako hilabeteetako koloreetan geldituko balitz. Baina ez, hori hasiera baino ez da. Jostailuekin jarraitzen du: kopinak neskendako, automobilak mutilendako. Gero dekorazioarekin jarraitzen du:arrosaz pintatutako gelekin, horma urdinak eta koadroak nonahi. Mozorroak ere hain dira desberdinak: printzesak, super-heroiak.....horrela nerabezarora arte.

Eta gero harritu egiten gara hainbeste urteko borrokak ez duela berdintasuna ekarri! Zelan, baina? Jaiotzen garenetik desberdindu egiten gaituzte, rolak inposatu eta sehaskatik gure gustuak eta joerak markatu.

Horrela berdintasuna ezinezkoa da!

Erantzunak

Josu
2010-01-07 : 12:16

Erabat ados, Leire, asko gustatu zait zure gogoeta.

Edurne
2010-01-07 : 13:47

Artikulua sekulako tontakeria dela pentsatze hutsak amorru ematen dit. Nola baina tontakeria izan?

Txikitatik gizarte honek markatzen duen genero desberdintasun honi esker, egunero jasaten ditugu jipoiak, mehatxuak eta sekulako jazarpena sistema patriarkar honen eskutik.

Umea jaiotzen den momentutik esateko-egiteko moduak aldatzen ez ditugun bitartean, jai dugu.



baltuna
2010-01-07 : 14:21

Askotan pentsatu edo eztabaidatu izan dut honen inguruan zenbait lagunekin.Egia esan ume jaio berriei erosten zaien arropa ez da izan eztabaiden zentrua, horren inguruan ez baitut ideia hain argia. Kasu askotan umea mutila edo neska den bereizteko gizarteak inposatu dizkigun koloreak izan daitezke, nahiz eta esan dudan bezala inposatutako ezberdintze kolore edo era bat den.



Nik gehiago eztabaiatu izan dudana hortik aurrera datorrena da, panpinak neskentzat, autoak edo baloia mutilentzat. Mantala urdina klasean mutilentzat arroxa neskentzat (kontraesana izan daiteke aurrekoa 'onartu' edo errespetatzea eta hau ez, baina beno ez nituzke maila berean jarriko), mutilak tallerrean, neskak erizain...



Hor esan duzun urte askotako borroka hori ez da sekula nahikoa izango arazoa sustraietatik hartzen ez bada.



Niri pertsonalki tontokeriak iruditzen zaizkit, 20 diputatu badira erdiak gizonezkoak eta erdiak emakumeak izatea (edo beste horrelako mila adibide), balio duenak hartu behar du postua, 15/5 2/18 edo 10/10 izan.



Horrelako berdintasun pausoak dira nik uste berdintasunari kalte gehien egiten dietenak. Arazoa makillaje apur bat jarriz 'konpontzea' dela uste dut. Jendeak hori ikusi eta berdintasunaren aurrean pauso bat egin dela uste du, baina nik ez dut horrela ikusten.



Nire ustez arazoa sustraietatik konpondu behar da, eta egunen batean edozein etxetan mutiko bati panpina oparitzen dietenean, edo ikastolara dena kolore berdineko mantala eramatean, irakasle zein gurasoengatik tratu/edukazio berdina jasotzean... Orduan sentituko da pertsona bat ondokoaren berdin, orduan izango du futbola edo baleta, tallerra edo erizaintza edo beste zenbait gauzen artean besteek zer esango dutenaren kezka izan gabe (inork ez baitu ezer esango) gogokoena aukeratzeko aukera, eta orduan hasiko naiz esaten berdintasuna iristen ari dela, bitartean zuk esan bezala berdintasuna ezinezkoa da.

Ana Morales
2010-01-07 : 15:18

Leire, guztiz bat nator zurekin, eta ze poza ematen didan honetaz jende gehiago kezkatuta dagoela ikusteak. Pentsa, niri honako gauza absurdu hau ere gertatu zitzaidan: joan nintzen loba batentzat oparia erosten eta Harry Potterren liburu bat aukeratu nuen. Eman nion dendariari, eta paperean biltzerakoan galdetu zidan ea neska ala mutila zen paper mota hautatzeko. Nik esan nion berdin zela eta berak, temati, ekin eta ekin, ea neska ala mutila zen. Nik, tematiago, uko egin nion argitzeari,esan nion ume bat zela eta kitto. Ba, oso modu txarrean eta edozelan bildu zidan, haserre bizian.



Ama naiz eta buruhauste eta borroka asko kostatu zait (eta kostatzen zait egunero) kontu hau, hala kolore kontuan nola jostailu eta aktibitate kontuetan. Eta ze latza den korrontearen kontra joatea, ze zaila baina! Orain, estereotipoak haustearen emaitza begi bistakoa: hala hazitako umeak askoz ere aberatsagoak dira esperientzietan eta abilezietan, eta askoz ere irekiagoak, kritikoagoak eta irudimentsuagoak.



Izugarria da honen inguruko presio kulturala, eta are amorragarriagoa gero jendeak nola "naturalizatzen" duen bere diskurtsoan berez konstruktua besterik ez den hori: rolak eta estereotipoak txiki-txikitatik inposatu, barneratuarazi eta gero, gainera, berez-berezkoak direla sinetsi...! Eta, jakina, pigmalion efektua ere sortzen da: zertarako jaio zaren sinestarazi, ba horixe saiatuko zara ahalik eta ondoen egiten eta erreproduzitzen...



Esperimentu txiki bat: jostailuetara jo barik ere, saiatu pijama bat aukeratzen 9 urteko mutiko batentzat, ea zelako koloreak eta, batez ere, zelako motiboak agertzen diren kamisetetan...

arroxali
2010-01-07 : 15:41

Ama edo aita izaten zarenean hasten dira kontuak, ordura artekoak teoria hutsa izaten dira askotan. Hautaketa etengabean bizi gara gurasook! Gozokiak erosterakoan ere neskentzakoak (pakete arrosa eta barruan eraztun bat opari)eta mutilentzakoak (espidermanen pegatina) daude. Hautsi dezakezu, baina ez dituzu espidermanen kuleroak eta printzesen galtzontzilorik topatuko. Eta zer egin, alabak printzesaren jantzia edo printzesaren motxila eskatzen dizunean? ukatu? . Uste baino konplikatuagoa da dena, holako "huskeriekin" zaila bada, jokabide, balore eta bestelakoekin atera kontuak!

Iban Zaldua
2010-01-08 : 01:28

Niri gogoeta hau ez zait tontakeria iruditzen, ezta ere. Eta amorru gehiena ematen didana zera da, nola beti topatzen duzun, halako gaiak ateratzean, mutilen eta nesken arteko desberdintasunak "berezkoak" direla defendatuko duen norbait, genetikoak direla edo auskalo zer. Eta ez dira gutxi, hala pentsatzen dutenak! Tamalez...

M.K.
2010-01-08 : 09:40

Iban: neska eta mutilen arteko desberdintasunak genetikoak direla argi samar dago. Eta, esperientzia propioan oinarrituta, ez zientifikotasun handiarekin, esango nuke portaerako desberdintasunak ere badirela gauza genetiko horietan.



Horrek, hala ere, umeak jazteko ohiturekin ez du zerikusirik. Umea nahi duzunarekin jantzi dezakezu aita gisa, eta umea kalera doa lasai jolastera. Beste kontu bat izan daiteke zer dioen amak.

Iban Zaldua
2010-01-08 : 11:16

Nik ez dut ukatzen jatorrizko desberdintasun biologikorik dagoenik, ziurrenik gaizki azaldu dut. Esaten nahi nuena da soilik edo nagusiki genetikoak direla defendatzen duela jende askok (guraso askok), eta hori koartada ezin hobea izan ohi dela inguratzen gaituen presio "kultural" sexista guztia lausotzeko edota ezkutatzeko (total, jatorriz desberdinak direnez...). Tartean, Leire Narbaizak edo Ana Moralesek planteatzen dituzten kontuak bezalakoak.



Gure seme-alabek ikusten dituzten marrazki bizidunetako rolak nola banatzen diren arinki aztertzea besterik ez dago jasotzen duten ideologia sexista guztiaz jabetzeko.

assar
2010-01-08 : 11:21

Nonbait irakurri nuen XX. mendearen hasieran mutilen kolorea arrosa zela eta neskena urdina.



"An American newspaper in 1914 advised mothers: If

you like the color note on the little one's garments, use pink for the boy and blue for the girl, if you are a follower of convention."



Beste batzuk diote sasoi hartan sexu bakoitzak ez zuela berezko kolorerik.



Gero 2. Mundu Gerran kontzentrazio-esparruetan homosexualei arrosa koloreko marka jartzen hasi zitzaien. Orduan finkatu omen zen neskek arrosa kolorea eramatearen kontu hori. Ez dakit horrela ote den.

jaio
2010-01-08 : 12:11

Bost urteko alaba daukagu eta nik inoiz ez dut problemarik izan arroparekin. Gaur egun kolore guztietako arropak daude. Nik arrosarik ia ez dut erabili umeak hiru bat urte bete arte, hau da, zer nahi duen jakin eta eskatzen hasi den arte.Pentsa, Barbi ere sartu da dagoeneko gurean... Ez naiz batere arrosa-urdin zalea izan inposatutako gauza bat iruditzen zaidalako, baina arrosa eskatzen badigu zer egingo diogu, urdina erosi? ala berdea? Desberdintasunak, eztakit genetikoak ala ez, badaude...

Nork jantziko lizkioke semeari alaba zaharragoaren soinekoak? Asko jota azpiko kamiseta arrosaren bat ikusiko diogu arreba zaharragoa duen mutikotxoren bati. Desberdintasunik ez egitearren eztiogu soinekorik erosiko neskatxei?



Ana
2010-01-08 : 14:20

Nik ez dut uste inondik ere emakumeen eta gizonen portaeran desberdintasun genetikorik dagoenik. Areago, "zientifikoki" ezer frogatuta egotekotan, kontrakoa da, konstrukzio sozio kulturalak direla.



Eta zergatik da zertxobait errazagoa (oraindik ooooso zaila den arren maila sakonean) koloreen edo jostailuen arloan estereotipoak haustea nesken kasuan mutikoen kasuan baino? Ba iraultza feminista emakumeen mugimenduak egin zuelako eta modu kontzientean ekin ziolako genero estereotipo batzuk sistematikoki apurtu eta dekonstruitzeari, estetikoak tartean (adibidez, prakak jantziz). Gizonen liberazio mugimendu bat behar da estereotipoak beste norabidean ere hausteko, mutikoei ere panpinak oparitu ahal izateko lasaitasunez, esaterako.



bassmatti
2010-01-11 : 16:14

badago honi buruz abestitxo bat. entzun nahi badezue, hona esteka;

http://giorgiobassmatti.bandcamp.com/track/solomillo-ala-rape

leire narbaiza
2010-01-14 : 12:15

Lehen jaio berriak kolore desberdintasuna bazen ere, berdinago jantzen zituztela esango nuke: jertsetxoak, faldoiak, pijamatxoak....eta kolorea zuria sarritan.



Gaur egun, gero eta goizago janzten ditugu gure moduan, bakeroekin, kolore askorekin, eta nagusien arropa ere txiki-txikientzat gizon/emakume dikotomian murgildu da.



Kopinak neskentzat, autoak mutikoentzat. Eta marrazkiak ere, horrelakoak dira, arropan jartzen diren motiboak. Mutikotxo bat loradun jertse batekin, ez! Hori baina ez zen lehen gertatzen, txikitan behintzat!



Adinean aurrera joan ahala, mutikoentzako arropa klasikotu egiten da, eta apal gutxiago betetzen ditu dendetan. Neskendako, ostera, nahibeste gauza.



Hurrengo baten ere umeen arroparen gaineko post-en bat aterako dut, iloba hazi ahala.

Josu Mendicute
2010-01-14 : 13:26

Artikulu honekin gogora etorri zait txikitako nire desio frustratu bat: ikastolara joateko amantala berdea nahi nuen. Beti izan nuen urdina, argia edo iluna, marraduna edo koadroduna, baina beti urdina. Neskek arrosa, edo baita urdina ere, baina mutilok ezin aldatu.


Uste dut Ikastola osoan (garai hartan 350 ikasle inguru izango ginen) pare bat ikaslek izan zutela amantala berdea, eta nik ere desio nuen bat. Oso lotsatia nintzen eta uste dut sekula ez nuela etxean amantala berdea eskatu; erosi izan balidate ez nuen jantziko-eta, lotsak eraginda. Baina desio nuen, eta esango nuke ez nuela desio protagonismo nahiak eraginda, oso lotsatia bainintzen. Uste dut ihes egin nahi nuela urdin/arrosa sexuaren araberako derrigorrezko kolore ezarpenetik.


leire narbaiza
2010-01-14 : 18:21

orain hainbat eskolatan, amantal berdea janzten dute ume guztiek, horrela ez dago desberdintasunik.



Nire eskola neskena zen, eskolaurrea izan ezik, et gure amantala koadroduna zen, baina zuria eta marroia! Oso lohi-estalia, baina zatarra!!



Eskola laga ostean aldatu egin zuten, eta urdin argia zen. eskerrak!

leire
2010-01-14 : 19:33

Hemen entzuteko moduan Basmattiren kanta. Oso i¡ondo datorkio gaiari
Solomillo ala Rape? by Giorgio Bassmatti

leire narbaiza
2010-01-19 : 22:18

Hemen behean itsatsi dut Begitu (pdf) aldizkarian "Arrosa ala urdina" artikulua arratieraz:


Arrosa ala urdina


Inoiz ez jatzue pasau jaio barrientzako erropea erostera joan eta ea neska ala mutila dan galdetutea? Niri bai. Oparitxu bat egitera lehenengoz joan nintzanean itaun hori egin eusten. Erakusleihoan txanodun toallatxu batzuk egoazan, hiru koloretan: arrosa, urdina eta zuria. Dendara sartu eta zast, galdera madarikatua! Niri gehien arrosea gustau eta holan esan neutsan: "mutikoa da, baina arrosea gura dot". Toallatxu bat zan, mesedez! Eta zuria erosteko zer esan behar neutsan, hermafroditea zala?


Zergaitik galdera hau? Nik ez deutsat zentzurik ikusten. Baina gero kontau eusten hainbat familiak ez deutsala mutikoari inoiz erropa arrosarik ipiniko, eta alderantziz. Gaur eguneko kontu bat da hau, ez "Cuéntame"-koa! Nire adineko bikoteen artean! Eta gazteagoak be egiten dabe!!!


Orain dala hamarkada batzuk fenomeno hau ez zala hainbeste gertatuten esango neuke; izan be, ekografiarik ez egoalako, eta sorpresea izaten zalako umearen sexua. Hortaz, erropatxu asko zuria zan, edo hiru koloreak batera eukazana: arrosa, urdina eta zuria.


Jente askok hainbesteko garrantzia emoten deutso mutikoa urdinez janzteari! Zergaitik? Ez daukat erantzunik, baina neska izan ez daiten, kutsatu ez daiten dala esango neuke. Holan sumatu dot. Antza danez, neskak urdinez janztea "baimenduago" dago; mutilak ostera, ez. Badirudi mutikoari arrosa koloreak etorkizunean eragingo deutsala eta ez dala inoiz gizonduko, emakume ahul eta negartia bihurtuko dala. Katastrofea!! Gizon izan behar zana, emakume bihurtuta!!


Eta neskatiletan zer dakar horrek? Arrosa kolorea nongura, mundu arrosa kolore hutsezko gelak, erropak, motxilak, jostailuak... mundu arrosa zatar zoro bat, printzesaz eta Disneyz betea.


Zuetako askok pentsauko dau artikulu hau sekulako tontakeria dala. Eta hala litzateke banaketea hasierako hilabeteetako koloreetan geldituko balitz. Baina ez, hori hasierea baino ez da. Jostailuakaz jarraituten dau: kopinak neskentzat, automobilak mutilentzat. Gero dekorazinoagaz jarraituten dau: arrosaz pintautako gelakaz, horma urdinak eta koadroak nongura. Mozorroak be hain dira desbardinak: printzesak, super-heroiak... holan nerabezarora arte.


Eta gero harritu egiten gara hainbeste urteko burrukak ez daualako bardintasuna ekarri! Zelan, baina? Jaiotzen garanetik desbardindu egiten gaitue, rolak inposatu eta sehaskatik gure gustuak eta joerak markau.


Holan bardintasuna ezinezkoa da!


eneritz
2010-01-20 : 15:48

Nik ez neban nahi ezer arrosarik nire alabarentzat, neuri gustatzen ez jatalako, ez beste ezer. Baina jaio eta ingurukoak opari egiten hasi jatazanean, beittu, danek arrosa, pijama arrosa, txandal arrosa, txaketa arrosa, patukotxo arrosak... batek ezik. Esan eusten, "ume hau ez dot arrosaz jantzita ikusten, beraz hemen kolorinetako txandala". Eskerrik asko Asun

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu