Teknologia albisteak

Igeldo herria, Batzar Nagusiak eta erabakitzeko eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia
Josi Oiarbide
2009-11-25 : 08:11

Datorren igandean, 15 urte beteko dira Igeldok erreferendumean herria izatea onartu zuela, eta festa herrikoia ospatuko da herrian. Donostiak ez du entzun nahi, baina Arartekoaren erresoluzio batzuk izan dira azken aldi honetan, eta orain, hurrengo hilabeteetan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek erabaki beharko dute gaiaz.

Udal ez izatearen ondorioak: adibide bat

Udal ez izatearen ondorioak: adibide bat

Herriko eskola berriak hiru urte bete ditu. Hiru urte hauetan, "Mendizorrotz" Gurasoen Elkartetik eta Igeldoko Herri Kontseilutik, eskolako irteeraren inguruan autoen abiada murritzeko neurriak jar ditzaten behin eta berriz eskatzen ibili ondoren, Donostiako udalaren partetik... kasurik ez! Hiru urte gure seme-alaben segurtasunari erreparatzeko eta, kasurik ez!

Honako hau, adibide sinple bat besterik ez da Igeldoko herrian bizi den egoera agertzeko. Eta baten batek galde dezake: hori gertatuko al litzateke Altzon? Berrobin? Zerainen? Asteasun? Erantzuna denok dakigu, ez noski!

Eta orduan, zer dela eta Berrobin, Altzon, Zerainen edota Asteasun bai eta Igeldon ez? Aaaaa, herri horiek beren biztanletaz arduratzen diren udalak dituztelako, eta igeldotarrak berriz, "goiko auzoko ahaztuak" besterik ez direlako.

Igeldok herria izan nahi du!

Datorren igandean, 15 urte beteko dira Igeldok erreferendumean herria izatea onartu zuela. Indarrean zegoen foru arauaren baldintza guztiak betetzen zirenez, Igeldoko biztanleak, herria izateko erabakia laster iritsiko zelakoan zeuden, baina, Donostiako udalak egindako errekurtsoek, erabakia luzatu besterik ez dute egin. Azkenean, justiziak igeldotarrei eman zien arrazoia eta, herria izateko foru arau zaharra aplikatzeko agindu zuen: Igeldo herriak puntu guztietan betetzen zituen foru araua, hain zuzen!

Eta orain Gipuzkoako Batzar Nagusiek erabaki behar dute gaia. Arartekoak argitaratutako erresoluzioan agertzen denez, hurrengo hilabetetan erabaki beharko dute.

Eta hona hemen galdera… nola ulertu “herrien erabakitzeko eskubideen alde” dauden alderdi politiko batzuk, Igeldo herriaren erabakitzeko eskubidearen kontra agertzea, are gehiago, orduan indarrean zegoen foru arauak eskatzen zituen puntu guztiak betetzen direnean?

Ez, ezta? Ez da posible! Ezingo genuke ulertu! Beraz, onar ezazue behingoz Igeldoren herri izaera!

Eta eskaera hau ozen egiteko, hurrengo igandean, Igeldoko ekialdeko mugan mugarria jarri ondoren, festa herrikoia ospatuko da herrian!

Eta nola ez, Batzar Nagusietan ordezkatuta zaudeten politikari guztiak gonbidatuta zaudete!

Erreibindikazioaren ibilbide ofiziala azken aldi honetan

Sententzia igeldotarren alde atera ondoren, Foru Aldundiari zegokion desanexio prozedura martxan jartzea, baina urteak pasa eta dena geldi jarraitzen zuela ikusita, igeldotarrek Arartekoarengana jo zuten. Hori, iazko urrian izan zen.

Arartekoarekin bilera egin ondoren, honek eskutitza bat bidali omen zion Foru Aldundiari. Bertan, sententzian jasotzen zen moduan, lehenbailehen prozedura hasteko eskatzen zion.

Otsailaren 5ean, Diputazioak eskutitz baten bidez erantzun zion Aratekoari. Eskutitz horretan, prozedura lehenbailehen hasiko zutela aipatzen zioten eta horretarako, legeak eskatzen zizkien bi txosten eskatu behar zituztela argitzen zioten; bata, Donostiako udalarena, desanexioari buruz zuten iritzia agertzeko eta, bigarrena, Ogasunari, Igeldo herri bezala ekonomikoki bideragarria izango den edo ez argitzeko. Bi txosten hauek eskuratzeko hiru hilabeteko epea markatzen omen zuten eta, hori kontuan izanda, 6-8 hilabetetan prozedura bukatuta egongo zela adierazten omen zioten.

Foru Aldundiaren eskutitzarekin batera, Otsailaren 25ean, Arartekoaren beste bat jaso omen zuten, gaia bideratuta zegoela esanez eta bere lana egina zegoela adieraziz.

Foru Aldundiak markatutako epea aurtengo urrian bukatzen zenez, eta dena geldi dagoela ikusiz, igeldotarrek eskutitza bat bidali diote Foru Aldundiari berak otsailean markatutako epeak pasa direla eta, hamabost egunetan berririk izan ezean, berriro Aratekoarengana joko dutela adieraziz. Une honetan, eskutitz horren erantzunaren zain omen daude.

Arartekoaren erresoluzio horiek paperezko postaz iritsi dira Igeldora. Publiko diren edo ez, ez dakigu ondo, baina ez dirudi ageri direnik Arartekoaren webgunean.

Erantzun

Sartu