Dani Reguera informatikariak bere blogean, eta PabLOL delako lagun batek Euskalmapa-n utzitako erantzun batean, paradoxa bati begiratu diote: garraio publikoaz informatzen duten webgune eta zerbitzuek ez dute uzten informazio hori berrerabiltzerik. Demagun ekitaldi bat antolatzen duzula Donostia edo Gasteizko lokalen batean: jarraibide batzuk prestatzen dituzu sarean edo eskupaper batzuetan, garraio publikoz nola iritsi adierazten dutenak, lerroa marraztuta mapa batean, ordutegi batzuen berri emanez. Ba ezin duzu hori egin: legea hautsiko zenuke.
Dani Reguerak OpenStreetMap-en garraio publikoen ibilbideak gehitzeko aukeraz hausnarketa egin du bere blogean. Gasteizen, bere hirian, guztiz aldatu dira lerroak duela gutxi, eta aukera polita ikusi du datu horiek mapa libre batean integratzeko. Baina Gasteizko udalaren erabilpen baldintzetan, ohiko esaldia: "Eskubide guztiak erreserbatuta."
Antzeko kasuak arakatu ditu PabLOL sinatzen duen lagun batek Euskalmapa blogean:
Donostia: Donostiako autobusetako webguneko datuak ezin dira erabili.
La reproducción, copia, distribución, transformación, puesta a disposición del público, y cualquier otra actividad que se pueda realizar con la información contenida en el website, así como con su diseño y la selección y forma de presentación de los materiales incluidos en el mismo cualquiera que fuera su finalidad y el medio utilizado para ello, sin la autorización expresa de la COMPAÑÍA DEL TRANVÍA DE SAN SEBASTIÁN, S.A.U. quedan prohibidos.
Gipuzkoan zehar, Lurraldebusenak ere ezin dira erabili.
Bai web-erako sarrera, bai bertan dagoen informazioaren erabilera, erabiltzailearen ardurakoak izango dira. Aipatutako sartzeak edo informazio erabilerak sor dezakeen ondorio edo kaltearen inguruan, Lurraldebus S.L.enpresak ez du inolako erantzukizunik izango, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorioak diren egintza guztietan izan ezik.
Bizkaiari buruz dio Frikiprimok: Bizkaibusenak baietz uste dut. Baina azkenengo esaldiak ez dauka itxura onik (jatorrizko testuingurua esaten duen zatiak).
Erabiltzaileak elementu guztiak bistaratu ahal izango ditu, baita inprimatu, erreproduzitu, kopiatu eta bere ordenagailuko disko gogorrean edo beste edozein euskarri fisikotan gorde ere; baldin eta jatorrizko testuingurua errespetatzen bada eta edukiak aldatzen ez badira.
Bizkaibusen azken baldintza honi kasu eginez gero, ezingo zenuke edukia aldatu: lerro baten ibilbidea behin-behineko obra batzuengatik aldatuta dagoela jakingo bazenu, gure adibide hipotetikoan (ekitaldi batera iristeko jarraibideak) ezingo zenuke mapa probisional zuzen hori prestatu.
Ondorioa: informazio publikoaren gaineko ohiko copyright ohar hauek zentzugabeak dira.
Erantzun
Sartu