Gaur hasi da Hernaniko Udalak lehenetsi beharreko ekipamendua zein den erabakitzeko herri kontsulta. Goizeko 9etan ireki dute Biteri Kultur Etxean jarritako hautestontzia eta 10:30erako Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitia Kultur Etxean zen botoa ematen, Udal Gobernuko beste zenbait ordezkarirekin batera. Beitialarrangoitiak hernaniarrei dei egin die herri galdeketan parte har dezaten: Gure ustez, merezi du garrantzitsuak diren gaietan herritarrei euren hautua egiteko aukera ematea. Udalak lehenetsi beharreko ekipamendua zein den erabakitzea garrantzitsua da guretzat. Beraz, herritarrak animatu nahi ditugu galdeketa honetan parte hartzera.
Hernaniko Udala osatzen duten talde politiko guztiek adostuta jarri zuten martxan lehentasunik handieneko udal ekipamendua aukeratzeko parte-hartze prozesua. Parte-hartzearen lehen fasean hiru ekipamendu lehenetsi zituzten herritarrek: 1. Kultur gunea; 2. Igerilekua; 3. Gudarien eta Tilosen plaza eraberrituak1. Orain hiru aukera horien artean bozkatu ahalko dute. Beitialarrangoitiak adierazi du, udal gobernua osatzen duen tadeak ez duela hiru aukera horietako inoren aldeko aldarririk egingo, baina galdeketaren emaitza bere egingo duela, parte-hartzea gutxienez % 20koa bada: Gurea egiteak esan nahi du ekipamendu hori ahalik eta azkarren egingarri egiteko urrats guztiak ematen hasiko garela. Zeintzuk dira hasierako urrats horiek? 2010eko aurrekontuetan partida bat jasotzea egitasmo horren proiektua idazteko eta ondoren finantziazio iturriak lantzen hastea.
Gaur hasi eta igandera bitartean Hernanin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek eman ahalko dute euren bozka Hernaniko Biteri Kultur Etxean: Ahalik eta herritar gehienek herri kontsulta honetan parte hartzea nahi dugu. Izan ere, emaitzak Hernaniren proiektu estrategiko bat markatuko du; eta horrexegatik, Udaleko talde politiko guztien artean bozka emateko astebeteko epea uztea erabaki da, azaldu du Beitialarrangoitiak.
Biteri Kultur etxean eman behar da botoa: astelehenetik-ostiralera, 09:00-13:00 eta 16:00-20:30 artean; larunbatean 10:00-13:00 eta 16:00-20:00 artean; eta igandean 09:00-14:00 artean.
Hernanirentzat hiru proposamen hauetatik zein da zuretzat beharrezkoena? Galdera horrixe erantzun beharko diote botoa ematen dutenek. Boto-paperak Biteri Kultur Etxean egongo dira. Aukera bakoitzak bere boto-papera izango du eta hiru ekipamenduen artetik bakarra aukeratu behar da. Azaroaren 30ean, 11:30ean, boto kontaketa irekia egingo da udaletxean.
Parte-hartze prozesua urratsez-urrats:
Hernaniko ekipamendu beharrak aztertzeko parte hartze prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeatuz egitasmoaren baitako proiektua da, eta aurreko maiatzean jarri zuen martxan Hernaniko Udalak. Lehen fasean herritar guztiei zuzendutako hiru bilera egin zuen, Siadecok -ikerketa aplikatua egiten duen enpresak- gidatuta. Bilera horietan, herritarren iritzi eta ekarpenak kontuan izanik, lehentasunezko hiru ekipamendu zehaztu ziren: 1. Kultur gunea; 2. Igerilekua; 3. Gudarien eta Tilosen plaza eraberrituak. Aste honetan egingo den herri kontsultan hernaniarrek hiru aukera horien artean beharrezkoena iruditzen zaiena aukeratu ahalko dute. Baina parte-hartzea ez da aste honetara mugatu; prozesua luzea eta oparoa izan da:
Hernanin, 2009ko azaroaren 23an
Erantzun
Sartu