Teknologia albisteak

Zuztarretatik ahora!, eskolarako materiala

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Zuloaga, Labayru Ikastegiko Herri Ondare atala
2009-11-18 : 11:11

Gaur azaroak 18, eguerdiko 12etan, Zuztarretatik ahora!, eskolarako materialaren aurkezpena izango da, Labayru Ikastegiaren eskutik, Galdakaoko Musika eskolan. Ekitaldian Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura ahalduna, Andres Urrutia Euskaltzaindiako euskaltzainburua, Joseba Escribano Galdakaoko Alkatea, eta Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendaria izango dira.


Argazkiak.org | Zuztarretatik ahora, DVD-a, Labayru

Ekimen hau Nerbioi-Ibaizabal Bailarako udal batzuek sustatu dabe (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugao-Miraballes) eta Labayru Ikastegia ikerketa-lanaren eta horren ostean sortu dan materialaren egilea da.

Egitasmoaren oinarria eta helburua, ondare linguistikoa, etnografikoa eta kulturala batzea eta aztertzea izan da, gero berorregaz Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzako umeentzat material didaktikoa sortzeko. Lana DVD euskarrian kaleratuko da. Berez ikastetxeetan erabiltzeko tresna bada be, unitateak era didaktikorik egokienean prestatu dira, eskoletan ez eze gurosoek etxean seme-alabekaz erabiltzeko be aproposak izan daitezan.

Hau guztiau bideratzeko, orain dala hiru urte aitatutako herrietako lekuko hautatu batzuekaz alkarrizketak egiten hasi ginan eta guztira 77 barriemoile grabatu doguz, bai audioz eta bai bideoz. Eurekaz 340 orduko grabazinoak egin dira.

Grabazinootan, besteak beste, eguneroko bizimoduari buruzko informazinoa, lanbideak, ohiturak, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak, berbak, esaera zaharrak, kantak, bertsoak, eta abar batu dira. Jaso dogun herri ondare hori, zuzenean lekukoen ahotik naturaltasunez zabaldu eta transmititu gura izan dogu. Berebiziko garrantzia emon jako ahozkotasunari, gaur egunean zoritxarrez, ahozkotasunaren berezko transmisinoa galduta edo erdi galduta dagoelako.

Aurkezten dogun tresna hau ezin erabilgarriago eta baliagarriago da ikasleak ahozko komunikazinoan treba daitezen. Duda barik erreferentzia sendoak eta ganorazkoak izango dabez lekukoei grabatutako irudi eta barriketaldietan.

Bideoen bidez, hezkuntzako zikloetan antolatuta, ikasleek euren mailari jagokezan deskribapenak, kontakizunak, azalpen-testuak… entzun eta ikusi ahal izango dabez. Bideook laburrak dira, baina komunikazino unitate osoak guzti-guztiak.

Ekimen honetako unitate didaktikoak testuz, irudiz eta bideoz horniturik dagoz, gaika antolatuta. Gai bakoitzagaz lantzeko, jarduerak, esamoldeak, hiztegia, argazki galeria eta eskulanak be opesten dira.

Erantzun

Sartu