Teknologia albisteak

Ezker abertzalearen adierazpena: "Erreferentzia bakarra bide baketsu eta demokratikoetatik..."

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-11-14 : 17:11

Zazpi oinarri azaltzen dituen adierazpen bat kaleratu du legez kanporatutako ezker abertzaleak gaur, zenbait ordezkarik Altsasun egindako agerpen batean. "Prozesu demokratiko baterako lehen urrats" aurkeztu ditu ezker abertzaleak oinarri horie, bere borondatearen adierazgarri. Lehen oinarriaren azalpena honela hasten da: "Konponbide demokratikorako prozesuaren erreferentzia bakarra bide baketsu eta demokratikoetatik adierazitako herri borondatea da"

Dokumentu osoa PDF batean dago hemen, ezkerabertzalea.info webgunean. Oinarriak atera ditugu honako.

  1. Konponbide demokratikorako prozesuaren erreferentzia bakarra bide baketsu eta demokratikoetatik adierazitako herri borondatea da, bai prozesuabera martxan jartzeaz konfiantza izateko, bai hark garapen egokia edukitzeko, bai eta herritarrek beraiek berretsi beharko dituzten akordioak erdiesteko ere. Euskal herritarrek, prozesuan zehar, une bakoitzean era aske, baketsu eta demokratikoen bidez hartuko dituzten erabakiak errespetatuko dituela zinez hitza ematen du ezker abertzaleak, gainerako eragileek egin beharko luketen bezalaxe.
  2. Unean uneko egitura juridiko-politikoak herri borondatearen ondorio eta herritar guztien eskubideen berme izan behar du. Herri borondateak libre eta demokratikoki adierazteko mugarik izan ez dezan, une bakoitzean indarrean diren legezko markoak ez dira inoiz oztopo edo galga izango, baizik eta berau betetzeko berma izan beharko dute.
  3. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak; Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunak; eta Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunak aitortutako eskubideak errespetatu eta arautu beharko dituzte prozesu demokratikoan barrena egin beharreko akordioek, baita gizabanakoen edo kolektiboen Giza Eskubideei dagozkien nazioarte mailako bestelako arauak ere, beste askoren artean Emakumeen Eskubideen Karta.
  4. Euskal Herriko sentipen politiko ezberdinen arteko akordioak lortu ahal izateko, guztien artean eta baldintza berdinetan egin beharreko elkarrizketa politikoa izango da lanabes nagusia. Elkarrizketa horretan parte hartzeko borondatea osoa erakusten du ezker abertzaleak.
  5. Prozesu demokratikoaren baitan, indar politikoen arteko elkarrizketak herritarrek berretsi beharreko Akordio Politiko erabakigarria izan behar du helburu. Ondoriozko akordioak proiektu politiko guzti-guztiak, baldintza berdinetan eta inongo indarkeriarik edo esku sartzerik gabe, defendatu ahal izatea ez ezik, gauzatu ahal izatea ere bermatu beharko du, hori bada hartara prestatutako legezko prozeduren bitartez euskal herritarren gehiengoak azaltzen duen nahia.
  6. Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik gabe eta esku sartzerik gabe garatu behar da, soilik bitarteko politikoak eta demokratikoak erabilita. Gure helburuen bila bideratutako estrategia politiko hau, aipatu prozesu demokratikoa sustatuz eta parte hartzea bultzatuz, aurrerapenak ekarriko dituela ziur gaude. Adibide argia Hegoafrika eta Irlanda dira.
  7. Anoetan egindako proposamenarekiko konpromisoa berresten dugu. Hain tresna baliagarriaren arabera, euskal indar politiko guztiek baldintza berdinetan jardunez alde anitzeko akordio politikora zuzendutako elkarrizketa prozesua eratu behar dute, beti ere marko demokratikoa erdiesteko, hala, herri borondatearen muga besterik gabe, euskal jendarteak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izateko. Aipatu prozesua Mitchell senatariaren printzipioen baitan zuzendu behar dela diogu. Bestalde, ETA eta Estatu espainiarraren arteko negoziazio prozesua eratu behar da; desmilitarizazioaz, preso eta iheslari politikoen etxeratzeaz eta gatazkak eragindako biktima guztiei trataera bidezkoa eta zuzena emateaz aritzeko eta akordioetara heltzeko.

Erantzun

Sartu