"Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian" ikerketa-lana aurkeztu dute aste honetan Elhuyar fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak. Ondorioek artean, hauek aipatu dituzte:
Ikerlanaren ondorio nagusiak aurkezteko, honako pertsona hauek hartu dute parte gaur goizeko aurkezpenean: Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia; Luis Martínez de Luna, Prospekzio Soziologikoen Kabineteko burua; Andoni Eizagirre, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea eta Eguzki Urteaga Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia saileko irakaslea.
Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian azterketa-lanak hiru zati ditu. Lehenengo zatia Zientzia eta teknologiaren gizarte-iritziak eta irudikapenak izenekoa da, eta Euskal Herriko biztanleek zientziaz eta teknologiaz duten iritzia jakitea izan du xede. Azterketaren lehenengo zati honetan, alderdi kualitatiboak jaso dira. Bildu diren iritzien artean, ikertzaileek azpimarratu dute herritarren artean adostasuna erabatekoa da politika bateratua eta koordinatua falta dela esatean. Bestalde, euskal gizartearen iritziz, bi dira interes gai nagusiak: osasuna eta medikuntza, alde batetik, eta ingurumenaren gaineko ardura, bestetik.
Azterketa-lanaren bigarren zatia Zientzia eta teknologiaren gizarte-pertzepzioaren inkesta txostena izan da. Azterlan hau kuantitatiboa izan da, eta helburu nagusia izan da Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko herritarrek zientzia eta teknologiaren inguruan duten pertzepzioa ezagutzea, eta Espainia osoko (eta zenbaitetan Europar Batasuneko) datuekin konparatzea. Datuen arabera, herritarrak, oro har, ez daude pozik beren formazio zientifiko-teknologikoaren mailarekin, eta % 52k uste du oso baxua edo baxua dela. Bestalde, eta ikerketa honen arabera, jendartean hedatuen dagoen iritziak dio Espainiako ikerketa zientifiko-teknologikoa Europar Batasuneko batezbestekoa baino atzerago dagoela. Alabaina, Euskadiko nahiz Nafarroako herritarrek uste dute beren autonomia-erkidegoa Espainiako gainerako erkidegoak baino aurreratuago dagoela maila horretan.
Hirugarren atala Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren tratamendua eguneroko prentsan prentsa-azterketa da. Lan honek, hain zuzen ere, hamaika egunkarik 2008ko lau hilabetetan argitaratutako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-testuak aztertu ditu, eta aurreko bi atalen osagarri da. Hala ere, gaurkoan ez dira zati honi dagozkion ondorioak aurkeztu, lehengo urtean eman baitziren ezagutzera.
Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian azterketa-lan osoa eta laburpena http://laborategia.elhuyar.org webgunean dago eskuragarri.
Erantzun
Sartu