Egunkaria itxi zutenetik "infernua" bizi dutela aitortu zuen Joan Mari Torrealdaik ostegunean Eibarko Arrate Kultur Elkartean, Eibarko Egunkariaren Aldeko Plataformak antolatutako hitzaldian. Egun gutxi barru, datorren hilean hastekoa da sumario nagusiko epaiketa. Auzi nagusiaren inguruan bost lagun epaituko dituzte: Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga. Torrealdaik auziaren nondik norakoak azaldu zituen ostegunean, Eibarren.
Gau hartan modu batera oheratu nintzen, eta beste modu batera jaikiarazi ninduten 1:30ak aldera. Kulturgintzan egindako urteetan bildutako material guztia kendu zidaten, eta bat-batean terrorista bihurtu nintzen. Sekula aurretik pentsatu ez nuena gertatu zitzaidan, zuetako edonori gaur bertan gerta dakizuekeen moduan.
Atxilotze uneko tratua "oso-oso gogorra eta basatia" izan zela aitortu zuen, eta inkomunikatuta egin zituzten bost egunetan "arra" balitz moduan tratatu zutela. Itxieraren bosgarren urtemugara arte ez zen torturak salatzeko gauza izan: "Jakingo duzue gure gurasoek nola ezkutatzen zituzten gerra garaikoak, mina ez trasmititzeko. Bada, fenomeno hori ez zen gerra garaian bukatu", azaldu zuen. Atxiloketa gertatu zenez geroztik euren bizimodua goitik behera aldatu dela azaldu zuen Torrealdaik, bizitzaren hiru laurdenak epaiketarako defentsa prestatzeko lanetara eskaintzen diote eta.
Horrekin batera, bera zein beste atxilotuak euskal kulturgintzatik aldentzea lortu dutela azaldu zuten, "guk euskal kulturari eman geniezaiokeena eten dute". Horrekin batera, auzipetuen kontu korronte guztiak blokeatuta daude, 15ean behin sinatzera joan behar dira, etorkizunerako planik ezin dute egin, ezta Espainiako mugetatik kanpora irten:
Euskaltzaindiak berak, ni euskaltzaina izanik, Hendaian egiten diren bileretara joateko eskaera egin zion fiskalari eta bera baimena emateko gertu zegoen, baina akusazioa bultzatzen dutenek horren kontra egin eta bileretara joateko baimena ukatu zidan epaileak.
Gauzak horrela, eta paradoxa iruditu arren, une honetan euren defentsarik onena fiskala bihurtu dela dio Torrealdaik. Izan ere, fiskalak behin eta berriz eskatu du auzia ixteko, froga eta oinarririk ez dagoelakoan. Akusazio partikularrik ere ez dago, baina AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioen bultzadarekin epaiketa egitea erabaki du epaileak.
Fiskala bera bihurtu da gure defentsa onena. Fiskalak - berez akusazio publikoa den horrek- egurra eman dio epaile instruktoreari, Juan del Olmori. Ez dira ematen epaiketa egiteko baldintzak. Europako beste herri batean ez gintuzten gu epaituko.
Fiskalak akusazioa erretiratu izanak bereizten du Egunkaria auzia gainerako euskal auzietatik. Hala ere, Auzitegi Nazionalak nola funtzionatzen duen ikusita, epaiketaren aurrean kezka azaldu zuen Torrealdaik. "Ezin da esan Auzitegi Nazionala justiziaren tenplu bat denik". Euren kontra ezer ez dutela jakinda ere, epaiketa egin eta sententzia euren aldekoa ez dela izango pentsatzeko arrazoirik ez zaie falta:
Epaiketa egin eta zigorrik jarri ezean, guk kalte-ordainak eskatzeko eskubidea dugu. Kalte-ordain horrek, gainera, oso handia izan beharko luke (ezin da ahaztu Egunkaria likidatzera behartu zituztela eta 100dik gora lagun lan barik geratu zela), eta jakina, hori horrela izanda, ezin gaituzte besterik gabe absolbitu.
Epaiketa gerturatzen doan honetan, jendearengandik orain arte jasotako babesa eskertu nahi izan zuen Torrealdaik eta "epaiketan duintasunez defenditzeko" behar duten berotasun horri eusteko deialdia egin zuen.
Izan ere, epaiketaren inguruan Bilbon manifestazio nazionala egiteko asmoa dago eta bertara agertzeko eskatu zion jendeari. Eibartik manifestaziora joateko autobusak antolatuko dira eta dena zehazten doan heinean eta kitto!ren bitartez informazioa zabaltzen joango da. Horrez gain, Euskara Elkartearen egoitzan (Urkizu, 11 solairuartea) 10 euroko laguntza-bonuak eta kamisetak (10 eurotan) daude salgai, lagundu nahi duenarentzat.
Argazkia: © ...eta kitto! baimenarekin
Erantzun
Sartu