Teknologia albisteak

Abian dira CAF-Elhuyar sariak, aurten berrikuntza ugarirekin

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2009-11-08 : 12:11

Elhuyar Fundazioak abian jarri ditu CAF-Elhuyar sariak, CAF enpresaren babesarekin, zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta narrazio-lanak bultzatzeko helburuarekin. Sariketa honek 15 urte bete zituen iaz, eta, aldi berri bati hasiera emateko asmoarekin, aurten berrikuntza ugarirekin dator. Hiru kategoria egongo dira: *Dibulgazio–artikulu originalak, Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak eta Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak*. Parte-hartzaileek 2010eko urtarrilaren 31 arte izango dute haien lanak edozein kategoriatara bidaltzeko aukera.

*Dibulgazio–artikulu originalak* kategorian 2.000 €-ko bi sari emango dira inoiz argitaratu gabeko dibulgazio-artikuluei; bata dibulgazio-artikulu orokorrei dagokiena, eta bestea egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluari dagokiona. Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak kategorian, 5.000 €-ko sari bat izango da gazteei zuzendutako euskarazko literatura-lan hoberena aurkezten duenarentzat. Lan horiek zientzia- edo teknologia-gaien presentzia izan beharko dute, betiere. Azkenik, Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak kategorian, 2.000 €-ko sari bat egongo da jokoan, eta 2009. urtean argitaratu diren kazetaritza-lanak aurkeztu ahal izango dira, edozein formatu eta generotakoak.

CAF-Elhuyar sari berriek Elhuyarren CAF-Elhuyar Sariak eta Basque Research Tesi Sariak dituzte oinarri. CAF-Elhuyar Sariak zientzia-gaien euskarazko dibulgazioa eta, bereziki, idazle berriak sustatzeko sortu ziren; Tesi Sariak, berriz, euskal ikertzaile gazteen lanak ezagutarazteko. CAF-Elhuyar Sari berriak bi sariketa horiek bildu ditu, eta bi esparru berrietara zabaldu da: gazteentzako zientzia-narrazio lanetara, batetik, eta komunikabideek euskaraz egiten duten zientzia-kazetaritzara, bestetik.

Epaimahaia zientzia eta teknologiako adituek zein literatura- eta kazetaritza-munduko adituek osatuko dute, eta 2010eko apirilaren 30a baino lehen jakinaraziko ditu irabazleak.

CAF-Elhuyar sarietan parte hartzeko epea azaroaren 1ean ireki da, eta oinarriak jada euskuragarri daude webgune honetan.

Sariketa honek Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailaren diru-laguntza jaso du.

Erantzun

Sartu