Teknologia albisteak

Gurasolandia Arrasaten

Erabiltzailearen aurpegia
Txatxilipurdi Elkartea
2009-11-11 : 10:11

Datorren azaroaren 15ean (igandea) ospatuko da Gurasolandia Arrasateko Uharkape Pilotalekuan, Txatxilipurdik eta Guraso.com-ek antolatuta. Gurasolandia familientzako jolas parke bat da, haur eta helduen arteko aisialdi harremana sustatzeko gunea. Horretarako ekintza eta tailer ezberdinak egongo dira, familiartean ongi pasatu eta jolastuz, parte hartuz, abestuz, gozatuz, kontatuz,... gaitasunen eta hizkuntzaren transmisioa emanez.

Euskararen transmisioan, familiaren papera funtsezkoa da. Funtzio garrantzitsu hori aitortzen diote familiari hainbat hizkuntzalari eta soziolinguistika adituk, belaunaldi arteko hizkuntza transmisioaren giltza izatearena.

Txatxilipurdi Elkartean ere aspalditik argi daukagu gurasoekin lan egin beharra dagoela. Gure funtzio eta helburua haur eta gazteengan euskararen erabilera sustatzea den arren, gurasoen bitartez gure helburuetara zuzen-zuzenea irits gaitezke. Izan ere, behin eta berriz errepikatzen den ideia da, haurren hizkuntza ohituretan zerikusi zuzena dutela gurasoen hizkuntza ohiturek.

Hau guztia kontuan izanik, gurasoek jakin beharko lukete zein den eta zenbateraino den garrantzitsua euren parte hartzea; zein izan daitekeen beraien erantzunkizuna eta nola lagun dezaketen euren seme-alaben hizkuntzen garapenean eta batez ere euskararen jabekuntza prozesuan.

1.- Zer da Gurasolandia?

Gurasolandia familientzako jolas parke bat da, haur eta helduen arteko aisialdi harremana sustatzeko gunea. Horretarako ekintza eta tailer ezberdinak egongo dira, familiartean ongi pasatu eta jolastuz, parte hartuz, abestuz, gozatuz, kontatuz,... gaitasunen eta hizkuntzaren transmisioa emanez.

Guztiok egon izan gara noizbait jolas parkeren batean; herriko jaietan, gabonetako parkean, ikasturte bukaera ospatzeko antolatutako jaian...

Jolasean aritu izan gara, korrika, saltoka,... baina urteak aurrera joan ahala, kasu askotan ikusle soilak izatera mugatu gara.

2.- Zer lortu nahi da?

Gurasolandian ikuslea parte hartzaile bilakatu beharko da; hau da, normalean begira egoten den heldua, egunean zehar antolatu dirten ekintzetan parte hartzeko aukera izango du, jaialdiko protagonista bilakatuz.

Haurrek ere, beraien familiekin batera jaialdian parte hartuko dute, helduak parte hartzera bultzatuz.

Beraz, egitasmo honen helburua, haur eta gurasoak transmisioarekin lotura zuzena duten ekintzetan elkarrekin parte hartzea izango litzateke eta aldi berean, nahiz eta zailtasun handiagoarekin, rol aldaketa ematea, gurasoak ordu batzuetan ez bada ere, haur bilakatuz.

3.- Nori zuzenduta dago?

Gurasolandia, nagusiki gurasoei zuzenduta dago nahiz eta haurren parte hartzea ere, garrantzitsua izango den. Guraso esaten dugunean, familiako edozein heldu esan nahi dugu; izeba, aitita, gertuko lagun,... edozeinek hartu dezake parte. Haurrak ezingo dira jaialdira bakarrik gerturatu; gutxienez heldu batekin joan beharko dira eta horrela, ekintza ezberdinetan bilatzen den transmisioa bermatuko dela ziurtatuko da. Helduak aldiz, bakarrik gerturatzeko aukera izango dute.

4.- Eguneko egitaraua

Goizean (11:00 – 14:00): Euskarazko jostailuen gunea / Marrazketa gunea / Karaokea / Psikomotrizitatea / Aerobitoia

Arratsaldean (16:30 – 19:30): Ipuin-kontaketa / Euskarazko abesti eta jolasak / Txapa tailerra / Jolas tradizionalak

18:30etatik aurrera: Dantzaldia

Egun ososan zehar: Teknologia berrien gunea / Balanze-bikeak / Ludoteka / Hankapaloak

Ekintza guztiak Arrasateko Uharkape Pilotalekuan izango dira.

Sarrera, zozketa batean parte hartzeko euro bateko rifa izango da.

Bazkaltzeko gune atondua egongo da bazkaria etxetik ekarri nahi duenarentzat.

Erantzun

Sartu