Teknologia albisteak

Ipupomamua, telebista saio berria

Erabiltzailearen aurpegia
Gipuzkoako Foru Aldundia
2009-10-22 : 18:10

Ipuinak entzun, ikusi, bizi eta gozatzeko telebista saio berria ematen hasiko dira ETB1en ostiraletan 19:30etan, eta ETB3n ostegunetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren babesean, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.

Ipupomamua asteroko saioa izango da, 25 minutuko iraupenaz, euskara hutsez eta ETB1en eta ETB3n emango dena, datorren urteko ekaina bitartean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxak eta ETBk haur eta gazte literatura hedatu eta gure etxeetara zabaltzeko asmoz, Ipupomamua telebista saioaren 35 atal osatzeko konpromisoa hartu dute.

Saio ibiltaria izango da: Nagore Aranburu aurkezlea herririk herri ibiliko da, liburutegietan, kultur etxeetan eta abarretan. Astero, elkarrizketa bat eskainiko du ipuingintzaren edo ilustrazioen inguruan, iritziak bilduko ditu, zinemarekiko loturak aztertuko ditu...

Jakina, saio bakoitzean ipuin kontaketa bat ere izango da: aktoreek, jende ezagunak, idazleek eta beste askok eskainiko digute ipuintxo bana.

TB saioa, etorkizunari begira

Etorkizunean sortuko den Ipupomamua parkearen atari bat izan nahi du telebista saioak: izen bera du, izenaren bitartez atzean den proiektuari bidea zabaldu nahi baitiogu. Nolabait esatearren, orain abiatuko den Ipupomamua TB saioa, Ipupomamua parkearen aurkezle aitzindari bat da.

Ipuina, poema, marrazkia eta mamua biltzen ditu hitz bakarrean Joseba Irazuri (Bernardo Atxagari) zor diogun izen eder honek.

Ipupomamuaren proiektu orokorra ipuinaren inguruko parke bat da sortzea da, ipuinak entzuteko, antzezteko, irakurtzeko, ikusteko eta bizi izateko gune berezi bat.

Jolaserako leku bat izan nahi du ezeren aurretik: ipuinak maitatzen ikasteko leku bat izan nahi du, jolasaren bitartez. Kalitatezko atsegin-toki bat izateko jomuga du proiektu honek. Aisialdirako eskaintza berezia sortu nahi du: kontsumoaren estandar inportatuetatik kanpo, jolasa, sormena eta parte-hartzea bultzatu nahi ditu.

Ikastetxeentzako lanabesa izan nahi du, ipuinak eta narrazioak ulertzeko eta maitatzeko bideak eskainiko dituena, programa didaktiko landu baten arabera.

Topalekua izan nahi du ipuin egileentzat, idazleentzat, irudigileentzat, antzezleentzat eta kontalarientzat; editore, irakasle edo gurasoentzat.

Erreferentzia-gunea izango da bere jardunean, kalitate berezia bermatuko duelako.

Antena bat izango da bat mundu zabalean egiten denaren berri jasotzeko eta euskaraz egiten dugunaren berri munduan hedatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren artean aliantza sendo bat sortu da, orain Ipupomamua TB saioa gauzatzeko, eta etorkizunean parkea sortzeko. Aliantza horren konpromisoen barruan daude biak, telebista saioa eta parkea bera. Kutxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko bazkidetzak trakzio lana egin nahi du, Ipupomamua proiektuaren alde gainerako herri administrazioak ere biltzeko.

Erantzun

Sartu