Teknologia albisteak

Googlek halamoduz sartu du euskara Translator Toolkit tresnan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-10-16 : 13:10

Googlek euskara eta eremu urriko beste hainbat hizkuntza gehitu ditu Google Translator Kit tresnara. Xede-hizkuntza gisa ageri dira orain, baina horrek ez du esan nahi itzulpen prozesuan ezertan laguntzen duenik. Itzulpena zuk egiten diozu Googleri. Hala ere, jende askok erabiltzen badu tresna azpiegitura gisa, pentsa liteke itzulpen-memorien funts partekatu handi bat sortu daitekeela.


Argazkiak.org | Google Translator Toolkit, euskaraz? © cc-by-sa: sustatu

Translator Kit-en 200 hizkuntza baino gehiago sartu ditu Googlek orain. Hizkuntza gutxituen aldeko aldarri batekin eta irakasle maori baten aholkularitza eta hitzekin dotoretu dute iragarpen ofiziala. Baina hizkuntza berri horiekin, ez dator Googlera hizkuntza-teknologia berezkorik, baizik itzulpengintzarako kudeaketa tresna bat, sarean oinarritutakoa, zeinean, zeuk eta beste batzuek itzuli ahala eta itzulpen-memoriak kargatu ahala, itzulpena erraztu egin daitekeen. Aplikazio zehatz bat izan daiteke Wikipedia hornitzeko, Translator Kit bereziki baitago egokitua horretara.

Ez da nahastu behar Google Translator Kit, itzulpengintzarako tresna hau, eta Google Translate zerbitzua. Lehenbizikoarekin, Translator Kit-ekin, itzultzailearentzat sarean oinarritutako itzulpen ingurune bat eskaintzen du Googlek, eta emaitza, zeuretzat baliagarri izan daitekeen bitartean, Googlerentzat ere baliagarri izan daiteke, eta doan.

Igor Leturiak komentatu du Twitterren:

Euskarara ez du automatikoki ezer itzultzen, dena norberak egin behar du (...) Agian itzulpen horiek Google Translate euskaraz jartzeko erabiliko dituzte, baina beraientzat doan egin behar dugu lan?

Bigarren tresna hori, Google Translate, itzulpen automatikoa egiten duen aplikazio bat da. Honetan dauden hizkuntza gutxiago dira, baina eremu urriko batzuk badaude (katalana eta galesa, adibidez), eta hemen bai, hizkuntzari bereziki lotutako teknologiaren emaitza argia ikusten da. Euskara ez dago tresna honetan oraingoz.

Hizkuntza bat bigarren tresnan badago, desberdintasuna nabarmena da Translator Kit erabiltzeko orduan. Goiko irudian (hemen handiago ikusteko), Wikipediako orri baten itzulpenari ekin diogu euskaraz. Ez dator, berez, itzulpenik. Zuk doan itzultzen baduzu Googlerentzat, agian itzulpenak pilatuko dira memorian, eta jende gehiagok hori eginez gero, Wikipediako orriak itzultzea errazagoa izango da etorkizunean. Baina gaur gaurkoz, Wellingtongo Dukearen Wikipedia orria euskaratzeko, ez dago aurrerakuntzarik.

Katalanez probatuz gero tresna bera, emaitza oso desberdina da:


Argazkiak.org | Google Translator Toolkit, katalanez © cc-by-sa: sustatu

Hor jada ikusten da (pantaila handiagoa hemen), sistemak dexente aurreratzen dizula lana. Hala ere, katalana ez da agertzen oraindik Translator Kit jatorri hizkunzten artean. Produktua sarean jarri zutenean, aurtengo ekainean, ingelesa zen jatorri-hizkuntza bakarra itzulpenak abiarazteko. Orain beste zenbait gehitu dituzte, eta frantsesa eta gaztelania tartean dira.

Erantzun

Sartu