Euskal Herriko eta inguruetako ondare megalitikoa ezagutu eta ezagutzera ematea da Euskal Herriko Atlas Megalitikoaren asmoa, orain arteko datuak bildu, antolatu eta era egokian erakutsi eta arakatzeko moduan jarriaz. Dagoeneko datu sarrera ugari biltzen baditu ere, bukatutako katalogoa baino, zuzendu eta osatu beharreko katalogoa da webgune hau, horregatik luzatu nahi nizueke gonbidapena begiratu bat eman eta parte hartzeko, edo gai hauetan interesik izan dezaketen lagunei ezagutzera emateko.
Ez gara hutsetik abiatzen: 2350 megalitoren aipamenak dauzkagu jasota une honetan katalogo honetako fitxetan (horietako batzuk ez dira monumentu bakanak, multzoak baizik, harrespil eta tumulu eremu askorekin gertatzen denez) eta hauei ateratako 5071 argazki dauzkagu (fitxa batzutan argazki asko dago ordea, eta beste askotan, batere ez).
Databasea osatzeko erabilitako iturburuak orain arteko katalogazio lanak izan dira: lurralde bakoitzeko katalogo megalitikoa eta arloko aldizkari berezituetan argitaratutako hainbat artikulu. Lurraldekako katalogo megalitiko horietako batzuk urte mordoska dute eta asko izango dira horiek argitaratuz geroztik egin diren aurkikuntza berriak, gurean oraindik jaso gabe daudenak. Bizkaiko Karta Arkeologikoa 1984koa da, Arabakoa 1987koa, Gipuzkoakoa 2002koa (1990koa eguneratuz) eta Iparraldekoa (J. Blot) ez dago oraindik sistematikoki jasota. Nafarroakoa izango da oparoena, berriena eta osatuena Hilarriak taldekoei esker.
Megalitoen kokapena (ikus megalito guztiak mapa gainean) ez dago behar bezala zehaztuta kasu askotan, gutxi gora-beherako koordenatuak ezarri zirelako bere garaian, mapak baliatuz, eta zehaztasun hori ez da nahikoa GPSaren garaian. Egitekoetako bat monumentuak GPSaz bertatik bertara jasotako koordenatuekin lekutzea da, ezagutu nahi dituenari bidea errazteko. Monumentu bakoitzeko argazki sorta bat ere jaso nahiko genuke, eta bere egoeraren berri emateko deia zabaldu ere bai, izan ere asko dira azken urteotan hondatutakoak, eta beste asko seinalatu gabe daudenak, usterik gutxienean desagertuko direnak.
Monumentu hauek zer-nolakoak diren jakin ezean ez da erraza izaten askotan antza ematea. Lur-azalean edo belar artean doi-doi ageri diren harri mutur batzuk harrespila osatu dezakete, sasi artean ezkutatutako harri pila bat tumulua eta larrearen erdian etzanda ageri den harri luzea, hiru puska eginda, zutarria. Bat baino gehiago harrituko da seguraski trikuharri batek gaur egun erakus ditzakeen itxura desberdinak ikusita. Horregatik da horren garrantzitsua monumentu hauek ondo lekutu eta seinalizatzea.
Monumentu hauek mendi bizkar, gain eta lepoetan kokatuta daude gehienetan, eta askotan suertatzen dira mendi-bide eta baso-pistek urratutako lekuetan. Azken aldian gainera baso lanetan eta soroetan makineria handia erabiltzen da, eta ez da zaila halakoak ustekabean birrintzea, jakin ezean zaila baita monumentu hauen izaera igertzen. Monumentua osatzen duten harriak ere askotan berrerabili izan dira harresiak edo bestelako eraikinak osatzeko, mugarri gisa edo... karea egiteko. Eta beste asko ebasketaren ondorioz gelditu dira hondatuta edo kaltetuta, baliozko zerbait aurkitzeko itxaropenarekin norbaitek urratuta.
Erreferentziarako gunea ere izan nahi luke webgune honek, orain arte aurkitutako monumentuen berri eman eta besterik topatuz gero, lehendik jasota dagoen ala ez erakusteko. Berriak aurkitu? Bai, urtero-urtero aurkitzen dira monumentu berriak, Nafarroa eta Pirinio aldean batez ere (Hilarriak taldekoen ahaleginari esker horietako asko). Nafarroako katalogoa osatu eta ondarea zaintzeko lanetan diharduen Hilarriak taldeko Alfonso Martinez (ikus bere bloga) izan dugu laguntzaile.
Ondo ibili!
Erantzun
Sartu