Teknologia albisteak

UEMAko udalen hizkuntza-politika egokia dela nabarmendu du Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua
2009-10-17 : 10:10

Kontseiluak eta UEMAk 2006tik 2009ra UEMAko udaletan egindako hizkuntza politikaren neurketen irakurketa eman dute ezagutzera. Guztira, ehundik gora neurketa egin ditu Kontseiluak, eta tartean UEMAko 30 udal daude. Emaitza kuantitatiboetan, udal bakoitzak 0tik 10erako emaitza du, eta nabarmentzekoa da sailkapeneko aurreneko 10 postuetan UEMAko udalak egotea. Emaitzen harira, UEMAk eta Kontseiluak UEMAko udalen hizkuntza politikaren gaineko irakurketa egin dute prentsaurrekoan.

Jon Bollar UEMAko lehendakariaren aburuz, zenbakien atzean UEMAko udalek hizkuntz politika bateratua gauzatzeko konpromisoa ikusten da, baita UEMAren ereduak euskararen normalizazioari onura dakarkiola ere. Emaitzak onak izan arren, UEMAk autokritika egin eta harago iritsi nahi du, herriz herri zer hobetua dagoela nabarmendu baitu. Hobetzeko bidean, UEMAk euskalgintza aukeratu du bidelagun: batetik, udararen aurretik Kontseiluarekin hitzarmena sinatu zuen, neurketen bidez udalen hizkuntza politikaren segimendua egiteko, eta, bestetik, Behatokiarekin duela urte eta erdi sinatutako hitzarmena du, herritarrek hizkuntza kexak bideratzea bultzatzeko, baita udalen aurkakoak direnak ere.

Horrenbestez, UEMAren irakurketaren arabera, emaitzek adierazten dute UEMAren ereduaren baliagarria dela euskararen normalizazioan. Eredu horren muina udalerri euskaldunetan �euskarak lehentasunezko trataera garbia� izatea da, eta gaur egun 61 udal daude eredu horren baitan lanean. Nolanahi ere, Jon Bollarrek dei egin die gainerako udalerri euskaldunei UEMArekin bat egiteko, ekainaren 13ko Berako UEMA Eguneko leloa bere egiteko: �Euskaraz batzen gaitu�.

Jon Bollarrek gogora ekarri du UEMAk bide propioa duela eta urratsez urrats aurrera doala bide horretatik: �Bidea norabide bakarrekoa da, euskararen normalizaziorantz doa, eta emaitza onak eman ditu, gaur ikusi dugunez. Eta, esan bezala, bidelagunak asko izan arren, bidea zabala da, denok kabitzeko modukoa.�

Bestetik, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak neurketen ibilbidea izan du hizpide: 2005ean udalen hizkuntz politika aztertzeko metodologikoki zorrotz diseinatutako ebaluazio tresna sortu zuen, eta, horretarako, aditu askoren ekarpenak jaso zituen: soziolinguistenak, udaletako zein beste administrazio batzuetako teknikarienak, besteak beste.

Euskal Herriko 66 herritan egin zen ebaluazio hori 2005. urtean eta, ondoren, lan horri jarraipena eman zaio eta lehenengo ebaluazio hori jada 100 herrietan aplikatu du Kontseiluak. Aurrera begira, abiatutako lan honi jarraipena emateko asmoa du. 2011n bigarren ebaluazioari ekingo dio. Izan ere, ziklo politiko bakoitzean hizkuntza politikak aztertzeko asmoa du Kontseiluak, azterketaren bitartez, udalek aplikatzen dituzten hizkuntza politiketan dauden hutsuneak detektatu ahal izateko. Hutsune horiek agerian geratuko direnez, udaletako arduradunek hizkuntz politika egokiak gauzatzeko hutsune horiek gainditzea beharrezkoa izango da.

Xabier Mendigurenek, halaber, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du; Kontseiluaren izpiritua betiere elkarlanean aritzea baita: administrazio guztiekin zein bestelako eragile sozial, ekonomiko eta politikoekin. Horrexegatik ere, dinamika honen baitan, Kontseiluak hizkuntza politika hobetzeko udalerrietako erakundeekin elkarlana lortzen saiatzen ari da. Hor kokatzen dira berriki aurkeztutako 25 udalekin sinaturiko hitzarmenak eta ekainean UEMArekin sinatutako hitzarmen berezia.

UEMAko udaletan egindako neurketei dagokienez, Xabier Mendigurenek adierazi du emaitza hauek argiki uzten dutela UEMAko herrietan aplikatzen den hizkuntz politika, oro har, egokia dela. Halaber, gaineratu du Kontseiluaren webgunean sarrera berezi bat dagoela (www.kontseilua.org), eta hor kontsultatu daitezkeela herri bakoitzaren emaitzak edo herrien arteko alderaketak egin. Web gune horretan, bestetik, udalerrien hizkuntza politikaren inguruan bestelako informazioa ere eskainiko du Kontseiluak.

Erantzun

Sartu