Teknologia albisteak

1984ko moda, modan

Erabiltzailearen aurpegia
Elena Laka
2009-10-16 : 10:10

Orwellen "1984" lanaren berrikuspena taularatu zuen Tim Robbinsek Arriaga antzokian joan zen astean. Bertan kontatzen denak gaurkotasuna du Robbinsen ustez. Behar bada horri lotuta, 1984ko estiloa ere gaur kalean da berriro. Adi Sustatuzale gazteok: sarrera hau berrogei urtetik gorakoei eskainita dago bereziki. Berrogeitapikutarrek ondo ulertuko dute, gazteek berriz zerbait ikasi ahal izango dute.


Argazkiak.org | 2009ko udazkeneko eskaparatea © cc-by-sa: sustatu

Horra, 2009ko udazkeneko eskaparatea da, baina duela 25 urteko moda dirudi.

Kontua da azken urtetik hona, duela 25 urte adinez nagusi zirenek, gaurko erakusleihoetan modan dagoen arropak ikusterakoan, horrelako déjà vu moduko bat sentitzen dutela. Erakusleihoetan, kalean eta neska gazteen soinean ikusten den janzkerak sortzen du bizipen hori. Berrogeitapikutarrek moda hori ikusita daukatela, alegia.

Izan ere 1984 urtearen inguruan modan zegoen estiloa gaur egungoaren ia berdina da. 90. hamarkadaren hasierako minimalismoak, eta ondorengo 1960 eta 1970eko revivalak, hurrenez hurren, zokoratu zuten estiloa berriro ipini da modan. Nahiz eta 25 urte pasa, nahiz eta mendea iragan. Edo horregaitik behar bada. Modak gurpil baten antza duelako.

Ikus bestela duela 25 urte zein arropa eramaten zuten, adibidez, orduan estiloaren aintzindari ziren Donostiako neskek, eta zeuk erabaki:

  • legginak, beltzak eta koloretakoak, batzuk orpo azpitik lotuta joaten zen tira batekin.
  • barren estu-estuko prakak gorputzari pega-pega eginda.
  • legginekin, alkandora handiak, edo soineko laburrak, edo artilezko jertse handi potoloak.
  • alkandora, soineko edo jertse luzeekin zinturoi zabalak, ez gerrian, mokor parean baizik.
  • saloi-zapatak, takoidunak
  • zapi handiak lepoan, palestinarrak zein beste mota batekoak, tribuaren arabera
  • kaña luzeko botak legginen edo praken gainetik
  • belarritako oso handiak
  • txalekoak: gizonezkoen moduko txaleko txikiak edo artilezko handiak, artzainenak oroitarazten dutenak.
  • narruzko minigonak eta prakak, gerri altukoak
  • jaka amerikanoak eta beroki handiak, guztiak sorbaldakoekin
  • koadrozko alkandorak, baita ere sorbaldakoekin
  • lokarridun zapatak
  • ile kizkur-kizkurra, edo kardatua, beti bolumen askorekin
  • ile motz tenteak
  • gerrian lotutako pintzadun prakak, mokorraldean zabalak eta orkatilean estuak.

Izan gogoan "Nueve Semanas y media"ko Kim Basinger (arroparekin agertzen zen sekuentzietan), hasierako Madonna. Punki dotorea diskoteka estiloarekin nahastuta. Euskal Herrian ERE eta Itoiz. Eta hori guztia artean Inditex-en aztarnarik ere ez zegoenean.

Oraingo kalearen pareko-parekoa. Ahaztu elefante barreneko prakak, tanga bistan uzten dituzten gerri jausiak, soinari pegatutako topak, kopetiledun melena ultralisoak, folk moduko gonak, tankeen pareko zola potolodun oinetakoak. Berriro bueltatu da duela 25 urte gazte zirenek erabili zuten moda. Bueltatuko ez dena, garai hartan gazte zirenen sasoia.

Erantzun

Sartu