Ume eta une galduak
Lagun izoztuak
Martin (Daniel Fanego) eta Raul (Arturo Goetz) gerrillariak izan ziren, orain dela 30 urte. Non ez zaigu esaten, baina pertsonaien hizkera argentinarra da. Orain indusketa klandestino batean elkartu dira, beraiekin borrokan ibilitako Ezequielen hezurrak topatzeko. Hor daude halaber Ezequielen ama, andrea, beste zenbait lagun, gazte zirela borroka armatuan ibilitakoen belaunaldia, batetik, eta haien seme-alabena, bestetik.
Badirudi Isaki Lacuestak aintzat hartu duela harakoak (Hemingway ote zen?) emandako aholkua, hots, ipuin batek iceberga bezalakoa izan behar zuela: zortziren bat agerian daukana, eta gainerako guztia ezkutuan. Hemen ere hasieratik sumatzen dugu hainbat istorio, harreman eta katramila daudela ostenduta, eta apurka aterako direla agerira, kaka zaharrak bere sundaz dena estali arte. (Gaur oso literario nabilenez, pedante jarrita Lacuestaren filmaren atzean beste argentinar baten ipuina dagoela esango nuke, Borgesek idatzitako "Heroiaren eta traidorearen gaia" ezaguna, baina ez dut gehiago aurreratuko).
Okerrena da, planteamendu interesgarriarekin abiatutako filma arrankatu ezinik dabilela, eta martxan jartzerako iceberga Titanic bihurtzen dela, metaforen pilaketa barkatzen badidazue. Hondoratze horretan zerbait garbi ateratzekotan, gerrillarien seme-alabek haien gurasoekin daukaten kontu-garbiketaren beharra, belaunaldien arteko gerraren bariazio interesgarria izan zitekeena, hain asperturik bukatu ez bagenu.
Herdoilaren tristezia
In-hwa (Park Ha-seon) 18 urteko neska bat da, haur bat izan eta adopzioan eman duena. Hortik aurrera, hutsik sentitzen da, sorgorturik dabil batetik bestera, harik eta adopzio-agentziara itzuli eta haurra itzultzeko eskatzen duen arte: han, noski, ezinezkoa dela erantzungo diote.
Ideia ez da berez txarra, eta zuzendariak badaki irudi eder eta indartsuak erakusten: portu baten inguruan dabiltza denbora gehienean, ontzi-krosko herdoildu eta txatar pilen artean; horrez gain, debaldeko biolentzia-irudiak pilatzen dira etengabe, mundu krudel eta gozotasunik gabeko batean bizi garela erakutsi nahian edo. Baina (beti dago baina bat, eta zinemaldi honetan are gehiago) narrazioak ez du euskarririk, ez elkarrizketarik, ez beste baliabiderik interesari eusteko. Hau ere, azken egunotan ikusi ditugun gehienak bezala, ahazteko hobea izango da beste ezertarako baino.
Erantzunak kargatzen...